Krisi politikoa Grezian. Hauteskunde aurreratuak. SOSLAIA. Alexis Tsipras

Europako ezkerraren esperantza

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 30
«Greziako Gobernua urrats batera dugu». Orain urtebete Alexis Tsipras Syrizako buruak (Atenas, 1974) eginiko hitzak dira. Herrialdean ezarritako austeritate politiken aurkako apustuari eusteko, Pasok alderdiarekin akordioa egiteari uko egin zion orduan, eta sozialdemokratek Demokrazia Berriarekin hitzartu zuten gobernua. Ezin esan daiteke Tsiprasek ideiei bizkar ematen dienik, eta hasi da jarrera horren etekinak jasotzen. Inkestenen arabera, boz aurreratuak irabaziko ditu Syrizak.

Hiru urte eskasetan goitik behera aldatu da Tsiprasen bizitza. 2009. urtetik da parlamentaria Greziako Legebiltzarrean, baina apenas ezagutzen zuen inork herrialdetik kanpo. Egun, ordea, Europako ezkerreko alderdien esperantza da, izar mediatiko moduko bat. Europako Ezkerreko Alderdiaren Europako Batzordeko presidentegaia izan zen maiatzeko bozetan.

2012ko legebiltzarreko hauteskundeen ostean eman zuen jauzia nazioarteko hedabideetara. Krisitik ateratzeko Greziarako proposaturiko austeritate neurrien aurkako kanpainak hauspoturik, Syriza herrialdeko bigarren indarra bilakatu zen.

Merkatuen amesgaiztoa ez ezik, hedabide kontserbadoreenen jomuga ere bihurtu zen. «Erdi kriminala da; indarkeria anarkista modu irekian babesten du». Horra Bild Alemaniako egunkariak politikariaz emandako definizioa.

Syrizaren gorakadak Europako agintariengan sortutako egonezina baretzearren, Berlinera egin zuen bisita Tsiprasek bozen ostean, haren jarrera azaltzeko. Austeritatea da haren etsaia, ez euroa.

Europa astintzen duen beste mehatxu baten aurkako itxaropena ere bada Tsipras: faxismoa. Krisiak pobretutako eta sumindutako herritarren aurrean Egunsenti Urrekara alderdi neonaziaren ereduaren bestelako irtenbidea eskaintzen du.

Ezagutzen dutenek diote langilea, zorrotza eta hotza dela. Adeitsua ere bada, eta jendearekin ongi moldatzen da. Kaleko hizkuntza erabili ohi du hitzaldietan, gertukoa, eta mitinetan jendearekin nahastea gogoko du. Jendea baita haren hitzaldien ardatza, eta hor datza alderdiaren indarra, Tsipras beraren arabera: «Syriza ez da inoiz plazetatik atera, eta hor datza gure arrakasta».

Junta Militarra erori eta hiru egunera jaio zen Tsipras. Ingeniaritza Zibileko ikasketak egin zituen, eta gaztetatik oso ikasle konprometitua izan zen; 1990eko hamarkadaren hasieran, 17 urte zituela, Hezkuntza ministroaren lege eztabaidatsu baten aurkako ikasle protesta gidatu zuen. Telebistan emandako elkarrizketa batek ikasle mugimenduaren aurpegirik ezagunena bihurtu zuen.

Unibertsitatean hiru urtez jarraian aukeratu zuten Greziako Ikasleen Batzar Nagusiko ordezkaria. Ikasketak burutu ostean, Synaspismos alderdiko gazte mugimenduaren buru izendatu zuten.

2006an eman zuen politika profesionalerako jauzia, Atenasko udal bozetara aurkeztean. 2008an, 33 urte zituela, Synaspismos alderdiak inoiz izandako buruzagi gazteena hautatu zuten. 2009an lehen aldiz aurkeztu zen legebiltzarreko bozetara, eta Syrizak ezkerreko koalizioaren buruzagitza hartu zuen aho batez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna