Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Hirugarren gradua eta zigorra Donostian betetzeko aukera ukatu dizkiote Majarenasi

Publizitatea

Politika

Hirugarren gradua eta zigorra Donostian betetzeko aukera ukatu dizkiote Majarenasi

Izarrekin plataformak salatu du Majarenas eta alaba indarkeria matxistaren eta estatuaren biktima direla. Izarrek ikasturtea Donostian has dezala eskatu dute. Irailaren 3rako manifestazioa antolatu dute, Donostian
Izarrekin plataformak eginiko prentsaurrekoa, atzo.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-07-13 / Iosu Alberdi

Astelehenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak hirugarren gradua ukatu zion Sara Majarenas euskal presoari. Eta, atzo, zigorra Donostian betetzeko eskatzen zuen helegitea ere, Izarrekin plataformak jakinarazi duenez. Aurretik, baldintzapean aske geratzea ere ukatu zioten. Majarenasek zigorraren %95 betea du, eta, aldaketarik ezean, apirilaren hasieran irtengo da libre. Plataformak Majarenasen alaba Izarren egoeraren berri ere eman zuen atzo, Donostian egindako prentsaurrekoan.

Majarenasen ama Kontxi Ibarretak eta Araitz Zubimendik azpimarratu dute haurrak «inguru seguru eta egonkor baten beharra» duela. Plataformak adierazi du iritzi bera duela genero indarkeria jasandako haurretan aditu den Izarren Madrilgo psikologoak ere. Bere herrian finkatzeko premia duela azaldu dute, eta azpimarratu hori irailean ikasturtea hasi aurretik egitearen garrantzia. Aldaketa orduan egiten ez bada, Izarrek Madrilen hasi beharko du ikasturtea, eta apirilean, bere ama aske geratzearekin batera, Donostiara lekualdatu. Izar dabilen haur eskolak abuztuan itxiko ditu ateak irailaren 11ra arte. Bitartean, 42 egunez, Izarrek egunean 21 ordu etxetik atera gabe igaro beharko ditu. Majarenasek egunean hiru ordu irteteko baimena besterik ez du.

Bestalde, joan den larunbatean izan zuen bere lehen baimena Majarenasek, baina hura «oso mugatua eta baldintzaz betea» izan zela salatu dute. Plataformakoen esanetan, gainontzeko emakumeek urtean 36 egunetako baimenak dituzte, baina Majarenasi oraingoz sei besterik ez zaizkio onartu. Horrez gain, Majarenasi hamabi ordura mugatzen zaizkiola azaldu dute, eta Donostiara etortzea galarazi. «Diskriminazio argia jasaten dute», salatu dute.

Biktima bikoitzak

Plataformak adierazi du ama-alabek«bi biktimizazio mota» bizi dituztela. Lehena, duela sei hilabete jasaniko eraso matxistaren ondorioz: «Gizon biolento eta matxista hark» alabaren aurka eginiko eraso zuzena. Orduan, Izar ospitaleratua izan zen.

Bigarren biktimizazioa sistema juridiko-penaletik eta instituzioetatik iritsi dela salatu dute. Madrilgo Erkidegoak ama-alabak genero indarkeriaren biktima gisa aitortu arren, «erasoak» jasaten dituztela adierazi dute. Majarenas jasotzen ari den tratua bigarren biktimizazio horren adibide argia dela azaldu du plataformak. «Nola izendatu behar ditugu Izar eta Sara egoera honetan mantentzen dituztenak?», galdetu dute.

«Izar Sararekin ikastolara»

«Urrats berri bat» egiteko garaia dela uste du Izarrekin plataformak. Horregatik, irailaren 3rako manifestaziora deitu du. Manifestazioa Donostiako Bulebarretik abiatuko da, 13:30ean, Izar Sararekin ikastolara lelopean. Majarenas eta alaba, «edozein ama-alabak bezalaxe, merezia eta beharrezko duten bizitza normalizatu bat garatu ahal izatea» eskatu nahi dute mobilizazioarekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak