Underground eszena Euskal Herrian. Kontzertu antolatzaileak

LURPEKO UZTA

Lau elkarrizketatu: Ion Arakistain (Getaria), Aritz Ormazabal (Urretxu), Asier Maiah (Gasteiz) eta Mikel Vega (Bilbo). Hitzordua, Azpeitian. Ezinezko egitekoa dirudien arren, Herbehereetako The Ex taldearen etorrerak posible egin du gustuko musikarien kontzertuak antolatu eta etengabe lurzoruaren pean bazterrak nahasten diharduen laukote honekin batzea.

Hiru kartel, hiru kontzertu iragartzeko, Erandion, Zumarragan eta Getarian. ASIER AZKUE / ARITZ ORMAZABAL / ARITZ ARANBURU.
Jon Urzelai
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Mmaiatzaren 15a. 2015a. Ostiral gaua da, baina beste edozein astegun izan zitekeen. Erandioko (Bizkaia) taberna bateko bigarren solairuko agertoki gainean, Norvegiako hirukote bat, The Geordie Approach. Hari begira, dozena bat pertsona daude: ez espero sold out kartelik horrelakoetan. Antolatzaileak Brown Handia kolektiboko kideak dira; Bilbo inguruko musikazalez osatutako taldea da, lehenago Wombat Booking edo Gure Hitzak kolektiboek hasitako bideari jarraitzen diotenak. Askok ezer gutxi dakite talde eskandinaviarrari buruz —abestiren bat edo beste entzun edo bideoren bat ikusiko zuten agian kontzertua antolatu aurretik, ez besterik—. Horixe zen Mikel Vega kolektiboko kidearen egoera, baina, taldea ezagutu ez arren, 2015ean ikusi zuen kontzerturik onena huraxe izan zela dio. Ezohiko egoera irudi dezakeen arren, horrelakoak askotan errepikatzen dira Laudioko Orbeko Etxean (Araba), Getariako, Zarauzko, eta Urretxu eta Zumarragako gaztetxeetan (Gipuzkoa), Azkoitiko Matadeixen (Gipuzkoa), Berako Kataku ostatuan (Nafarroa), Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), Bermeoko Kapillan (Bizkaia), Baionako Le Magneton (Lapurdi), GorlizkoXurruten (Bizkaia), Gasteizko tabernaren batean edota inguruotako beste hamaika txoko ezkututan.

Plazeretik eraldatuz

«Badago puntu idealista bat egiten dugun horretan; bestela, ezingo baikenuke horrelakorik inoiz antolatu. Plazeragatik eta plazera emateagatik egiten dugu». Vegak argi du, eta baita mahai inguruko beste gainerakoek ere, eurek gozatuko ez balute ez liratekeela sartuko horrelako buruhausteetan. Konposizioetan arrisku pitin bat hartzen duten musika taldeak, esperimentaziotik edatera ohituta daudenak, noiz eta astegun batean, gainera. Eta babes instituzional edo mediatikorik gabe, oro har. Nola da posible horrelako zerbait ekonomikoki bideragarria izatea? Merkatuan tokirik ez duenak buruari pixka bat eragin behar dio ezinbestean.

Ion Arakistain, adibidez, ohitua dago bere poltsikotik dirua jartzen, atzerritik datozen taldeei gutxieneko baldintza batzuk bermatze aldera. Getariako gaztetxeak gaur egun duen kokalekua lortu zuenetik, hamabost urte inguru daramatzate NoIzNaHi kolektibokoek halako ekitaldiak antolatzen. Hirurehun bat emanaldi izan dituzte, eta seiehun talde inguruk jo dute bertako agertokian; ez dira kopuru makalak autogestioa eta DIY filosofia —Do It Yourself, hots, zuk zeuk egin— ardatz duen lagunarte batentzat. Honatx kolektiboaren manifestu batetik ateratakoak: «Inongo estilori muzin egin gabe, betiere zuk zeuk egina eredu izanda, hau da, inongo diru irabazi asmorik gabe, eta euskal eszena komertzialera irauli gabe, gauzak egiteko beste eredu bat posible dela sinetsaraziz» egin nahi omen dituzte gauzak.

