Bakoitza bere abiaduran

Altunaren ustez, Lasok jokoaren erritmoa ezar dezala eragoztea da igandeko finalerdikoaren gakoa. Pilota ezberdinak aukeratu dituzte, baina gustura gelditu dira biak saskiarekin

Jokin Altuna eta Unai Laso igandean utziko dituzten pilotekin, atzo Bizkaia pilotalekuan eginiko aukeraketan. L. J. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Jokin Altuna ez da fio Unai Lasoz. Eta ondo egiten du. Amezketarrak laugarren urtez jarraian lau eta erdiko finalean sartzeko aukera du etzi Bilbon, eta, horrexegatik, bera da faborito garbia, baina ondo daki ez duela lan erraza izango. Ez da apaltasun faltsuaren zantzua; atzoko pilota aukeraketan argudio sendoak eman zituen erne egoteko. «Txapelketa guztian pilotari handien aurka jokatu du Lasok, eta ondo aritu da. Elezkanori irabazi zion lehenbizi, Bengoetxea eta Artolari ligaxkan, eta 21 tanto egin zizkion Ezkurdiari. Hori ez da kasualitatea».

Altunak, izan ere, ondo ezagutzen du aurkaria, eta badaki gora egin duela azken urtean. «Pilotari on bati irabazten badiozu, berriz ere irabaz diezaiokezula sinesten duzu. Lasok hori egiteko gai dela sinetsi du, eta horrek oso arriskutsu bihurtu du». Amezketarrak argudio psikologikoetan sakondu zuen. «Oso zentratuta ikusten dut. Dohain harrigarriak ditu, baina lehen partidatik irteten zen noizean behin, eta tanto batzuek ihes egiten zioten. Orain ez zaio gertatzen. Udan, Bilboko torneoko finala jokatu nuen haren aurka, eta egurra eman zigun».

Amezketakoak aurkariaren partidak ikusi ditu. Haren jokoa aztertu du, eta badaki zertan jarri behar duen arreta. «Orain arteko partidetan, Lasok ezarri du erritmoa. Berak bizi jokatu nahi izaten du, baita lortu ere. Nik nola edo hala eragotzi behar diot hori». Altunaren diagnosiarekin bat egin zuen Lasok. «Irabazteko, abiadura eman behar diot pilotari, hark baino gehiago, eta deseroso jokatzera behartu. Eta, noski, opari gutxi egin; bestela, jai dut». Iazko finalean, Ezkurdiak abiadurari esker irabazi zion, eta bide horri eutsi nahiko lioke.

Baina posible al da Lasok Altunari ezustekoa ematea? Altunak garbi du baietz, baita gazteak ere. «Ezkurdiaren aurka partida handia egin nuen, eta azken txanpako txakalaldian egin zidan ihes. Egun hartan bezala jokatzen badut, edozeinen aurka irabaz dezaket». Lasok hobera egin du azken urtean, agerikoa da, eta horretan ere bat dator Altunak egin zion erradiografiarekin. «Kontzentratuta hasten naiz; erregulartasuna lortu dut partidaren barruan. Tantoetan sufritzen ikasi dut, gehiago lantzen. Lehen, huts asko egiten nituen bizkorregi bukatu nahi izateagatik». Gazteak, gainera, libre jokatzea lortu du. «Berak nik baino presio handiagoa jasan behar du; txapeldun handia da. Nik, berriz, gozatu egin behar dut. Aspaldi ez nuen txapelketa honetan adina gozatzen».

Partidari buruz mintzatu ziren pilotek zeresan gutxi eman zutelako. Altunak baxuagoak aukeratu zituen (104 eta 104,9 gramo), Lasok, aldiz, frontisetik gehiago irteten direnak (104,2 eta 105,1 gramo). Biek nabarmendu zuten hautu ezberdina egin zutela, baina biei iruditu zitzaien lau pilotak jokatzeko modukoak zirela. Zerikusi gutxi izan zuen, beraz, herenegungo aukeraketarekin.

Etxeberria, 2022ra arte

Aspe eta Peio Etxeberria akordio batera iritsi dira aurrelariaren kontratua hiru urtez luzatzeko. Azaroaren 30ean bukatzen zitzaion debutari kontratua, eta berria 2022ra artekoa da. Etxeberria oso ondo aritu da aurtengo buruz buruko eta lau eta erdiko txapelketetan, eta haren jardun ona saritu du enpresak. Erabaki honekin, Aspe bere pilotari multzoa zehazten ari da, Iker Salaberria aurrelariak debuta egingo duelako gaur. Kontratuei dagokienez, Julen Retegi eta Aitor Mendizabali urte amaieran bukatzen zaie, eta zaila dirudi biek segitu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.