Albistea entzun

Klima aldaketa. Elisa Sainz de Murieta. BC3ko ikertzailea

«Neurriak orain hartu behar dira; ezin dugu itxaron»

Konfiantza du Parisko Akordioan, eta arrakasta iruditzen zaio hainbeste herrialdek sinatu izana, baina, helburuak jartzeaz gain, ekintzak eskatu ditu orain.
IÑIGO SIERRA / BC3 Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2018ko abuztuak 16

Klima-aldaketa prozesu batean gaudela uste du Elisa Sainz de Murieta (Bilbo, 1977) klima aldaketa ikertzen duen BC3 taldeko ikerlariak ere. Ohartarazi du ezin dela hamar edo hogei urte itxaron hari aurre egiteko politikak martxan jartzeko.

Aurtengo udan inoiz baino oihartzun gehiago izaten ari dira klima aldaketarekin lotutako gaiak. Benetan premiazko egoera batean gaudela ondoriozta daiteke?

Azken urteetan klima aldaketan dihardugun zientzialariok ikusten ari gara aurriekusitako hainbat aldaketa gertatzen ari direla. Oso adibide argia da tenperatura igoera. Azken hiru urteak (2015, 2016, 2017) erregistro historikoko beroenak izan dira, eta, datuen arabera, 2018a ere beroenen artean egongo dela dirudi. Muturreko gertakariak ere jazo dira; aurten, suteak eta bero boladak bereziki bortitzak izan dira, baina gogora dezagun iaz ere izan genituela, baita hainbat uholde eta urakan ere. Zientzialari askoren iritziz, klima aldaketa ikertzetik klima-aldaketan bizitzera pasatu gara, New York Times-n berri batean jaso denez. Gure gizartearentzat, ekonomiarentzat eta ingurumenarentzat bortitzak izango diren aldaketak eragotzi nahi baditugu, neurri asko orain hartu behar dira: ezin dugu hamar edo hogei urte itxaron.

2017an berriz ere handitu zen berotegi gasen isurketa munduan. Esan daiteke Parisko akordioek ez dutela behar bezalako ondoriorik izan?

Parisko Akordioaren helburua da munduko batez besteko tenperatura 2 gradu baino gutxiago igotzea industriaurrearekin alderatuta, 1,5 gradura mugatzeko ahalegin guztiak egiteko konpro- misoa ere hartuta. Anbizio handiko helburua da hori, oso-oso egokia, eta helburu hori 200 herrialdek berretsi dute. Gogora dezagun AEBak izan ezik munduko beste herrialde guztiek babesten dutela, eta horrek balio handia du.

Baina ez al da jadanik huts egiten ari?

Akordioak badauzka aurreko itunetik desberdinak diren hainbat elementu: nabarmenena, behetik gorako egitura. Hainbat herrialdek berotegi gasak murrizteko konpromisoa hartu dute. Lehenengo konpromiso txandan proposatutako murrizketak oraindik helburutik urrun daude. Baina Parisko Akordioak aurreikusten du konpromiso horiek bost urtean behin berrikustea, eta herrialdeek proposatzen dituzten neurriek beti maila handiagokoak izan beharko dute. Nik konfiantza daukat Parisko Akordioan: oraingoz, lortutakoa ez da nahikoa, baina bide onean jarri gaitu. Ikus dezagun hurrengo goi bileretan ze aurrerapauso dauden. Helburua lortzeko aukera hor dago oraindik, baina ekin behar diogu.

Munduko agintariek behar bezain serio hartu dute gai hau, zuen iritziz?

Lehen esan bezala, Parisko Akordioa munduko herrialde guztiek sinatzea [orain AEBek izan ezik] arrakasta handia izan zen niretzat. Ikaragarria da berrehun herrialde bide berean jartzea. Pentsa dezagun, adibidez, gurearen moduko herrialde txiki batean zenbat kostatzen zaigun akordioak lortzea... Bestalde, iruditzen zait etxera itzultzerakoan gobernuek beste arazo asko dituztela, eta maiz klima aldaketa ez dagoela lehentasunen artean. Lau urteko ziklo politikoek ere ez dute laguntzen epe luzeko politikak ezartzen... Eta agian saltsan sartzea izango da, baina ez dezagun ahatz ere politikariek hein handi batean gizartearen eskaerei eta lehentasunei erantzuten dietela, eta ez dut ikusten gizartea oraindik gai honekin buru-belarri inplikatu denik.