Aritz Ormazabal bat dator filosofiak eta egiteko molde batzuek ere zeresana badutela halakoetan sartzeko, musikaren maitasunak ez ezik. Urretxuko (Gipuzkoa) geltoki zaharrean kontzertuak debalde izaten dira; Gazte Asanbladak ordaintzen ditu gastuak, eta borondatea besterik ez zaio eskatzen ikusleari. «Askotan, gehien txunditzen direnak eta kontzertuak gogoratzen dituztenak interes berezirik gabe bertan harrapatu dituen ikusleak izan ohi dira», dio Ormazabalek. Jendea ohitu egin omen da horrelakoetara; jada ez zaizkio hain arrotzak egiten doinu horiek. Arakistan eta Ormazabalek argi ikusten dute hausnarketa bat badagoela atzean eta underground delakoa, zerbait izatekotan, politikoa dela.

Underground, asko eta agian ezer esaten ez duen hitz hori, horrelakoetan erabiltzen diren beste hainbesteren antzera, esaldi hantustekoetan baino gehiago egunerokoan oinarritzen direnak agian. Asier Maiahek argi du: hitzak besterik ez dira, baina badago ideologiarik atzean: «Undergrounda existitzen da; politikoa da, eta beharrezkoa». Bere kasuan, askotan kontzertuak antolatzerakoan ez omen du entzun ere egiten eskaintzen zaizkion taldeen musika. Eskaria lagunen batengandik badator, aurrera. Alderdi humanoa lehendabizi eta ororen gainetik. Maiah musikaria da —Viva Bazooka eta Los Nitxos taldeetan aritzen da, eta baita bakarka ere—, eta antolatzen dituen kontzertu asko biran, kontzertuetan eta abarretan ezagututako kideenak dira. «Laguntasunagatik egiten dut. Ez da erabilgarritasun kontu bat, nik laguntzen zaitut zuk ni lagun nazazun tankerakoa; gauza ederra da astegun buruzuri batean, beste taldeetako kideekin honetaz edo hartaz hitz egiten aritzea, telebista ikusten egon beharrean, eta horrek asko betetzen du bat. Guk jaso nahiko genukeen tratua ematen saiatzen gara, eta, era berean, enbaxadore kultural modukoak ere bagara». Kontzertu bakoitza antolatzeak, leher eginda amaitu arren, hamabi orduko magia dakarrela ere gehitu dute mahaiaren ertz desberdinetatik. Vegak ongi asko daki musikaren mundu honetan ez dela hain ohikoa horrelako baldintzak aurkitzea. Gaur egun, beste hainbat proiektu eta saltsaren artean, Killerkume taldeko gitarrista da, baina aurrez izandako hainbat proiektutan ezagutu ditu industriaren ertz desberdinak. «BBK Live jaialdian jotzen duzuenean, adibidez, ez duzu halako traturik jasotzen. Ezin da orokortu, baina badago desberdintasun nabarmen bat tratu eta filosofia aldetik. Sustatzaile profesional askok, ez guztiek, interes ekonomiko soilak dituzte; guk, aldiz, ez dugu ezer materialik irabazten. Badakigu Europan zehar biran aritzeak zer esan nahi duen, eta horrelakoetan oso garrantzitsua da zutaz arduratu eta eroso sentiaraziko zaituen norbait izatea».

Tratua edonolakoa izanda ere, gauza jakina da jaialdi handiak gero eta ohikoagoak direla hemen, eta, segur aski, baita handiagoak ere. «Ez dut uste musikaz edo soinuaz gozatzeko toki ona direnik jaialdi handiak; joan naizen bakoitzean, sufritzeagatik ordaindu dudan sentsazioarekin bueltatu izan naiz etxera». Vegaren hitzak dira, baina Ormazabal bat dator. «Nik ez ditut maite jaialdi handiak, entretenimendu hutserako balio duten irudipena baitaukat; zirku bilakatzen dira askotan, eta benetako esentzia galtzen da. Gainera, diru asko erabiltzen da taldeetan, soinu ekipoetan eta azpiegituretan, eta horrek kontsumo eredu arriskutsua sustatzen du ikusleen artean». Garbi dago askotan musikazale porrokatuenak ere gustuko talde bat baino gehiago topa dezakeela horrelakoetan, baina Vegak argi hitz egiten du berriz ere ustezko dilemaren aurrean: «Horren atzean nortzuk dauden eta nola jokatzen duten ere gogoratu beharko genuke: entxufe politikoa duten rock enpresariak, multinazionalen publizitatea, langileen lan baldintza eskasak ahalbidetzen dituztenak, janari eta edari azkar eta garestia... Besterik gabe, nagusitxoak ere bagara, eta bakoitzak badaki zertan gastatuko duen bere dirua eta denbora».

Makrojaialdiei kontrajarriz, argudia liteke kontzertu minoritarioak antolatzen dituztela jakinik derrigorrean finkatu behar dituztela sarrera merkeak, eta balizko filosofia hori horrelako baldintzek finkatzen dutela. Hau da, astegun batean free-jazz, noise-rock edota doom metala jorratzen duen talde baten kontzertua antolatzeak ezinbestean dakartzala muga horiek. Baina mahaian ez daude guztiz ados baieztapen horrekin. Brown Handia kolektiboan, adibidez, aldez aurretik garbi izan zuten kontzertuek prezio merke bat izango zutela, nahi ala ez. Arakistain are urrunago doa: beraien urteetako lana beti euskaltzaletasunez eta inguruotako musika aniztasuna sustatu eta talde txikiak indartzeko helburua ahaztu gabe egina dagoela dio, baldintza horiek abiapuntuan zeudela eta ez bideko oztopoek eraginda, alegia.

Rocka eta haratago

80ko eta 90eko hamarkadetan punkak eta hardcoreak gurean izandako eraginaz ez dago ezer askorik azaldu beharrik. Garai horiek izan ziren Andoaingo gaztetxeak edota Laudioko areto okupatuak atzerritik etorritako talde andana bere hormen artean hartu zituztenak. Entzuleen artean egon ohi ziren Arakistain eta haren lagunak. «Dudarik gabe, 80ko hamarkadaren erditik aurrera Euskal Herrian errotu zen DIY mugimenduaren oinordekoak baino ez gara». Etengabe jarioan dabilen errekako urak beti berberak ez izan arren iturri beretik baitatoz. «Askotan ez gara kontziente Euskal Herriak duen potentzialaz. Inon gutxi dago hain kilometro gutxian hainbeste leku jotzeko. Nahiz eta minoritarioa izan beti. Europan, askotan hiriburuetatik pasatzen dira birak; hemen, askotan herrietara iristen dira. Eta antolatzaileak beti izan dira kontziente zer ari ziren antolatzen 80ko hamarkadako punk-hardcore eztandatik aurrera». Europan zehar hemengo gaztetxe zirkuituaz jakitun direla gehitu du Arakistainek.

Kontzertu eta jaialdi sare horretan hezi dira denak. Maiahek eta Arakistainek kontzertuen harira ezagutu zuten elkar orain hamar urte, eta Vegak Urretxu-Zumarragan kontzertua jotzean ezagutu zuen soinu mahaian teknikari lanetan aritzen den Ormazabal. Batek, horrelakoetan, «beti betikoak» dabiltzala esan lezake, eta baita arrazoi izan ere, segur aski. «Batzuetan autismo puntu bat ere izaten dugu. Egiten duguna gehiago zabaldu daiteke agian, baina gutariko inor ez da ona marketin kontuetan», aitortu du Vegak. Urretxu-Zumarragan saiatu izan dira harago joaten. Bixamona Fest antolatu izan dute herri bakoitzeko jaietan, proposamen minoritarioak herrira zabaltzeko asmoz. Oholtzarik gabe egiten da jaialdia, lurrean eta publikoaren parez pare, bertako produktuekin ondutako afari merkea eskaintzen dute, eta bertako zein kanpoko taldeak izaten dira beti, ahalik eta pluralenak, eta ez soilik rocketik edota hardcore-punketik edaten dutenak. Ahal dela, genero aldetik ere ahalik eta parekideen izan dadin saiatzen dira, gainera. Berdin Getarian: bederatzi urtez antolatu dute Noiznahi Fest delakoa herriko jaietan, eta Deloreanek jo zuen urtean 600 entzule elkartzea lortu zuten.

