Presidentetzarako bozak Frantzian. Lehen itzulia

PLEBISZITU BAT DENENTZAT

Macronek herrialdearen parte handi baten haserreari egin behar dio aurre; baita beste zati baten egonkortasun eskariari ere. Le Pen inoiz baino gertuago dago agintetik, eskuin muturra indartsuen dagoen honetan. Melenchonek azken aldia du lehian. Kanpainarik bitxiena izan da, eta parte hartzea giltzarri izango da.

CC0.
ander perez zala
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

Presidentetzarako bozen eguna izan arren, TF1 telebista kateak, bere historian lehen aldiz, ez dio gau osoa eskainiko Frantziako hauteskunde zikloko hitzordurik garrantzitsuenaren lehen itzuliari; horren ordez, Les Visiteurs filma eskainiko du, 21:20etik aurrera. M6 kateak erabaki bera hartu du, eta Asterix eta Obelix: Maiestatearen zerbitzura pelikula emango du, 21:10etik aitzina. France 3k, berriz, Brokenwood telesailaren aldeko apustua egin du, 21:00etan hasita.

Ikusi gehiago:BERRIAk Frantziako hauteskundeen berri emango du gaur

Frantzian azken hamarkadetako presidentetzarako hauteskunderik bitxienak izaten ari dira. Herritarrak ez dira erabat sartu kanpainan, edo berandu sartu dira, azken unean. Oporrak gertu daude, eta bi itzuliak Aste Santuaren inguruan egingo dituzte. Eta asteotako egoera, giroa ez da batere erakargarria: koronabirusaren pandemia eta Ukrainako gerra bete-betean. Finean, ziurgabetasuna eta egonkortasunik eza nagusi diren honetan emango dute botoa, etxean eta nazioartean tentsioa handia den honetan.

Europako bigarren potentziako boto emaileak ohitu egin baitira krisietara; edo, behintzat, beren egunerokoaren parte izango direla onartzera. Eta horrek haserrea eragin du horietako askoren artean; haserrea agintariekiko eta sistemarekiko. Lehenagotik dator sentipen hori, baina batez ere Emmanuel Macronen agintaldia da errealitate horren erakusle argi bat: Benalla auzia, Jaka Horien protestak, COVID-19a, Errusiaren Ukrainako inbasioa eta azken asteko McKinsey afera —gobernuak diru publikoarekin ordaindu zion enpresa bati neurri publikoak sustatzeko aholkua emateagatik; diru zuriketa ikertzen ari da Finantzaren Ministerio Publikoa— dira kasuetako batzuk.

Batez ere azken bi urteak ez dira batere errazak izan, eta horrek, ezinbestean, kanpaina eta egunerokoa baldintzatu ditu. Baldintzatu, aurtengoa, besteak beste, eztabaidarik gabekoa izan baita. Inork ezin izan dio aurre egin Macroni plato berean; Frantziako estatuburuaren ingurukoek argudiatu zutenez, okupatuegia dagoelako Ukrainako gerrarekin eta diplomazia lanak egiten. Egungo agintariak, inoiz baino gehiago, presidente-hautagaiaren profila sustatu du. Kudeatzailearena. Esperientzia duenarena. Hori bai, erabat kanpaina egin gabe; mitin erraldoi bakarra egin du, iragan asteburukoa, eta, horrez gain, ezer gutxi.

Macronen estrategia horren atzean hipotesi bat dago: ezohiko garaietan eta egoera desegonkorretan herritarrek ez dutela agintaria aldatu nahi. Portugal da horren adibide bat —eta inspirazio iturri?—, joan den urtarril amaieran Antonio Costa lehen ministroari gehiengo osoa eman baitzioten.

Hilabete hasiera arte, eta batez ere Ukrainako gatazka hasi zenetik, hipotesi horrek askorako balio izan dio Frantziako presidenteari. Gora besterik ez du egin inkestetan, eta sentipen bat finkatu du, bozak hasiera-hasieratik erabakita daudenarena. Baina azken asteetan zera gertatu da: prezioak igotzen hasi dira, eta, horrekin batera, erosteko ahalmena bilakatu da boto emaileen kezka nagusia, gerraren ordez. Horren ondorioz, estatuburu-hautagaiak behera egin du, eta Ukrainako gerra abiatu aurreko kopuruetatik gertu iritsi da lehen itzulira. Aldaketa batekin: bien bitartean, Marine Le Pen ultraeskuindarrak eta Jean-Luc Melenchon ezkertiarrak nabarmen egin dutela gora, batez ere auzi sozialez eta erosteko ahalmenaz aritzeagatik.

