Indarberritzeko garaia da, pertsianak gora!

Santiago Ochoa de Eribe
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Iragan urriaren 14an, ostegunarekin, BERRIAko Ekonomia sailean argitara eman zen bezala, dirua eskatu diegu gure bazkideei, eta, argi eta garbi esanda, objektiboki, esan dezakegu Goienerren gure bazkideei laguntza eskatzea erabaki dugula.

Baina laguntza eskatzen duenak, ahultasuna adierazten du, edo, alderantziz, sendotasuna?

Egoera askok anbiguotasun horretan dantza egiten dute, hau da, zentzu bat edo bestea hartuko dute begiratzen edota pairatzen dituenaren arabera. Askorentzat ahultasunaren adierazle dena, beste askorentzat sendotasun izango da.

Dirua eskatu dugu gaizki doakigulako? Ez, alderantziz, balio bat praktikan jartzea erabaki dugulako. Kooperatibak kooperatibistek egiten ditugu; gure kooperatibista izaeran dago gure mugak ezagutzea eta onartzea; izan ere, norbanako bat iritsi ezin daiteken tokian, beste edozein lankide, boluntario edota bazkide kontsumitzaile irits daiteke.

Energia-komunitate bat baldin bagara, izan gaitezen hori, komunitate, etengabeko joan-etorrian dauden bizipen eta ideia. Eta hori, batez ere, gauzatzen da gainerakoen beharra onartzen dugunean indartsuagoak izateko, urrunago iristeko eta elkarrekin iristeko. Elkar-mendekotasuna dugun izakiak gara, alegia.

Adibide gisa, 2020an gure bazkide guztiekin ezarri genituen elkartasun-mekanismoak (legeak behartzen gintuena baino haratago), jabetuz garrantzitsua zela gure bazkideen beharrei erantzun ahal izatea, zaurgarrienetan pentsatuz eta pertsonak emaitzen aurretik jarriz. Orain, aldiz, gure bazkideei eskatzen diegu proiektua laguntzea, gaur egun den proiektua eta etorkizunean izango dena.

Goienerrek (ekimen gisa maila askotan) pertsonak eta komunitatea sustatzeko lan bikoitzean sakontzen jarraitzen du. Ez delako bata bestea gabe ulertzen.

15.000 bazkide gara dagoeneko. Baina zenbakiak ez digu ezer esaten atzean mamirik ez badago. Duela zortzi urte jaulki genuen lehen argindar faktura eta 2022an hamar urte beteko ditugu kooperatiba bihurtu ginela.

Garai zailak dira, baina aldi berean zirraragarriak, bai energiaren sektorean eta baita haratago ere; ziurgabetasun eta aukerez beteak. Aurrera ateratzen ari garen proiektuen berri eman izan dugu, eta oraindik egiteke dugunaren berri ematen jarraitu nahi dugu:

—Gure gizartean pobrezia (energetikoa) murrizteko irtenbideak zabaltzea.

—Bazkideei eskaintzen diegun aholkularitza hobetzea, zentzuz kontsumi dezaten.

—Tokiko, eskualdeko eta nazioarteko lankidetza-sareak hobetzea, zer garen eta zer dakigun partekatu ahal izateko eta aldi berean beste pertsona batzuengandik errealitate berriak jasotzeko.

—Energia berriztagarri bidezko proiektuak garatzea, eraginkortasun energetikoa lehen lerroan jarriz.

—Energia berriztagarrietan oinarritutako soluzio termikoak garatzeko aukerak aztertzea.

—Eraikinen birgaitze partzial, sakoneta integralekin lotutako aukerak aztertzea.

—Gure lurraldeko energia-komunitateak sustatzea, energia berriztagarrien inguruan dabiltzan gizarte-kohesio ikur gisa, pertsonak erdian jarriz, benetako parte-hartze prozesuetatik eta botere-prozesuetatik abiatuta. Dagoeneko zortzi komunitaterekin ari gara lanean!

—Eta beste hainbat gauza gehiago...

Eta aipatutako guztia, guztion keinu politikoari eta Goienerrekin kontsumitu eta bertan parte hartzeko konpromisoari esker lortzen da; izan ere, bakoitzaren ekarpen handi hori, bakarka hartuta hutsala dirudiena, den-dena da gaur egungo beste 14.999 bazkideekin bat egitean eta guztion artean etorkizun berriak eraikitzeaz ari garenean... Pertsianak altxa, irribarre egin eta indarberritzera goaz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.