EPAIAREN GAKOAK

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiak 48 orrialde ditu. Honako hauek dira horren gako nagusiak.

Zigorra. Auzipetuta zeuden sei ertzainetatik bakarra zigortu dute: Juan Jose de Pablo ofiziala. Bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri diote. Aurrekaririk ez duenez, ez du espetxera joan beharko, beste deliturik egin ezean. Inhabilitazioak ere ez du izango eraginik, dagoeneko errretiratuta dagoelako.

Absoluzioak. Gainerako bost akusatuak absolbitu egin dituzte epaileek: tiro egiteaz akusatutako hiru ertzainak, ezin izan dutelako zehaztu nor izan zen Cabacas hil zuena; ofizialordeetako bat, ez zuelako tiro egiteko agindu, eta bestea, tiro egiteko agindu bazuen ere, ezin delako frogatu haren agindupeko ertzain bat izan zela Cabacas hil zuena.

Justifikatu gabeko erasoa. Gainerakoan, epaiak puntuz puntu desmuntatzen du ertzainen bertsioa. Epaileek frogatutzat jotzen dute gau hartan (2012-4-5, Bilbo) ez zela istilu larririk gertatu kalezuloan, ez dela egia «mota guztietako gauzak» bota zizkietenik ertzainei, eta oldarraldia «neurrigabea eta bidegabea» izan zela.

Jarduera desegokia. Epaileen arabera, argi dago «jendez betetako eta neurri txikiko kalezulo hartan» eraso egiteak «arrisku larrian» jartzen zuela han zeuden pertsonen bizia. Buruan pilotakada bat jaso eta egun batzuetara hil zen Cabacas.

Ertzaintzaren ikerketa. Epaileak oso kritiko dira Ertzaintzak egindako ikerketa «eskasarekin», eta bereziki larria iruditzen zaie armak garbitu izana. Horri dagokionez, baieztapen larria egin dute: armak behar bezala gorde izan balituzte, beharbada posible zatekeen Cabacas nork hil zuen zehaztea.

Egilerik ez. Perituek lortu dute Cabacas hill zuen tiroa gutxi-gorabehera nondik etorri zen zehaztea, baina ez zein izan zen tiro zehatza eta nork egin zuen. Hortaz, egilea ez dute identifikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.