urtzirrutikoetxea
Kataluniako erreferenduma. LEKU-LEKUTAN

Erregimena bere gordintasunean

2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sezesio prozesuei erreparatzen badiegu, konturatuko gara zelan aldatu den Europako mapa kontinentearen erdi eta ekialdean azken ehun urteotan, zenbat estatu sortu diren hiruzpalau inperio baino ez zeuden lurraldean, eta zelan, horien aldean, mendebaldean ia ez den aldaketarik gertatu: irlandarrek uhartearen zati handiena askatzea lortu zuten matxinada indartsu baten bidez, I. Mundu Gerraren ingurumarian, eta Islandiak ere antzera egin zuen II. Mundu Gerra amaitzean, Danimarka naziek okupatu eta uhartea estatubatuarren kontrolpean egon ondotik. Osterantzean, Alsazia-Lorrena, Italiako azken mugak Adriatikoan eta Alpeetan (Hego Tirol, Trieste), baina estatu berririk ez da eratu azken mendean. Esloveniarrak, eslovakiarrak, lituaniarrak, bosniarrak, estoniarrak, txekiarrak, ukrainarrak, bielorrusiarrak, letoniarrak, georgiarrak, armeniarrak, mazedoniarrak, kroaziarrak, finlandiarrak ere, estaturik gabeko nazioak ziren duela mende bat, eta batzuk hala izan ziren XX. mendearen amaierara arte, euskaldunak, korsikarrak, bretoiak, eskoziarrak edo katalanak bezala.

Hainbat faktore tarteko, estatua daukate herri horiek. Batzuek, galdutako independentziaren memoriari bizirik eutsi eta borroka luzea eginda, beste batzuek, unea baliatzen jakinda soilik, eta badira mugimendu independentistarik ia izan ez eta egun estatu direnak: nahasmenaren erdian Moskura deitu zuten egun batean, eta jabetu ziren Moskun ez zegoela inor telefonoari erantzuteko, ordura arteko estatua desagertua zela eta nola edo hala euren kabuz segitu beharko zutela.

Mendebaldeko demokrazia liberaletan estatu-nazioak arrakasta handiagoa izan du, bainapragmatismo anglosaxoi postinperialean, eskandinaviar sozialdemokrazian, baita jakobinismo frantsesean ere, herritarren borondatetik datozen eskarietara egokitzeko gaitasuna egon da. Lehen bietan, Europa iparraldean, erabat barneraturiko kontzeptua da autodeterminazioa. Eta Frantziak ere jakin izan du, hasierako irmotasunaren ondotik, ukabil errepublikanoa irekitzen parean zeukanaren indarraren arabera, Korsikan zein Kaledonia Berrian. Espainia da salbuespena, geografikoki mendebaldeko demokrazia liberalen taldean egon guran, baina historikoki estatu-nazioa ezin inposaturik. Eta horren aurrean aurkitu duen erresistentziari erantzun egokirik eman ezin.

Lurralde baten independentziari atea irekiz gero, Europa gerra etnikoetan murgilduko den argudioa erabili izan da batzuetan, bide horri ekin gura zionari atea ixteko. Bistan da estatuak kontserbadoreak direla printzipioz, badakitela euren klubean inor sartzeko beste batek bere eremuaren zati bat galdu behar duela, baina badakite halaber oso gutxi direla gaur egun estatu bat eratzeko baldintzak dituzten mugimenduak: beren lurraldeko agintea izan, herritarrak estatu berri baterako konbentzitu eta hori guztia. Printzipioz edozein sezesioren aurka egonda ere, pragmatikoak dira.

Ez nuen usteko egunotan nazioartean entzun diren adierazpenak, gerora ñabardurak etorrita ere, han goiz entzungo genituenik. Vicent Partalek sarritan dakar gogora, nola Estatu Batuek Esloveniari mehatxu egin zioten 1991ko ekainean, independentziarik ez aldarrikatzeko. Lau egunera aldarrikatu zuten, eta hamar egun beranduago, Belgradetik zetorren erasoari aurre egin eta lurraldean kontrola lortutakoan, egoerak ez zuela atzera bueltarik onartu zuen Washingtonek. Handik sei hilera, ia erabateko onarpena zeukan errepublika berriak, eta NBEn sartu zen. Esan genuen legez, Diada pasatakoan Espainiako estatua bere alderik basatiena erakusten hasi da. Eta okerragora egingo du, tamalez, katalanak erreferendumean tematu ahala. Baina Europan oihartzuna ere geroz eta handiagoa da, hedabide handienek azaldu dute gertatzen ari denagatik kezka, eta haien atzetik, erraz irudika daiteke hainbat kantzileriatan piztu den urduritasuna.

Urakanaren unerik gogorrena hemen da, gogor eusteko unea da. «L'Estaca, orain bai, eroriko da», zioen prozesuaren giltzarrietako bat izan den CUPeko Quim Arrufatek. Europan elkartasun olatua piztu beharko litzateke aurki, tradizio demokratikoena duten iparraldean eta estatua berriki lortu zuten lekuetan. Garaipen eta porrota baino ez ditu ulertzen Espainiako estatuak. Eta Kataluniaren garaipena erregimenaren amaiera da. Monarkia, autonomia-estatua, azken 40 (+40) urteotako muntaia hondora datoz. Espainian ere sarraila irekitzeko balioko du, eta katalanek botatzen duten hormatik besteok irteteko lekua egongo da, estatua KO utzita baino ez baitute lortuko independentzia. Hau da, besteontzat ere KO egongo da orduan estatua, erregimen zaharrari eusten saiatzen direnak bazter utzita irten gura izanez gero. Laster gertatuko da dena, baina erregimenak gogor joko du horren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.