Gizakia deitzen den etxe orratza

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Denok ezagutzen ditugu etxe orratzak, gure herrietan ere baditugu 10-20 solairuko etxe luzeak. Munduko zenbait lekutan ehundik gora solairu dituztenak ere ba omen dira. Etxe hauek zerurantz hainbeste oin badituzte, lurrazaletik behera ere mordoxka bat izango dute, oinarri sendoa ezinbestekoa baita.

Gizakiaren eboluzioa arakatu nahi duzunean txosten guztiak primateetatik hasten dira. Baina zientziak beste zerbait adierazten digu, gizakiak aurrekari gehiago badituela eta bere geneen ikerketek oso urruti garamatzatela.

Gizakia biziduna da, horretan ez dago dudarik, eta biziaren sorrera ere une oso garrantzitsua da. Unea aipatzen dugu, baina gertaera hauek ez ziren tximistaren abiaduran jazo, milaka edo milioika urtean baizik. Bizia zer den argitu beharko genuke, baldin eta argitu badaiteke. Gehienek zera diote: jaio, ugaldu eta hil, ziklo hau egiten duen orok bizia duela. Beste batzuek gehitzen dute honako elementu hauek ere garrantzitsuak direla: energia lortzeko ahalmena, estimuluei erantzuteko ahalmena edo egoera desberdinetara egokitzeko ahalmena izatea.

Duela 4.500 milioi urte sortu zen lurra, eta lehen zelulak 3.500 milioi urte aldera azaldu ziren. Bizia prozesu luze baten ondorioa da. Beraz, esan daiteke bizia gerta zedin beharrezkoak ziren elementuak hor zeudela. Big Bang leherketa hura gertatu zen une hartatik? Edo, leherketa aurretik ere ezereza, energiazko hutsune kuantikoa, sakoneko energia, den guztiaren sorrerako iturria deitutako horretan, bazen bizia sortzeko zerbait? Erantzun zaileko galderak.

Zientzia kuantikoan, txikitasuneko elementuekin eta partikula txikienekin ikertzen duten zientzialariek, materiaz hitz egiten dutenean energiaz ari dira, eta esan ere esan dute materia bera ez dela existitzen, energia baizik. Har dezagun harri koskor bat: berez, goian emandako definizioarekin, bizirik gabea, ezta? Eta iker ditzagun bere atomoak eta hauen partikula osagaiak: protoiak, neutroiak eta elektroiak, eta konturatuko gara harri puska txiki horretan udaberriko erlauntzetan baino mugimendu handiagoa dagoela. Guk dugun biziaren kontzeptuarekin, atomoaren dantza horri ezin diogu bizia deitu. Zer demontre da orduan? Energia. Nire uste apalean, energia da biziaren elementurik garrantzitsuena. Molekulak atomoz eginak daude eta lehen zelulak ere bai, beraz energiaz josiak. Zientziaz oso gutxi dakit, baina benetan azaldu nahi dudanarekin hasi aurretik, elementu hauen inguruan argitasun apur bat eman nahi nuen, beharbada, kontrakoa ere gerta daitekeela kontuan hartuta.

Goazen ba gizakia deitzen den etxe orratz horretara. Gizakia, biziduna, ez da tximuekin hasten, Big Bang leherketa aurretik baizik. Lehen zeluletatik hasi eta ondorengo prozesu guztian gizakia ere bertan egon da. Hau izango litzateke gizakiaren etxe orratzeko solairurik sakonena. Oinarri sendoenekoa. Betidanik izan gara. Badirudi lehen zelulak begetalak zirela eta lehenengo landareak eta zuhaitzak eman zirela, beste eratako animalien zelulen aurretik. Harrituta geratu nintzen banana batek %60ko antzekotasun genetikoa daukala gizakiarekin irakurri nuenean. Beraz, landareekin, zuhaitzekin eta euren fruituekin lotura dugu.

Lur azpiko beste solairu batera pasatuko gara. Animaliak. Hasi lehen protozelulekin eta zelula askoko estruktura konplexuekin jarraituz, animalia osatuagoetara pasatu ginen. Gure DNAk animalia askorekin daude lotuak, ez txinpantzeekin bakarrik. Horrela, arratoi batek %80ko antzekotasuna du gure DNArekin, Abisiniako etxe-katuak %90eko antzekotasuna, ozpin-eltxoak %61ekoa. Txinpantze batek %96koa.

Antzekotasuna aipatzen dut eta ez berdintasuna. Gezurra badirudi ere, aipatu ditugun landare, zelula eta animaliak gure aurrekariak dira, gure arbasoak, gure anai-arreba zaharrak. Gizakia ezin da honetaz ahaztu, berarekin baitaramatza hauen informazio genetikoak. Gizakiaren etxe orratzaren lur azpiko solairu hauek oso garrantzitsuak dira, eta gure parte.

Lur-azalera iritsi gara gizakiaren etxe orratzean. Etxe honek ez du igogailurik eta harmailak banaka-banaka igo behar dira. Gizakia hasi da gainditzen apurka -apurka txinpantzearen izatea eta jokabidea, eta badoa Afrikako sabanetatik, bi hanken gainean zutik, zerbait ehizatu nahian. Milaka urtean ikasten eta hobetzen joango da, eta australopiteko lehen gizaki hark etxe orratzeko solairu pare bat gainditu zituen. Gero beste gizaki batzuk etorri baziren ere, denak desagertu eta Homo sapiens geratu zen.

Hauek denak, pixkanaka, etxe orratzean goraka joan ziren, beti hobetzen. Garbi dago geroz eta buru argiagoa zutela eta, etxe orratzean solairuak igo ahala, argitasun gehiago zutela, eta ikuspegi zabalagoa. Baina egia da lurretik eta, batez ere, etxe orratzeko sakoneko oinarrietatik aldentzen joan zirela, eta guztiz berekoiak eta bakartiak bihurtzen. Adimenaren garapenak etxe orratzeko solairuetan gora egiteko balio izan digu, baina zer garen eta nondik gatozen ahaztu egin zaigu. Ekologia, elkarkidetza, feminismoa eta abar hitz politak erabiltzen dira, baina etxe orratzeko goiko solairuetatik jaitsi gabe.

Gu garen etxe orratz guztia, osoa da, oinarrietatik hasi eta heldu garen lekurainokoa. Eta gogoan eduki oraindik ez garela gailurrera iritsi, ibiltzen goazela. Gehienok bi-hiru solairutan gora eta behera gabiltza, ez baitugu aurrerapenik egiten. Horretan gaudela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.