Koronabirusa

Beste 41 paziente daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan

Positibo tasa %11,6koa da Hegoaldean. Iparraldean osasun ziurtagiriaren kontra bildu dira

Osasun ziurtagiriaren kontrako protesta bat, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Azken datuen arabera, hozka batez apaldu da Hegoaldean COVID-19agatik ospitaleratu dituzten pazienteen kopurua: herenegun 41 lagun ospitaleratu behar izan zituzten, bezperan baino hamabost gutxiago. Bestalde, ospitaleetako ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 87 eri artatzen ari dira, ostegunean bezainbat.

Aste honetako erietxeratze kopururik apalenetakoa izanik ere —iragan astelehenean 33 erietxeratze izan ziren—, kutsatze berrien kopurua handia da oraindik. Atzo, erraterako, COVID-19a atzemateko 8.382 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian: horietako 969ri atzeman diete gaitza. Hala, positibo tasa %11,6koa da —OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria gaitza kontrolpean edukitzeko langa—. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien, PCR eta antigeno probak kontuan hartuta: 408 dira lurralde horretan positibo eman dutenak. Nafarroan, 213 kasu berri atzeman dituzte; Gipuzkoan, 191; eta Araban, 137. Gainera, Hego Euskal Herrian bizi ez diren beste hemezortzi laguni ere atzeman diete gaitza.

Iparraldean, okerrera

Ipar Euskal Herrian ere birusaren oldarraldia handia izaten ari da. Iparraldea barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan intzidentzia tasa 279koa da zazpi eguneko, eta, hala, prefeturak neurriak gogortuko ditu asteartetik aitzina. Osasun ziurtagiria beharrezkoa izanen da merkataritza gune handietara sartzeko. Lapurdiko bi guneri eraginen die neurri berriak: Angeluko BAB2 guneari eta Baionako Ametzondori.

Anartean, osasun ziurtagiriaren kontrako protestek ez dute etenik. Atzo, Baionan eta Hendaian (Lapurdi) milaka lagun batu ziren ziurtagiriak askatasun indibidualak murrizten dituela salatzeko —beharrezkoa da hainbat leku publikotara sartzeko—. Uztailean hasi ziren protestak, eta, geroztik, larunbatero biltzen dira neurria gaitzesteko. Bosgarren protesta izan zuten atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.