Gasteiz bezalako hiri batean astero kontzerturen bat ikustera mugitzen diren ehun pertsona egon badaudela dio Maiahek. Baina galdera interesgarri bat egin du: rockak hitz egiten al die gaur egungo gazteei? Dudak badituela ezin ezkutatu. Vegak ez du uste ezer txarra denik hori. «Ni musika irakaslea ere banaiz, eta klasean ikasleei zein musika estilo entzuten duten galdetu nienean honako hauek esan zizkidaten: trap-a, nightcore-a, dubstep-a, j-pop-a... Gure garaian hori galdetu izan baligute, punk, heavy eta technoa aipatuko ziren. Gauzak aldatuz doaz. Gaur egun, gazte asko ez dira kontzertuetara joan ere egiten, edozein estilo dela ere. Youtube dago. Halere, ni baikorra naiz. Gaur egun ikusten dudanaren arabera, jende gaztea ari da inguru hauetara heltzen, eta, punk erroetatik edan arren, ikuskera irekiagoa dute, eta proposamen berrietara adi daude. Estilistikoki zaila da esaten norantz goazen, baina esperimentazioak geroz eta toki handiagoa daukala esango nuke, 30 urtetik gorako musikarien artean batez ere. Nik uste dut jendea geroz eta gehiago animatzen ari dela horrelakoetara. Horrek endogamiara eta bunkerizazio batera eraman gaitzake, egia da, baina baita jende desberdinarengana heltzen lagundu ere». Zaleen artean ere sortzen dira harremanak, nahiz eta alor honetan ere eboluzio etengabea gertatzen den. Uzta berriak zein zaharrak dira ongietorriak, halere, Vegaren ustetan. «Feedback oro da ongietorria; edozein aurrezagutza duten pertsonengandik etorrita, primeran. Izan ere, aberasgarria iruditzen zait ikus-entzuleen artean profil ezberdinak topatzea: taldearen aldez aurretiko jarraitzaileak zein musika estilo edo kontzertu mota hauekin batere zerikusirik ez dutenak. Bata bestea bezain baliagarria da».

Ormazabalek, berriz, auzitan jartzen erroa bera : publiko masiboaren al da bilatzen dena? «Nik esango nuke publiko interesatua eta inplikatua izan dadin bilatu beharko genukeela. Ni ez naiz publikoari begira egoten; etorriko dena etorriko da, eta kito». Era berean, Arakistainek mahaira dakar zirkuitu hauetan beti komentatzen dena: beti izan gara gutxi. «Nik euskal eszenan ez dut uste kantitate aldetik asko aldatu denik kontua azken hamazazpi urteetan. Anestesiak lehen baino jende gehiago mugitzen du gaur egun eta Bap edo Dut ikusten ez ginen jende asko egoten, gaur egun nahi bezain mitifikatuak egonagatik».

Bertako lurzorua

Kontzertuak emanez Txinaraino iristekoa den talde frantziarra, hiru bateriarekin jotzen duen talde ingelesa edota poesia eta disonantziak nahasten dituen talde amerikarra euskal publikoari gerturatzea oso ondo dago, baina ba al du eraginik horrek guztiak Euskal Herriko taldeengan? Aho batez erantzun dute guztiek: bai, dudarik gabe. Gehienek antolatutako ekitaldietan bertako talderen bat ere programatzen dute, atzerritarrekin agertokia parteka dezaten.Ormazabalek Klak!son eta Jalai taldeetan jotzen du baxua, besteak beste, eta argi ikusten du afera. «Kanpotik datozen taldeak ikustea oso aberasgarria da bertako musikarientzat, talde horiek beti baitute ezaugarri interesgarriren bat. Gainera, kanpotik datozen musikariekin hitz egiteko tartea izaten duzu, eta gehienetan haiek ere desiratzen egoten dira hitz batzuk trukatzeko. Musikaria bazara, zertaz hitz egin izango duzu, eta horrek guztiak, modu txiki batean izan badaiteke ere, entsegu lokalera zoazen hurrengoan eragina izango du».

