Izana, izenaren pare

Bardetek irabazi du Vueltako 14. etapa, ihesaldiaz baliatuz. Faboritoak ez dira ia mugitu maldan gora, eta Eikingek lidergoari eutsi ahal izan dio

enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Izena ez da aski itzuli handi batean garaipena lortzeko. Hori ongi daki Romain Bardetek (DSM). Tropeleko igotzailerik sonatuenetako bat da frantziarra, bi aldiz bukatu baitu Tourra hiru onenen artean. Alta, aspaldi zegoen hiru asteko itzuli batean besoak altxatu gabe; 2017ko Tourrekoa zuen azken etapa garaipena. Luze ari zen jotzen itxaronaldia, baina pazientzia izan du, eta egonarri berarekin irabazi zuen atzo Vueltako 14. etapa. Haren izenak zuen sona handienekoa eguneko ihesaldia osatu zuten hemezortzi ziklisten artean; alegia, hari so zeuden iheskide guztiak. Aurkarien erasoek ez zuten itsutu frantziarra, eta nagusitasunez gailendu zen Pico Villuercasen. Aurrenekoz igo zuten mendate hori, eta Bardeten izenak distira emango dio historia liburuetan.

Distiratsutik gutxi izan zuen, ordea, hautagai handien lehiak. Bazegoen zuhaitza non astindu: Villuercasen bertan, hara heldu aurretik zegoen zati gorabeheratsuan, helmugatik 70 kilometrora igo zuten Ballesteroseko horma ikusgarrian... Alabaina, onenek ez zuten erakutsi lasterketa apurtzeko borondaterik. Eraso bakarra izan zen haien artean, Miguel Angel Lopezek (Movistar) helmugatik bi kilometrora egin zuena. Eta hutsala izan zen kolonbiarraren ahalegin berantiarra, lau segundo besterik ez baitzizkion urratu Primoz Roglici (Jumbo Visma), oraintxe lasterketa irabazteko faborito nagusia denari. Elastiko gorria ez dago, aitzitik, haren soinean: Odd Christian Eikingek (Wanty) darama. Liskarrik ez zenez izan oilarren artean, norvegiarrak arazo handiegirik gabe eutsi zion buruari.

Liderrek ez bezala, iheslariek zukutu egin zuten ibilbidea. Multzo jendetsua osatu zuten etaparen hasieran; han ziren, besteak beste, Bardet bera, Aritz Bagues (Caja Rural), Xabier Mikel Azparren (Euskaltel), Tom Pidcock (Ineos), Clement Champoussin (Ag2r), Jay Vine (Alpecin) eta Jesus Herrada (Cofidis). Nahiko batera igaro zuten Ballesteroseko horma, baina, jaitsieraren ostean, tartea zabaldu zuten Nicolas Prodhommek (Ag2r) eta Dani Navarrok (Burgos BH), eta 50 segundoren abantaila lortu.

Vineren itzulera miragarria

Lehia handia izan zen iheslarien artean, baina azken igoerara buruan iristea lortu zuen Prodhommek, minutu inguruko abantailarekin. Bardet, berriz, ez zen gehiegi urduritu: zatirik gogorrenaren aurretik egin zuen bat lasterketa buruarekin, eta 6 kilometro falta zirenean gelditu zen bakarrik. Frantziarrak bere lehen etapa garaipena ospatu zuen Vueltan. Bigarren Herrada izan zen, eta hirugarren, Vine, dortsalak zintzilik zituela. Hark eroriko oso arriskutsua izan zuen taldeko autoari heldua zela, eta, halere, gai izan zen berriro lasterketan sartu eta etaparen lehian egoteko.

Hamar minututik gorako atzerapenarekin iritsi ziren faboritoak. Lasai hartu zuten eguna. Bestela izan daiteke gaur, Navalmoral de la Mata eta El Barraco artean jokatuko den etapa menditsuan. Lau igoera kateatuko dituzte, horietatik bi lehen mailakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.