Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Olagarroen giza garuna

2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Olagarroak moluskuen familiako zefalopodoak dira. Izugarri argiak. Joan den urtean dokumental onenaren Oskar saria jaso zuen My octopus teacherlana ikusi baduzue (Olagarroa, nire maisua), badakizue zertaz ari naizen. Haien gaitasun kognitiboak ez du parekorik animalia ornogabeen artean. Alegia, olagarroek inguruko informazioa hautemateko, prozesatzeko eta eraldatzeko, eta, azkenik, erabakiak hartzeko duten gaitasuna paregabea da. Adibidez, kamuflatzen maisu dira. Olagarroen garuna eta nerbio sistema oso konplexuak dira, eta nola funtzionatzen duten guztiz ulertzetik nahiko urrun omen gaude.

Gizakion eta olagarroen arteko azken aitzindari komuna duela 500 milioi urtekoa da, arrainak agertu baino askoz lehenagokoa. Halere, berriki, bi espezieen garunetan gene mailako antzekotasun interesgarriak aurkitu dituzte, olagarroen inteligentziaren jatorria hobeto ulertzen lagun dezaketenak.

2001ean, giza genoma sekuentziatu zutenean, gure genomaren % 45 transposoiz edo gene saltakariz osatua zegoela aurkitu zuten. Transposoiak genomaren barruan mugi daitezkeen elementuak dira. Horien artean garrantzitsuenak LINE familiakoak dira. Hasiera batean, LINEak aktibitaterik gabeko iraganaren aztarna besterik ez zirela uste zen. Baina, azken urteetan, LINEak gizakion garunean aktiboak direla eta estuki erregulatuta daudela frogatu da; zehazki, hipotalamoan dira aktiboak, hots, ikaskuntzaren eta gaitasun kognitiboen garuneko egoitzan. Hori dela eta, adituen arabera, LINE erako transposoiak gaitasun kognitiboekin lotuta daude, hala nola, ikaskuntzarekin eta memoriarekin.

Berriki, Octopus vulgaris eta Octopus bimaculeoides olagarroen genomak sekuentziatzearekin batera, espezie horien garunean —zehazki gizakion hipotalamoaren parekoa den lobulu bertikalean—, LINE erako transposoi aktiboak aurkitu dituzte.

Hori horrela, aurkikuntza egin duten ikertzaileen aburuz, LINE elementuak inteligentziaren gakoak izan daitezke. Gainera, gizakiok eta olagarroek gaitasun kognitiboak lantzen ditugun garuneko eskualdean LINE elementu aktiboak aurkitu izana eboluzio konbergentearen adibide gisa ere uler liteke. Izan ere, genetikoki oso aldenduta dauden bi espeziek, antzeko beharrei aurre egiteko, modu independentean mekanismo molekular berdina garatu dute.

70 urte pasa dira Barbara McClinton zientzialari iraultzaile eta paregabeak transposoiak aurkitu zituenetik. Hasieran DNA zabor gisa bataiatu zuten hura badirudi aintzat hartzekoa dela. Zenbat urte gehiago beharko ditugu gure genomaren erdia osatzen duten gene saltakari horien ingurukoak guztiz ulertzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.