Europa liga, lasaitasuna eta salbazioa izango dira jokoan gaurko lehietan

ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Realak, Osasunak, Alavesek eta Eibarrek ligako partidak dituzte gaur. Azken txanpan da lehiaketa, eta laurek behar dute garaipena, dituzten helburuak betetzeko bidean beste aurrerapauso bat emateko. Hutsegiteak gero eta garestiago ordaintzen dira.

Europa ligarako borrokan, partida gaiztoa du Realak: Sevilla hartuko du Anoetan (14:00, Gol). Imanol Alguacil teknikariak Joseba Zaldua, Jon Guridi, Igor Zubeldia eta Martin Zubimendi berreskuratu ditu. «Sevilla oso une onean dago. Haien pare lehiatu beharko dugu. Prest gaude horretarako. Bigarrenez segidan Europa ligarako sailkatzea handia litzateke».

Osasunak, berriz, salbazioa ia eskuetan izango luke Sadarren Elx mendean hartuz gero (14:00, Movistar La Liga). Jagoba Arrasate entrenatzailearen arabera, «pazientziaz» jokatu beharreko partida izango da. «Aste garrantzitsua da hau, hiru partida ditugu eta. Ea ahalik eta azkarren lortzen dugun mailari eustea». Ezusterik ezean, Manu Sanchezek hartuko du Juan Villarren lekua, Villar min hartuta baitago.

Behar gorrian dira Alaves eta Eibar. Biak jaitsiera postuetan daude. Arabarrek aurkari zuzen bat izango dute aurrean, Mendizorrotzan: Huesca (16:15, Movistar La Liga). Puntuek are balio handiagoa duten partida horietako bat da gaurkoa. Hala berretsi zuen Javi Calleja teknikariak: «Final baten tankerakoa da, baina presioak ezin digu gaina hartu. Horrekin jokatzen jakin behar dugu. Konfiantza osoa dut taldean». Callejak aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan, Florian Lejeune eta Manu Garcia zigortuta baitaude; Facundo Pellistri, berriz, osatu da.

Eibar azkena da, eta sailkapenaren beste puntan dagoen Atletico Madrili egingo dio bisita (16:15, Movistar La Liga). Baina Jose Luis Mendilibarrek argi du. «Ezin gara kikilduta zelairatu. Konfiantzaz jokatu behar dugu. Aurrerapauso bat emateko garaia da, eta hegaletatik egiten dugun jokoa berreskuratzekoa». Marco Dimitrovic eta Jose Recio jokatzeko moduan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.