KRITIKA. Zirkua

Boschen nahiak aztergai

Bosch Dreams ikuskizuneko irudi bat.
Bosch Dreams ikuskizuneko irudi bat. ARRIAGA ANTZOKIA

Agus Perez -

2018ko urriak 28

'Bosch Dreams'



Konpainiak: Les 7 doigts de la main eta Republique. Jatorrizko ideia: Samuel Tetreault. Animazioa eta diseinua: Ange Potier. Eszena artistak: Vladimir Amigo, Sunniva Byvard, Raphael Filiatreult, Emile Mathieu, Elisa Penello, Timothe Vincent, Leah Wolff. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 26.

Jeronimo Boschen jaiotzaren 500. urtemuga 2016an izan zen, eta Herbehereetan haren omenez sortutako 500 Bosch delako fundazioak hainbat lan enkargatu zituen, arte eszenikoetan besteak beste. Haietariko bat dugu Quebecen sortu eta orain Arriaga antzokira heldu den Bosch Dreams (Boschen ametsak) ikuskizuna.

Seguruenik karteletako emakume bihurrikariaren iruditik atera dugu emanaldia zirku eszenikoaren alorrean sailkatu behar genuela, eta agian horregatik iruditu zaigu zirkua baino gehiago Errenazimendu goiztiarreko margolariari buruzko hagiografia eskaintzen zigutela; hain izan dira gutxi eta laburrak zirku-ekitaldiak eta hain mardulak eta dokumentatuak Boschen irudien azterketa, haren figuraren interpretazioa eta XX. mendeko surrealismoan izandako eragina, Daliren figura tarteko, ezinbestekoa zen legez.

Eta alde horretatik, esan beharra dago gustura egon garela informazio horiek guztiak hain modu atseginean, hain era didaktikoan, hain molde ikusgarrian jasotzen, noizean behin zirku-ekitaldiren bat edo beste haien artean tartekatzen zelarik. Neskato bat izan da kontakizun eszenikoaren gidaria edo hari eroalea, eta haren ustezko aitak gorpuztu du unibertsitate-ikerlariaren pertsonaia, bere hitzaldi akademikoa emateko atrila eta guzti. Interesgarria izan da, zinez, eszenako bazter batetik eman digun hitzaldia, eta gaztelania txukunean entzun dugu, testuaren itzultzaile profesional baten lanari esker —aldarrikatu dezagun beti itzultzaileon ezinbesteko rola munduko kulturek elkar ezagut dezaten!—. Ametsen mundurako utziko dugu hitzaldia euskaraz ere ematea, baina ulertzeko modukoa da une honetan ez dela egingarria biran dagoen nazioarteko konpainia batentzako.

Hala ere, aipatu berri dugun hitzaldia ez da hain interesgarria suertatu Boschen gaineko azterketagatik edo haren margolan nagusiak gatz eta piperrez interpretatzeagatik, irudi proiektatuen erabileragatik baizik. Fitxa teknikoari begiratu bat emanez gero, laster konturatuko gara Ange Potier argentinar-quebectarrak hartu dituela bere gain muntaia honetako bospasei arlo. Izan ere, berari zor zaio Boschen margolan nagusiei —Atseginen lorategia, Litotomia edo Zoramenaren harriaren erauzketa, Zoroen itsasontzia eta Lasto gurdia— bizitasuna eta sakontasun fisikoa eman izana, eszena edo bazter batzuk hurbiletik hartu, zenbait sakonera mailatan antolatu eta mugimendua eman dielako. Lan zoragarri horri esker inoiz ez bezalako zehaztasunarekin ikusi ahal izan ditugu margolan enigmatiko haien xehetasun asko.

Irudi eta azalpen haien artean ibili diren fantasiazko pertsonaiak eta artistak emanaldiaren ezinbesteko osagarriak izan dira —maskara bikainak eta jantzi egokiak lagun—, baina trapezioan, malabarretan, lurreko zein aireko uztaian, haga txinatarrean eta monozikloan erakutsitako maila bikaina bigarren planoan geratu da ia beti, Boschen irudien aurkezpen ahalmentsuaren eraginez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna