EGOERA EZBERDINAK

Miren Garate, Iker Aranburu, Nora Arbelbide
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun

Gorka Aranburu.

«Lanaldia partziala dut; gastuak, ez»

«Halamoduz» bukatu ahal izan zuen otsaila Gorka Aranburuk (Donostia, 1969). Eta halamoduz bukatu zituen aurreko hilabeteak ere, alaitasun handietarako ez baitio ematen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egiten duen lanaldi partzialaren truke jasotzen duen soldatak. «Arratsaldean lau orduz aritzen naiz lanean, mantenimenduan eta hitzaldietarako eta ikusentzunezko ekitaldietarako argi, mikrofono eta halakoekin errealizadore lanetan». Lanarekin gustura dago eta lanaldi oso baterako lana egon badagoen arren, oraingoz ez du uste handituko diotenik.

Bitartean, nola edo hala saiatzen da bere soldata osatzen. «ETBn eszenatokiak montatzeko ere deitzen didate noiz edo noiz; azken egunotan Goenkale-ren platoak kendu ditugu. Hori dudanean arnas pixka bat hartzen dut ekonomikoki, baina egun gutxi batzuk baizik ez dira».

Aldi batez aritu zen goizez Donostiako denda batean bizikletak konpontzen, baina orain ez du aurkitzen ezer finkorik. «Lanaldi partzialaren gauza on bakarra da denbora librea badaukazula, baina nik soldata osatzeko erabiltzen dut. Batzuetan bizikletak konpontzen ditut, beste batzuetan ordenagailuak, eta horrekin lor dezaket diru pixka bat».

Bakarrik bizi da orain Berrobin (Gipuzkoa), baina bi seme-alaben pentsioa eman behar dio hilero emazte ohiari, hipotekei aurre egin behar die, eguneroko gastuei... «Lanaldia partziala dut, baina gastuak osoak dira». Nahiago du etorkizunari buruz ez pentsatu: «Ea Euskal Herri independente batek prekarietatean bizi izan behar dugunoi pentsio duinak ematen dizkigun», esan du, erdi-txantxetan, erdi-serio.

Yolanda Eskamendi.

«Umeak koskortu arte behintzat»

Lanaldi partzialarekin konforme daudenetako bat da Yolanda Eskamendi (Betelu, Nafarroa, 1975). «Ni gustura nago. Hori da aurrena eskaini zidatena eta orduan familia izateko asmoa nuenez, primeran; horrela ez nuen inor hartu behar haurrak zaintzeko». Lanaldi osoa egindakoa da, ikasketak amaitu eta berehala. «Zortzi urtez fabrika garbitzen aritu nintzen amarekin. Goizean besteen umeak zaintzen nituen, gero haurtzaindegia garbitu behar nuen eta arratsaldean Wiscora. Goizeko zazpietan hasten nintzen eta gaueko bederatzietan bukatu. Denboraldi bat horrela eman ondoren aldaketa bat nahi nuen, horrela ezin nuelako familia izan. Orduan eskaini zidaten harategiarena, eta etorkizuna ikusi nion».

2003an hasi zen Beteluko Maite harategian: astean 22 ordu egiten ditu, goizez gehienetan, baina baita ostiral arratsaldez ere, asteburuari begira lan dexente izaten dutelako. «Astean batez ere herrikoak etortzen dira, baina larunbat goizean bailarako baserrietakoak jaisten dira asteko erosketak egitera, mutil-zaharrak eta...».

Hurrengo urteotan lanaldi murritzarekin jarraituko duela uste du Eskamendik. «Harategian ordu gehiago eskainiz gero baietz esango nuke, baina oraingoz ordutegi horrekin nahikoa dela uste dut». Gainera, ongi konpontzen dira etxean. «Arratsaldean umeekin nago, etxeko lanak egiten ditut... Senarrak lan finkoa dauka tailerrean, eta luxurik gabe baina moldatzen gara. Ez gara eskiatzera joaten edo kruzeroetara». Hala ere ez du baztertu noizbait lanaldi oso bat bilatzea. «Umeak koskortzen direnean agian bai. Lanaldi partzialaren problema da partzialki kotizatzen duzula, eta horrela jarraituz gero pentsio eskasa geratuko zaidala».

Pili Albistur.

«Ez zait axola zazpi kontratu izatea»

Zazpi kontratu ditu Pilar Albisturrek (Bera, Nafarroa, 1956), zortzi bulego garbitzeko. Batez beste bost ordu eta erdi pasatxo egiten ditu lan egunean. «Erratzen erregina naiz, lagunei esaten diet kiroldegira joatea bezala dela, baina kobratuta». Pozik baitago duen lan egoerarekin. «Ostalaritza mundutik nator. Hura bai baitzen gogorra, ez kontraturik ez ordutegirik. Orain ez dut batere kexarik. Zazpi kontratu ditut, baina ez zait axola». 45 minutu pasatzen ditu bulego batzuetan, ordu eta erdikoak ere baditu, bi ordukoak... Ondo antolatuta du, ordea, eguneroko martxa. «Zentro batzuk giltza gabe ditut, eta beste batzuk giltzarekin. Horrek ematen dit aukera ordutegiekin pixka bat jolasteko».

59 urte ditu Albisturrek eta gustura garbituko luke beste bulegoren bat ere, erretiroari begira pentsio hobexeagoa lortzeko. Aukera egokitzen zaionean ordezkapenak eta ere egiten ditu, lanaldia osatze aldera. «Orain 13 urte, garbiketan hasi nintzenean, egunean zortzi ordu lan egitera heltzen nintzen. Sei urte oso onak pasa nituen, soldata txukuna ateratzen, baina lanaldi murrizketak izan ditut nik ere».

Kontratu partzialei sarri egiten zaien kritika da paperean jartzen duen ordu kopurua eta exijitzen den lana ez direla bat etorri ohi. Konforme dago lan kargarekin Albistur: eskatzen diotena egingarria dela dio. Ez du, beraz, lanaldi osoa kontratu bakar batean biltzeko aparteko interesik. «Norberak bere egoera baloratu behar du. Halako postu bat izateko beste herriren batera joan beharko nuke seguru asko, eta niri orain ez zait hori interesatzen: ama adinekoa dut, osasun arazoekin, eta zernahi gertatuta ere segituan joan naiteke haren etxera».

Karine Lasserre.

«Lotsagarria da 600 eurora ez heltzea»

Ahalmen urriko haur laguntzaile ari da Karine Lasserre, (L'Avelhanet, Okzitania, 1972) , orain hiru urtetik, Baionan. Astean hogei orenez ahalmen urriko hamabi haurreko klase batean ari da laguntzaile. Asteko bost goizez ari da, 09:00etatik 12:00etara, eta lau arratsaldetan beste oren batez. Arratsaldeko gainerako orduetan irakaslea bakarrik da. Lan oren gehiagoren beharra ikusten du Lasserrek. Hala nahiko luke, nahiz eta alaba elbarritu bat izan eta denbora erdiak alabarekin gehiago egoteko aukera ematen dion. Klaseko haur bat epileptikoa da, adibidez. Krisi bat baldin balu, irakasleak luke pikura eginen; Lasserrek, berriz, gainerateko haurrak zainduko lituzke. Krisia arratsaldez gertatuz gero, irakaslea bakarrik liteke. Baina Lasserre bezalako beste laguntzaile anitzen egoera da lan ordu partzial inposatu hori. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ditu kontratatuak.

Duen ordutegiarekin ezingo luke beste lanik ukan Lasserrek. 590 euroko hilabete saria dauka, eta beste zenbait laguntzarekin 1.250 eurora iristen da. Alokairua, ura, elektrizitatea eta horrelakoetara 600 euro joaten zaizkio. «Lan honek inplikazio handia eskatzen du. Lotsagarria da 600 eurotaraino ere ez heltzea. Diru horrekin ez nezake erran bizi naizenik. Batzuetan goizetan iratzartzen naizelarik nire buruari galdetzen diot zertarako lan egiten dudan». Ageri du: biziki maite du lan hori. Lan egiteko beharra ere baduela argi du, bestela erotzekoa balukeela etxean geldituz. Baina, bizkitartean, lanik ez balu egiten, paradoxalki diru laguntza gehiago ukanen luke. Eskatzen duena da «ezagupena». Eta gutxieneko hilabete sari bat (Smic), lanak berak eskatzen duen inplikazioaren araberakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.