Hau ez da bukatu oraindik

Athleticek eta Realak Europarako sailkatzeko aukera izango dute jokoan azkeneko jardunaldian. Alavesek eta Eibarrek, berriz, postua baino ez dute izango dantzan.

Jokalariak eta zaleak bat eginda, Susaetari, Iturrasperi eta Ricori egindako omenaldian. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Azkena baino ez zaio falta Espainiako Lehen Mailako Ligari denboraldi honetakoak kitatzeko, eta, beti gertatu ohi den moduan, talde batzuek lana burutu gabe daukate oraindik. Multzo horretan dira Athletic eta Reala, biak ere datorren denboraldian Europan jokatzeko saria emango duen aukeraren bila. Ezer jokoan ez dutenen artean daude, aldiz, beste bi euskal taldeak: Alaves eta Eibar.

Athletic zazpigarrena da oraintxe, eta Sevillaren zelaian emango dio akabera lehiaketari. Seigarren sailkatuta daude espainiarrak, eta hiru puntuko koska dago bien artean. Zuri-gorrien kalterako, Sevillak aukera dauka sari potoloago bat eskuratzeko: laugarren bukatu, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu. Aurretik dituen Getafek eta Valentziak kale egin behar dute horretarako. Joaquin Caparrosen taldeak bi puntu goitik dauzka bi horiek, eta ez dirudi galtzeko moduko partidak dituztenik: Valentziak Valladolid hartuko du, eta talde horrek herenegun eutsi zion mailari; Getafek salbazioa lortu berri duen Vila-real jasoko du. Logika betetzen bada, Sevillak zail izan behar luke Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta partida horiek guztiak larunbatean direnez, 16:15ean, Sevillaren irabazteko beharra apaldu egin daiteke beste bi aurkarien emaitzak aldeko ez baditu.

Beraz, Sevillako partidan hau bakarrik legoke jokoan: seigarren lekua. Athleticek irabazten badu, seigarren izango da, eta beste edozein emaitzarekin, ez. Eta hemen azaltzen da Reala, eta txuri-urdinek Espanyolen zelaian jokatuko duten partida. Athleticek galtzen badu eta Realak irabazi, gipuzkoarrentzat izango da zazpigarren lekua. Horixe da aukera bakarra Imanol Alguacilen jokalarientzat. Baina ez da lan samurra izango, Espanyol egoera berean baitago, Realaren puntu kopuru berarekin. Harentzat ere irabaztea da aukera bakarra, eta Athleticek galtzea.

Bartzelona, Ipuruan

Lasaiago ibiliko dira Alaves eta Eibar, biak etxean ariko baitira, eta postua baino ez baitute jokoan. Alavesek Girona hartuko du larunbat gauean (20:45); aurkariak ia ezinezko du mailari eustea. Eibarren, berriz, igande arratsaldean (16:15) Bartzelona egongo da, Ligako txapelduna, baina Txapeldunen Ligan belarrondokoa hartutakoa. Ikusi beharko da zein talde aterako duen. Alavesek eta Eibarrek lehen hamarren artean bukatu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.