Hiru blokeren arteko lehia

Philippe Marliere Frantziako eta Europako politiketan aditua da, eta irakaslea Londresko University Collegen. Haren iritziz, aurtengo bozek baieztatu egin dute 2017an gertaturiko paisaia politikoaren aldaketa, berritasun batekin: hiru blokeren osaketara bidean doala. «Batetik, Macronen blokea dago; zentrista da, baina eskuinera egiten duena. Bigarrenik, eskuin nazionalistarena dago, eskuin muturrarena, Le Penek eta [Eric] Zemmourrek osatzen dutena. Eta, hirugarrenik, ezker zatitu eta ahulduarena dago; krisian dagoen ezkerrarena».

Inkestei erreparatuz gero, herritarren hautuek joera eta ordena hori adierazten dute: Macronek jasoko luke babesik handiena, batez beste botoen %26 inguru bilduta, eta haren atzetik leudeke Le Pen (%21) eta Melenchon (%17). Hortaz, printzipioz, aurten ere 2017ko lehia bera espero da hilaren 24an egingo duten bigarren itzulirako; hau da, presidentearen eta hautagai ultraeskuindarraren artekoa.

Le Pen duela bost urtekoa baino kanpaina hobea egiten ari da asteotan. Oraingoan, immigrazioaz eta gerra kulturalaz aritu beharrean, bizitzeko zailtasuna eta egunerokoaren garestitzea jarri ditu diskurtsoaren erdigunean, batez ere Errusiaren Ukrainako inbasioa hasi zenetik, eta horrek mesede egin dio; hori bai, bere programa eskuin muturrekoa da oraindik ere.

Zemmour aurkeztu izanak ere lagundu dio zeregin horretan eta bere burua zuritzeko helburuan. Marlierek oroitarazten duen modura, polemistaren profila Le Penena baino erradikalagoa da, eta herritar batzuek, konparazioa egitean, beste modu batera ikusten dute RN Batasun Nazionalaren presidentegaia. Kasu adierazgarri bat Ukrainako errefuxiatuak dira: herritarren —eta bi hautagai horien oinarrien— gehiengo zabala iheslariak hartzearen alde daude, eta Le Penek jarrera hori defendatu du. Zemmourrek, aldiz, ez.

Labur esanda: Le Penek ez du duela bost urteko arbuiatze bera eragiten gaur egun, eta ikusirik RNren hautagaiak irabazteko aukera handiagoak dituela polemistak baino, azkenean, baliteke herritar gehiagok ere Le Penengana jotzea, Macronen garaipena ez errepikatzeko.

Kasua edozein dela ere, eskuin muturrak inoizko babesik handiena lortuko luke gaur, inkestei erreparatuz gero. Inoiz baino indartsuago dago, Zemmourrek abstentzionista batzuk erakarri dituelako, baita LR Errepublikanoak alderdiko zenbait boto emaile ere. Are, Marlieren arabera, ultraeskuina da «gora egin duen indar bakarra» aurtengo kanpainan, ideologia horren ideiak normalizatu izanak elikatu baitu horien arrakasta.

Hedabideen rola da arrazoietako bat, baina Macronen gobernua eta ministroak ere erabakigarriak izan dira horretan. Marlieren ustetan, presidentearen estrategiaren ondorio izan da: «Egin duen kalkulua da eskuin muturra garaitzeko haren terrenoa okupatu behar zuela ideien arloan eta politiketan. Adibidez, [Barne ministro Gerald] Darmaninek Le Peni eztabaida batean esan zionekoa islamaren inguruan oso lasaia izaten ari zela. Separatismoari buruzko legea ere hor dago, eta musulmanen eta migratzaileen kontrako diskurtsoa. Aurkariaren ideiak hartzean, horiek zilegi bilakatzen dituzu; sinesgarri. Eta aurkaria, jaitsi beharrean, indartu egiten duzu».

Azken asteetan dinamika positibo batean sartu da Le Pen, eta presidentearekiko tartea txikitzen aritu da bozketa eguna gerturatu ahala. Horren aurrean, Macronek beldurraren, mehatxuaren eta boto antifaxistaren argudioa erabili du berriz, duela bost urte egin zuen modura; ziurrenik, uste duelako balitekeela bigarren itzulian galtzea. Inkestak, behintzat, aukera hori hizpidera ekartzen aritu dira pixkanaka.