Gizartearentzat ez da lehentasuna, alegia.

Europan eta Euskal Herrian izandako krisialdiak ere egoera latzak utzi dizkigu, epe laburreko beharrak dituzte askok, eta klima aldaketa etorkizuneko kontu bat balitz bezala ikusten da; nik hori ere ulertzen dut.

Zientzialariek iragarri dituzten aldaketen egutegia betetzen ari dela esan daiteke, edo are eta azkarrago doa berotze prozesua?

Modelo klimatiko asko dago, eta horiek guztiek zehaztutako tenperatura tarteekin lan egiten dute. Oro har, jasotzen diren datuak modeloek aurreikusitakoaren tartean daude. Tenperaturari dagokionez, erregistroak modeloek aurreikusitako beheko mugarekin datoz bat. Itsas mailari dagokionez, ordea, neurtutako igoera goiko mugatik igarotzen da.

Atzera-bueltarik gabeko prozesu batera iristeko arriskuaz ohartarazi dute hainbat zientzialarik PNAS aldizkarian. Zer iritzi duzu?

Maila handiko zenbait zientzia ikerketatan oinarritzen da analisi hori, eta mamitsua eta interesgarria da, arlo biofisikoa eta soziala hausnarketa berean integratzen dituelako. Haiek ez dira, hala ere, atzera-bueltarik gabeko prozesuetaz hitz egiten lehenak; haien lana kezka handiko garai batean argitaratu da, hori bai. Klima sistemaren mugak gainditzeko arriskuak gero eta gehiago ikertzen ari dira. BC3 lanean ari den Europako proiektu batean ere uztartzen ditugu. Ez dakigu zehazki muga hori non dagoen. Ikerketa honetako egileek iradokitzen dute tenperatura bi gradu igotzea bera ere muga bat izan zitekeela, baina ez dago horren ebidentzia zientifikorik. Argi dago, hala ere, tenperatura igotzen den heinean muga horretatik gertuago egongo garela. Hori ikusita, egileek esaten dute arrisku gutxiko politika bati jarraitu beharko geniokeela, eta ni, oro har, bat nator horrekin.

Ondorio kate bat edo domino efektuko prozesu bat aipatzen dute zientzialari horiek. Uste duzue hurbiltzen ari garela egoera horretara?

Oso galdera zaila da. Klima sistema oso konplexua da, eta horrelako egoerak ez ditugu izan azken ehunka mila urteetan; gauza asko ezezagunak dira haien guztien arteko erlazioetan. Aurreko galderan esan bezala, berotegi gasen isuriek gora jarraitzen badute, horrelako prozesuak pizteko arriskua badago, baina ez dakigu muga noiz gurutzatuko dugun eta prozesu horiek guztiek denboran noiz gertatu daitezkeen. Galdera da: arrisku hori hartu nahi dugu, edo hobe genuke arazoari lehenbailehen heldu, amildegira gehiegi gerturatu beharrean?

Mezu katastrofista samarrak direla pentsa dezake herritar arruntak, eta gerta daiteke ondoriorik gabe geratzea zientzialari komunitateak egiten dituen deiak. Zer iruditzen zaizue?

Hala da: komunikazio aditu askok esaten dute ez dela biderik onena. Alde batetik, nik uste dut badagoela frustrazio pixka bat. Zientzialariok ebidentziak, datuak eta egon daitezkeen ondorioak aztertzen ditugu, eta iruditzen zaigu askotan gaiari ez zaiola heltzen behar den prestasunaz eta sendotasunaz. Beste alde batetik, baditugu komunikatzeko beste tresna batzuk ere, agian gehiago uztartu beharko genituzkeenak.

Zeintzuk, adibidez?

