Pastor
DARWIN ETA GU

Osborne, zezena eta bandera

2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont atxilotu nahian ikusi dugu Polizia katalana egunotan. Kontrolak jarri, eta miaketak egin ditu Bartzelonan, legebiltzarretik hurbil. Mossos d'Esquadra Madrilen agindu zuzenetara, zipaismorik lotsagarrienean. Zertarako eta Generalitateko presidentea atxilotzeko. Inork irudikatuko lituzke ertzainak Urkullu atzeman guran, Madrilen eskariari jarraituta? Ezker abertzaleko kideak bai, baina Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, euskal erakundeetatik irtendako legitimitateari lotzeagatik? Ez zaitezte larritu, ez da gertatuko eta.

Puigdemont gora, Puigdemont behera dabiltza hedabideak. Aldebakartasunaren bidetik joko ez duen gobernua behar omen du Kataluniak. Ziri ederra sartu digute aldebakartasunaren kontuarekin. Kazetari katalan batek idatzi zuen lehengoan: aldebakartasun bakarra, benetakoa, Espainiarena da. Katalanak, euskaldunak aldebakarrekoak? Bai zera! Espainiak du boterea eta, batez ere, indarra, horrela jokatzeko. Hark erabakitzen du non, noiz eta nola jo. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak ez du inon esaten Espainiako Gobernuak Kataluniako presidentea kargugabetu, bertako legebiltzarra desegin, eta bozak deitu ahal dituenik. Konstituzioan horixe ezartzen eta arautzen saiatu ziren, hain zuzen, frankista ustez demokratizatuak, 1978an. Manuel Fraga Iribarnek, eskuak odolez beteak zituen ministro frankista ohiak, aurkeztu zuen proposamen hura eta atzera bota zioten. Jakina denez, Fraga APren sortzailea izan zen eta gero handik sortutako PP alderdiaren presidentea. PSOEk gaurko postfrankisten nahiaren kontra bozkatu zuen orduan. Orain, ordea, txaloka ditugu sozialistak, 155.a ezarri dutelako.

Demokrazia? Politika testosterona kontua da Espainian. Potroak. Don Manuel zenak esan zuen inoiz ez zuela kondoirik erabili, gizona zelako. Gizona! Kondoia berdin marikoia zen pepero-en birraitonaren ekuazioa. Testosterona. Errepideen ondoan jarrita dagoen Osborneren zezenaren moduan funtzionatzen du Espainiak. Nazionalismo espainiarraren orroei lotuta dago, hein batean, zezenaren testosterona. Puigdemont sakrifikatzearen komenentziaz Joan Tardak esandakoa zabaldu dute, luze eta zabal, hedabideek. Elkarrizketa horretan adierazitako beste kontu bat ez dute aireratu, baina: ERCko diputatuak Alberto Garzoni galdetu zion zergatik IU eta Podemos ez diren benetan mobilizatu Katalunian gertatutakoa salatzeko. Garzonen erantzuna, argigarria oso: «Malagako balkoietan inoiz ere ez dut ikusi orain beste bandera espainiarrik». Internazionalistak inperioaren banderaren aurrean makurtuta. Iglesias jaunak esan du: ez dugu faxismoaren basapiztia esnatu behar. Autodeterminista hauek nahi ditugu bidelagun, demokraziaren aldeko borroka Larios kaleko balkoietako banderen kopuruaren arabera modulatzen dutenak?

Batzuetan, barregarri bezain negargarria da Espainia. Badirudi prozesu subiranista Ana Rosa Quintanari esker bukatuko dela. Bitartean, egurra Puigdemonti. Cadizko inauterietako chirigota horietan ikusi dugu haren lepoa, gillotinan. Ez naiz ni adierazpen askatasunaren kontra hasiko. Hala ere, behin gillotina marrazten hasita, aukera ezin hobea eskaini die inauteriei 2018ko urtarrilak: 80 urte bete ditu diktadoreak jarritako erregeak; 50 urte bete ditu haren semeak. Zergatik ez ipini orduan haiek biak, aita-semeak, Puigdemontekin batera, alegiazko exekuzioan hirurak akabatzeko? Imajinazio eskasa izan da kontua? Ala ausardia falta?

El Jueves aldizkariak mito erotikoei buruzko ale berezia kaleratu du. Azalean senar-emazteak ageri dira, txortan egiten. Gizonak Angelina Jolie du buruan; andreak, Bertín Osborne. «Me pones burrísimo, Angelines». «Y tú a mí, Torosborne». Ez, senar-emazteak ez dira Espainiako errege-erreginak. Aldizkariak belaunetan marraztu zituen biak 2007an, larrutan, artean printze-printzesak zirenean. Epaileak ale hura bahitu zuen. Orain, errege-erreginak izanda, agian kartzela izango litzateke zigorra. Edo gillotina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.