Pablo de Blasis. Eibarreko jokalaria

«Buruko kezkak arindu behar ditugu, berriz ere gu geu sentitzeko»

Bigarren denboraldia ari da osatzen Eibarren Pablo de Blasis argentinarra. Erasorako ekarri zuten, baina atzelari dabil orain, eskuinetik. Ezkerrekoa da, ordea, pentsatzeko eta bizitza sentitzeko eran. Futbolaz ez ezik, politikaz ere aritu da.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Osteguneko entrenamendua Ipuruan egin zuen Eibarrek. Orain astean behin aritzen da bertan lanean, zelaiak horretarako aukera ematen baitu. Bukatu eta gutxira azaldu zen prentsako aretoan Pablo de Blasis (La Plata. Argentina, 1988). Futbolaz hizketan hasi, eta politikaz solasean bukatu zuen.

Zer moduz zaudete animoz?

Emaitza bolada txarrean gaude, eta halakoetan, astero saiatu behar da indarrak berritzen, garai txar hori ahalik eta azkarren amaitzeko. Beti bezala ari gara lanean, indar handiz, biharjarrera on hori zelaian erakusteko.

Halakoetan gero eta gehiago kostatzen al da konfiantzari eustea?

Bai. Zenbakiak ez dira onak: gero eta gehiago kostatzen zaigu golak sartzea, guri erraz egiten dizkigute... Horretan egin behar dugu lan, konfiantza eduki lanean, horrek ekartzen baititu emaitza onak. Guk geuk ikusi dugu hori aurreko denboraldietan, baita sasoi honetan bertan ere. Jokatzeko eredu zehatza daukagu, eta berriz aurkitu behar dugu emaitzak onak izan daitezen.

Zertan hobetu behar duzue?

Batzuetan ondo aritu gara, gure jokatzeko moduari hertsiki lotuta. Okerrena litzateke estilo hori alboratzea edo lantzeari uztea. Alavesen aurka ondo jokatu genuen, eta beste horrenbeste egin genuen azkeneko partidan ere, Realaren aurka lehen zatian. Saiatu edo hobetu behar duguna honako hau da: gure erara jokatu behar dugu ahalik eta denbora gehien partida berean, horrek emango baitigu aukera irabazteko. Ez digu balio hamar edo hamabost minutuz egitea soilik. Buruko kezkak arindu behar ditugu, berriz ere gu geu zer garen sentitzeko.

Ematen du golak nahiko erraz sartzen dizkizuetela aurkariek. Ados zaude horrekin?

Oso aurrean jokatzen dugu, baina barneratuta daukagu horrela dela. Azkenaldian erraz samar ari zaizkigu aurkariak golak sartzen. Orduan aldapa gora jartzen zaigu partida, eta konfiantza galtzen hasten gara, irabazteko bi gol sartu behar ditugulako.

Sailkapenari begiratu, eta jaitsiera bi puntura bakarrik ikusita, larritasuna sartzen zaizu?

Gainean dugu zuloa, baina aurrera ateratzeko modu bakarra da partidaz partida joatea. Urrunago begira pentsatzen jartzen bagara, kalte egingo digu.

Partidaz partida joan behar horretan, aurkari zitala datorkizue bihar, Getafe eroso ibiltzen delako Ipuruan.

Aurreko denboraldiko partidan, haiek gu baino erosoago egon ziren Ipuruan. Haien entrenatzaileak ondo prestatzen ditu partidak, baina guk garbi izan behar dugu gurea egiten badugu zaila izango dela Getafek zerbait ateratzea gure etxetik. Buru aldetik ere sendo egon beharko dugu, aurkariaren dohainetako bat baita oso lehiakorrak izatea. Berea egiten oso talde trebea da.

Zuena egite horretan, aurkariaren zelaian presioa egitea da bereizgarrietako bat. Ez da jarrera kontua bakarrik gainera, beste gauza asko ere ondo egin behar dira hor, ezta?

Hala da. Batek presioa gaizki egiten badu, talde osoarenari kalte egiten dio. Baloia berreskuratzen dugunean ere, erabaki onak hartu behar ditugu; eta, noski, zentzua eman jokoari. Gauza asko dira, baina garbi daukat ez dela jarrera kontua, horretan talde hau beti egongo delako ondo.