Klima aldaketari aurre egiteko neurriek izan ditzaketen ko-onurak. Oso argia den bat osasunari lotzen zaio, aire kutsadurak sortzen duen kalteari, zehazki. Garraioak eragiten dituen isurketak murriztea lortuko bagenu, klima aldaketari aurre egingo genioke, baina, aldi berean, airearen kalitatea hobetuko genuke gure hiri eta herrietan. Horrek onura argiak ditu osasunean. Beste adibide bat bioaniztasunarekin eta berdeguneekin lotu daiteke. Izan ere, ekosistema asko karbono hustulekuak dira, eta haiek babestea ona litzateke, ez bakarrik klima aldaketa politikei begira, baizik eta baita bioaniztasunaren eta naturaren babesari begira ere. Hirugarren adibidea ekonomiari lotutakoa da. Hainbat eta hainbat ikerketa daude zera ondorioztatzen dutenak: klima aldaketari aurre egiteko politikak ezartzea askoz merkeagoa izango dela haren eraginak sufritzea baino. Iaz AEBetan egondako muturreko gertakariek soilik 300.000 milioi dolarren kalteak eragin zituzten. Aurtengo uztailean, Kaliforniak 100 milioi dolar baino gehiago gastatu ditu suteak kontrolatzen.

Munduan gertatzen ari diren suteak, muturreko tenperaturak, lehorte larriak eta bestelakoak klima aldaketaren froga dira, edo soilik gertakari bakanak edo momentukoak?

Ezin esan daiteke klima aldaketak, adibidez, suteak sortu dituela, baina bi gauza argi esan ditzakegu: bat, klima aldaketak gertakari horiek sortzeko baldintzak areagotzen dituela; eta bestea, gertakari horiek denak bortitzagoak direla klima aldaketaren ondorioz.

Egoera honetan, ba al dago itxaropenerako tarterik?

Klima aldaketa arazo larria izanda ere, baikortasunerako arrazoiak ere ikusten ditut. Parisko helburuetara iristeko oraindik ahalegin handiagoa egin beharra dago, dudarik ez, baina egia da, era berean, hainbat herrialdek dagoeneko abian jarri dutela hori lortu ahal izateko trantsizio energetikoaren prozesua. Urtero, klimaren goi bileretan, zenbait herrialdetako agintari gorenek parte hartzen dute, eta horrek erakusten du gaia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela herrialdeen agenda politikoan. Sektore pribatuak eta eragile ekonomikoek ere ikusten dute karbono urriko etorkizun batera jo beharra dagoela. Iaz, adibidez, AEBetako barne produktu gordinaren erdia baino gehiago ordezkatzen zuten hiri, estatu eta enpresak goi bilera batean izan ziren, AEBei Parisko Akordioaren barnean jarraitzeko deia egiteko. Esango nuke norabide onean ari garela pausoak ematen.

Polikiegi, agian?

Kezkatzen nauena horixe da, ea motelegi ez ote goazen, eta, horrez gainera, ea behar bezala babesten ari garen ibilbide horretan klima aldaketaren efektuak era bortitzagoan pairatuko dituztenak, gizarteko sektore pobre eta hauskorrenak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitziber Sarobe eta Ainara Kaltzakorta, atzo, Ekotopaketen lehen mahaietako batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Kolektiboki ekiteko dei ozena

Maite Asensio Lozano

Krisi ekosozialari nola erantzun aztertzeko, Ekotopaketak egiten ari dira asteburuan Portugaleten, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean
Los Arcos zirkuituaren inaugurazio ekitaldia, 2010eko ekainean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Los Arcos kostatu zenaren %10ean saldu du Nafarroako Gobernuak

Joxerra Senar

Gobernuko arduradunak pozik agertu dira salmentarekin, urtero lau milioi euroko gastua baitzuen zirkuituak. Zazpi milioitan saldu dute
Ikoitz Arrese, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

EH Bilduk harreman fase bat hasiko du eragileekin hezkuntza legeaz aritzeko

Irati Urdalleta Lete

Ikoitz Arrese legebiltzarkideak «patxada eta ausardia» eskatu dizkio Jaurlaritzari. Bildarratzek eragileekin mintzatzeko prestasuna erakutsi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...