Le Penekin batera gora egin duena Melenchon izan da, hark ere jakin izan baitu kanpaina ona egiten, 2017an bezala, herritarren kezkak lehenesten, eta, aurten, boto emaile askok Macronekiko duten haserrea baliatzen; gainera, eskuin muturrekoarekin gertatu bezala, ez dio kalterik egin iraganean Vladimir Putin Errusiako presidenteaz esandakoek. Hori bai, hor amaitzen dira bi presidentegai horien arteko puntu komunak, biek ala biek kontrako ikuspuntua baitute Frantziaren eta Europaren etorkizunez.

Marlierek aipaturiko hiru blokeen errealitateak agerian utzi du ezkerrean ere aldaketa handiak izan direla azken hamarkadan. Melenchonek PS Alderdi Sozialistaren hondoratzea baliatu du ezkerrean indartsuena izateko, nahiz eta abilezia hori soilik presidentetzarako bozen kanpainetan islatu den; PSri, berriz, kontrakoa gertatzen zaio: sustrai lokalak dituelako irauten du oraindik bizirik, eta herriko eta eskualdeetako bozetan emaitza onak izan dituelako. Baita ekologistek ere.

Ezkerra ahulduta dago

Testuinguru horretan, Frantziako ezkerra «ez da inoiz hain zatitua eta ahuldua egon», Londresko University Collegeko irakaslearen ustetan. Azken agintaldian askotan aipatu da sektore ideologiko horretako alderdiak elkartzeko beharra, eta hautagai eta programa bateratu bat adostea, baina, azkenean, ez da horrelakorik gertatu.

«Melenchonek kalkulu bat egin zuen, nire ustez txarra dena. 2017an jaso zuen babes horretan, %20 horretan, denak haren aldekoak zirela. Hori ez da egia, erdiak boto taktikoagatik egin baitzuen haren alde. Aurten gauza bera gertatuko da. Melenchonen aldekoak ez diren askok pentsatzen zuten batasunaren buruzagi izateko eskubidea zuela duela bost urte jasotako babesagatik. Zergatik ez du ezkerra elkartu? Bakarrik irabazi nahi duelako. Komunistek eta berdeek babestu izan balute, bigarrena izango zen; edo hortik gertu. Hori ez egiteagatik, ziurrenik 2017an baino emaitza txarragoa izango du [gaur]».

Boto taktikoaren ideia ere aipatu da azken asteetan Frantzia Intsumisoko liderraren gorakada azaltzeko. Melenchonek bi erronka izan baititu gaurko: batetik, 2017ko oinarria berreskuratzea, eta, bestetik, ezkerreko beste alderdietako boto emaileak eta abstentzionistak konbentzitzea. Azken xede horretan, batez ere, PCF Frantziako Alderdi Komunistaren oinarriari begira jarri da; PCFk Melenchonen alde egin zuen 2012an eta 2017an, baina aurten Fabien Roussel idazkari nazionala aurkeztea erabaki du, zeina %4aren inguruan dagoen inkestetan.

Ikusteko dago, hortaz, komunisten boto emaileek zer egingo duten: beren hautagaiaren alde egin, ala Macron eta Le Peni aurre egiteko ezkerrean aukera handienak dituen presidentegaiarengana jo. Gauza bera gertatzen da PSren eta berdeen boto emaileekin, Anne Hidalgo sozialistak eta Yannick Jadot ekologistak ez baitute lortuko bigarren itzulira pasatzeko nahikoa babesik. Marlieren arabera, PSren hautagaiaren kanpaina «lotsagarria izan da, gaizki prestatua eta bere izaera sozialdemokratatik» aldendua. «Zaila da hark eta Macronek diotena desberdintzea. Ez da aurkeztu irabazteko».

Jadoten kasuan, «baditu ezkerra elkartzeko gaitasunak», baina ez du Melenchonek duen dohain mediatikoa ikusgarria izateko, ezta «esperientziarik» ere. Hori bai, ekologistak «etorkizun handiko indar bat» dira.

Egiari zor, ezkerraren batasunaren auzian, alderdiek eta buruzagiek egin dituzte saiakerak, baina, azkenean, marketinetik gehiago izan dute egiazko dinamika batetik baino.

Eskuina desagertu egin da

Duela bost urteko bozekin konparatuz gero, eskuin tradizionalaren hautagaia da goiko postuetan falta dena. Hor baitago Macronen bilakaeraren eta babesaren gakoetako bat: 2017an PSren oinarria hautsi zuen, eta oraingoan gauza bera egin du beste aldearekin, LR Errepublikanoekin. Agintaldian eskuinera biratuta, presidenteak lortu du LR-ren boto emaile asko erakartzea —batez ere moderatuagoak eta europazaleagoak direnak—, eta horrek azaltzen du, hein batean bada ere, aurtengo hautagaiaren egoera; Valerie Pecressek eskuinera begirako kanpaina egin du, baina horrek ez dio funtzionatu, eta %10aren inguruan legoke gaur.

Marlieren ustetan, LR-ren hautagaia «espaziorik gabe» geratu da Macronen eta eskuin muturraren artean, eta boto emaile asko uxatu ditu kanpainan ultraeskuinaren ideia batzuk aipatuta; kasurako, Ordezkapen Handia teoria. «Ez dago hori baino teoria faxistagorik. Barne zatiketa elikatu du [Pecressek], eta %10etik behera geratuko balitz, ziurrenik bereizketak egongo dira. Batzuk Zemmourrengana joango dira».

Eskuin tradizionalarentzat, bigarren aldiz jarraian bigarren itzulirako ez sailkatzea oso traumatikoa izango da. 2016-2017ko esperientziak zapore oso txarra utzi baitzuen LRn: hautagai askoko bigarren primarioak izan ziren —2006koetan jakina zen Nicolas Sarkozyk erraz irabaziko zuela—, eta, azkenean, François Fillon eta Alain Juppe lehen ministro ohien arteko lehia finkatu zuten. Fillonek bigarren itzulian irabazi zuen, botoen %66,5ekin, eta dena zuen aldeko Frantziako presidente bilakatzeko; faborito zena, ordea, erori egin zen, Le Canard Enchainé astekariak lanpostu faltsuen kasua argitara atera ostean.

Frantziako presidentetzarako bozen kanpainak ezagunak dira sorpresa eta ezusteko asko izaten direlako horietan. Duela bost urtekoan Filloni gertaturikoa izan zen erabakigarriena, eta aurten pandemiari gehitu behar zaizkio Zemmourren hautagaitza eta Errusiaren Ukrainako inbasioa, esaterako. Denak erabakia zirudien gaurko eta hilaren 24ko bozetarako, baina orain dena ez da hain ziurra.

Macron sistemaren hautagaia bada, agerian geratu da Le Pen eta Melenchon direla sistema erreformatu edo aldatu nahi dutenen presidentegaiak. Bi norabideren arteko hauteskundetzat ere jo daitezke aurtengo presidentetzarakoak; baina egoera ezin bitxiago eta ezohikoagoak zalantza asko eragin ditu.

Estatuburuak herrialdearen parte handi baten haserreari egin behar dio aurre, eta beste zati baten egonkortasun eta ziurtasun eskariak asebete behar ditu; Le Penek hirugarren aldia du, eskuin muturra indartsuen dagoen honetan, eta ez badu oraingoan garaipena lortzen, barne kritikak ugarituko zaizkio, bere burua zuritzeko estrategiak ez diolakoan balio izan. Melenchonek ere hirugarren presidentetzarako bozak ditu, eta, esan duenez, azkenak izango dira hautagai gisara. Hark ez ezik, haren mugimenduak ere asko du jokoan.

Herritarren parte hartzeak ere zeresan handia emango du. Baliteke abstentzioa inoizko handiena izatea estatuburua aukeratzeko hauteskundeetan —%29-30 ingurukoa—, inkesten arabera, eta horrek zenbait hautagairen babesa baldintzatuko du. Marlierek dioen modura: «Garai lurrunkorrak dira, eta herritarrak haserre eta galduta daude. Ez dago botoa eta paisaia politikoa egituratzen duen alderdi handirik». Ezustekoen asteak izan daitezke; bada horretarako zirrikiturik, duela bost urte bezala, herritar askok azken unean erabakiko baitute noren alde bozkatu.

Eta errealitate kurioso bat: XXI. mendean ez du inork lortu Frantziako presidentetzarako bi hauteskunde jarraian irabaztea. Sarkozy 2007an gailendu zen, baina 2012an François Hollanderen kontra galdu zuen. 2017an Hollandek ez aurkeztea erabaki zuen, lehen agintaldiaren ondoren ospe oso txarra zuelako herritarren artean; Macron izan zen garailea orduan. Aurten, badirudi egungo estatuburuak joera hori hautsiko duela. Printzipioz, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.