Golik gabe, ezin ametsa bete

Athleticek etekin gutxi atera dio ligako norgehiagoka askotan egin duen jokoari. Gaizka Garitanok golegile baten falta sumatu du. Erasoko jokalariek beste aukera bat dute gaur, San Mamesen, Getaferen aurka.

Iñaki Williams eta Asier Villalibre, elkar besarkatuta. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailako bost taldek baino ez dute Athleticek baino gol gutxiago sartu orain arte. Bada, bost talde horiek sailkapeneko azken sei postuetan daude. Talde zuri-gorriak defentsako lan bikaina egingo ez balu zein egoeratan egongo litzatekeen ez pentsatzea izango da onena. Baina ez da Athleticek soilik duen arazoa. Gol sena duten futbolariak gutxi daude. Lezaman kosta egiten da jokaldiak amaitzeko erraztasuna duten futbolariak ateratzea. Berezkotik asko baitauka golegileak. Merkatuak ere aukera gutxi eskaintzen du. Gutxi daude, eta daudenak oso garestiak dira. Ondorioz, nekez konpon daitekeen arazoa da. Golak sartzeko ardura taldekide guztien artean banatu, eta etxeko gazteekin konfiantza eta pazientzia izatea dira arazoari aurre egiteko bideak.

WILLIAMS, JOMUGAN

Gaizka Garitanok gehiago eskatu zion Iñaki Williamsi Espanyolen kontrako partida amaitutakoan, eta aurrelariak Espainiako Kopan Teneriferi bi gol sartuta erantzun zion. Hala ere, Williams ez da ate aurrean argitasuna duen futbolaria. Patxada eta ikasten ez den hori falta zaizkio. Gola sartzeko aukera asko sortu behar ditu bat asmatzeko. Kontua da sarri askotan berak sortzen dituela aukera horiek. Ez dauka beste inoren beharrik. Athleticen, ahalmen hori daukan bakarra da. Horregatik da erreferentzia. Hala ere, Athleticeko erdiko aurrelari jokatzeko, bizkarrez jokatzen ikasi behar du. Bestalde, errematea landu behar du. Hobetu dezake. Orain arte, lau gol sartu ditu ligan.

VILLALIBRE, ESPERANTZA

Garitanori kosta egin zaio Asier Villalibreri aukera ematea. Sasoi hasieran, laugarren aurrelaria zen. Bada, egun bigarren edo hirugarren aukera da. Gernikarrak baliatu egin ditu eman dizkioten aukerak. Bizkarrez egin beharreko jokoa menperatzeaz gain, bi oinekin errematatzeko erraztasuna dauka. Ez du bitan pentsatzen. Kopan gol bi sartu ditu, eta ligan bat. Pazientzia izan behar da harekin, baina, ondo eramanez gero, jokalari baligarria izango da Athleticentzat. Goren mailako jokalaria izan daitekeela erakusten hasia da.

RAUL GARCIA, EDOZERTARAKO

Raul Garcia talde jokalaria da. Beti jartzen du taldea beraren interesen aurretik. Sasoi honetan, esaterako, askotan jokatu du erdiko aurrelari postuan, bere dohainak azaltzeko egokiena ez den postuan. Bera aurrean jarri eta Williams hegalera bidalita, Athletic hobeto aritzen da erasoan, etxean. Bestalde, ez da ahaztea komeni adinean aurrera doala (33 urte ditu), eta denbora askoan jokatuz gero, haren gorputzak nabari dezakeela. Azken jardunaldietan, ez dabil bere onena ematen, baina, hala ere, taldeko golegilerik onena da: sei gol sartu ditu. Bi oinekin zein buruarekin, errematatzaile ona da. Taldeko gazteek maisu ona dute Lezaman ate aurrean egin behar diren gauzak ikasteko.

MUNIAIN, WILLIAMS BEZALA

Erdilari aurreratu oso on bat izar bihurtzeko, gola behar da. Bada, Iker Muniainen gabezia nagusia area inguruan duen muga da. Bistan da erdilari bati ezin zaiola erdiko aurrelari batek izan behar duen gol sena eskatu, baina iruindarrak badauka gabezia. Sormen handiko futbolaria da. Asko ari zaio ematen Athletici. Baina kosta egiten zaio golak sartzea. Lau sartu ditu denboraldion.

BESTEEK, AUKERA GUTXI

Ibai Gomezek, Iñigo Cordobak, Kenan Kodrok eta Aritz Adurizek ez diote asko eman taldeari. Adurizen kasuan, ezin izan duelako. Min hartuta egon da —Getaferen aurkako gaurko partidarako deialdian dago, baita Unai Simon ere—. Gainera, bere ibilbideko azken pausoak ari da ematen. Baina itzal luzea du oso. Ispilu bat da erdiko aurrelari izan gura duten gazteentzat. Kosta egingo da hura ordezkatzea. Ibai Gomezi, Cordobari eta Kodrori, berriz, gehiago eskatu behar zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.