Etorkin siriar baten gorpua topatu du Poliziak Polonian, Bielorrusiako mugatik gertu

Iturri ofizialen arabera, Bielorrusiak EBrekin duen mugan hildako 11. migratzailea da. Putinek Mendebaldeari egotzi dio migrazio krisia

Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Siriako gazte baten gorpua topatu dute Polonia ekialdeko Wolka Terechowska herrian, baso batean, Bielorrusiako mugatik oso gertu, Poliziak jakinarazi duenez. Beraz, iturri ofizialek jakinarazitakoa kontuan hartuz, jada 11 dira Bielorrusiak Poloniarekin, Lituaniarekin eta Letoniarekin, alegia, EB Europako Batasunarekin, dituen mugetan migrazio krisia piztu zenetik bi aldeetan hildako etorkinak. Bruselaren arabera, Minskek sortu du krisi hori. Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak, baina, akusazio hori egiaztadezaketen «frogak» eskatu dizkio EBri, Errusiako hedabide batek atzo kaleratutako elkarrizketa batean.

Poloniako hedabideek kaleratu dutenez, 20 urte zituen hil denak. Poliziak ohar batean adierazi du ezin izan dutela argitu heriotza zerk eragin zion. Poloniako mugazainek esan dute azken 24 orduetan 219 papergabe ahalegindu zirela Bielorrusiatik muga zeharkatzen; Lituaniakoek ere eman dute zenbaki bat: 144 saiatu ziren gauza bera egiten. Varsoviarentzat, Bielorrusiako polizia indarrek bultzatzen dituzte horretara.

Tentsioak nabarmen egin du gora azken astean, batez ere Polonia eta Bielorrusia arteko mugan. Mariusz Kaminski Poloniako Barne ministroak RMF irrati pribatuan atzo nabarmendu zuenez, 1.500 bat pertsona daude mugako kanpalekuetan, Hrodna (Bielorrusia) inguruan, eta iruditzen zaio zenbaki horrek goraka jarraituko duela. Baldintza oso kaskarretan bizi dira han kanpatuta dauden errefuxiatuak —gehienak Irak eta Siriakoak dira—.

Gainera, oraindik negua izan ez arren, urteko sasoi honetan tenperatura nekez igotzen da 0 gradutik eremu horretan. Horrek are gehiago zaildu du egoera, eta Poloniak, Lituaniak, Letoniak,Estoniak eta Austriak eskatu diete nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeei laguntza humanitarioa emateko eta osasun arreta eskaintzeko Bielorrusiako mendebaldeko mugan dauden migratzaileei.

Vladimir Putin Errusiako presidentea auziaz mintzatu zen, atzo, Errusiako telebista publikoan, etaMendebaldeko herrialdeak jo zituen krisiaren erantzuletzat. «Ez da ahaztu behar nola hasi ziren migratzaileen krisiak. Bielorrusiak eragin zituen? Ez, Mendebaldeko herrialdeek sortutako arrazoien bide gertatu ziren». Eta Putinek aipatu zituen, besteak beste, Iraken eta Sirian aurrera eramandako operazio militarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.