Kontzertu hauek guztiak antolatzen dabiltzanak ezagutzeko asmotan bildutako lau lagunetatik hiru musikariak dira; estatistikoki korrelazio bat badagoela ezin uka, beraz. Ekitaldi horietakoren batean egondako edonork erraz ondorioztatuko luke, eta Vegak ere arrazoia eman digu. «Bertoko underground mundutik gatozen musikariongan emanaldi mota horiek eragin nabarmena izan dutela esango nuke. Gure Hitzak, Xurrut, Orbeko Etxea, DeustukoGazte Lokala, Wombat eta abarren hasierako garaitik zirkuitu hau nahiko era aktiboan aritu izan da Bilbo inguruan adibidez, eta musika taldeetan ibili garenoi sekulako interesa sorrarazi digu. Guk nola edo hala lan honekin jarraitzearen beharra sentitu dugu, DIY espazio eta antolatzaileei esker ez baikenituzke gure talderik gogokoenak hemendik pasatzen ikusi izango, eta, askotan, zuk zeuk antolatzen ez baduzu ez baitu inork zure ordez egingo. Guztiz konbentziturik esaten dut nire bizitzan ikusitako kontzertu edota esperientzia sonikorik harrigarrienak testuinguru honetan bizi izan ditudala».

NoIzNhAi kolektibokoek antolatutako kontzertuetatik pasatu dira, besteak beste, Akauzazte, Gaizkiñe, Dut, Borrokan, Lisabo, Autoa, Eten, Viva Bazooka, Killerkume, Fly Shit, Anari, Arrotzak eta Joseba Irazoki. Arakistainek dio hain zuzen talde horiek izaten direla gero prentsa espezializatuan arreta jaso eta goraipatuak izaten direnak, baita estatu mailan edo atzerrian ere sona izatera iritsi direnak. Estatu osotik datozenek ezagutu ohi dituzten taldeak dira, eta hemengo zirkuitua Europa osoan zehar ere ezaguna eta miretsia izan ohi dela dio. Era berean, euskal taldeek ere baliatzen dituzte harreman horiek kanpora biran joan nahi izanez gero. Ormazabal bera, adibidez, On Benito Joseba Irazokiren bikote formako proiektuari kontzertu bat antolatzerakoan sartu zen saltsa honetan guztian, orain hamar bat urte. Gerora beratarrak bidalitako eskaintzetatik tiraka osatzen joan da bere agenda, eta antolatu ditu munduko edozein txokotatik etorritako taldeen emanaldiak. Haritik tiraka eta tiraka, nodo bat gehiago bilakatu da atzerriko eta bertako taldeek eta antolatzaileek osatzen duten sare honetan.

Orain eta hemen

Arakistainek dioenez, bere kide batek askotan esan dio Internetik ez zegoen garaian giro berezi bat sumatzen zela beren ekitaldietan: askok ez zuten ikusi behar zutenari buruzko inongo informaziorik. Akorde bat bera ere ez zuten ezagutzen askotan, ezta taldeak akorderik joko zuen ere. Gaur, 2016ko urriaren 14an, Azpeitian gaude, eta The Ex ikusteko 400 bat pertsona batu gara, horietatik asko elkarrizketatuen musikari eta musikazale ezagunak. Beste askok agian lehen aldiz ikusiko dute taldea, segur aski Interneten abestiren bat edo beste entzuten aritu ondoren.

Orain dela hamar urte, alboko herrian jo zuen talde berberak, Azkoitian (Gipuzkoa). Orduan ere aretoa bete zuten, euskal talde asko hartu dituen areto berbera hain zuzen, nahiz eta horrelakoetan gaurko arrakasta izatetik urrun egon askotan. Badaude taberna zuloan hasi eta jaialdi handietara salto egin duten taldeak, baita inoiz jauzi egin nahi izan ez dutenak ere. Dena dela, gu mahaitik jaiki gara, Jupiter Jonek gaua irekiko baitu, eta ez daukagu hori galtzeko inongo asmorik. Penaz, baina solasaldia nahi baino lehen amaitu behar izan dugu. Bidean, airean geratu diren kontuez ari garela, jaialdi handien inguruan honako hau bota du Ormazabalek: «Herriko azokako baserritarrari barazkiak erosi eta harekin tertulia eder bat izan edo merkataritza zentro batera joatearen artean aukeratzea bezala da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.