Erasoan hegaletik aritzeko ekarri zintuen Eibarrek, eta orain zer eta eskuin hegalean bai, baina atzelari ari zara. Aldaketa handia izan al da zuretzat?

Bai. Taldea ondo dagoenean, erosoa da. Baina Bartzelonaren, Real Madrilen eta Realaren aurka ezin izan genuen talde moduan presiorik egin, eta jokalari askorekin egiten ziguten eraso. Larri ibili nintzen partida horietan, baina munduko onena ere berdintsu ibiliko zen. Gauza horiek zuzendu behar ditugu, eta bakoitzak bere lekutik taldeari lagundu behar dio.

Gaurko entrenamenduan [ostegunekoan] ez zaitu atzelari jarri Jose Luis Mendilibarrek. Zerbait esan dizu?

Inoiz ez du ezer esaten [barrezka]. Hark agintzen du, esperientzia handia dauka, ezagutzen gaitu, eta, De Blasis taldeari laguntzeko gai ikusten badu, ni prest edozein lekutan jokatzeko. Horrela lortzen dira helburuak. Denbora galtzea da norbera aztertzen hastea leku honetan onena eman dezakeen edo ez.

Jokatu nahi duzue jokalariok, azkenean.

Edozein lekutan, baina atezain ez, txikia naizelako [barrezka].

Futbolaz aparte, zein beste zaletasun dituzu? Latinoamerikako politikari asko erreparatzen omen diozu, adibidez.

Aurre egiten diet eskuinaren alde egiten dutenei. Ez naiz oso fanatikoa, asko jakin behar delako gai horietaz sakon eta serio hizketanhasi aurretik. Hemen elkarri zirikatzen ibiltzen gara. Egoskor samarra naiz denean, eta beste gauza batzuetan ere tematuta nabil.

Zertan?

Entrenatzaile ikastaroaren lehen maila atera nuen iaz, eta baliteke udan intentsiboa egitea, dena batera ateratzeko; izan ere, Argentinan segituko banu ikasten, ez litzateke hemengoaren baliokide izango. Bokazioz egiten dut.

Futbola ezkerrekoa zen, eta orain eskuina egin da jabe?

Zergatik?

Diruaren interesak sartu direlako, adibidez.

Futbola ezkerrekoa da, munduko bi onenak ezkerrak direlako [barrezka]. Futbola politikarekin nahastuta, itsusi bihurtzen da.

Kaleko futbola galdu da, baita Argentinan ere. Pena, ezta?

Galdu egin da, bai. Potreroak [kaleko futbola Argentinan] ia desagertu egin dira, eta haurtzaroa galtzea bezala da. Orain, umeek leku itxietan jokatu behar dute, eta ordu gutxiagoz jokatzen dute. Gu zazpi orduz aritzen ginen, batere arazorik gabe, baina orainez da segurua kalean hainbeste denbora ibiltzea. Gure belaunaldia izan zen azkena kalean jokatzen.

Ez da giro Latinoamerikan.

Esnatzen ari da, eta konturatzen herriak kapitalismoaren mende daudela. Bizitza osoan lapurtu egin diete, eta jendea nazkatu egin da. Eskubideak eduki nahi ditu, duintasunez bizi.

Aitak eragin omen dizu gai horiekiko interesean. Hala da?

Bai, baina Eduardo Galeanoren liburu bat irakurtzean esnatu nintzen: Las venas abiertas de América Latina. Amak oparitu zidan. Batek daki Latinoamerikako aberastasunak lapurtu ez bazituzten, zer izango zen gure lurraldea orain.

Euskal Herriko egoera politikoari ere kasu egiten omen diozu.

Gustatzen zait nagoen lekuaren berri izatea. Berezia da hemengo egoera, borrokan ari den herri bat dago hemen. Gustatzen zait futbolak honelako leku aberasgarrietara eramatea. Zorteko naiz, Grezian eta Alemanian ere jokatu izan baitut.

Euskararekin zer moduz?

Alabak erakusten dizkit hitz batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.