Japoniari 2-0 irabazi, eta multzoko buru sailkatu da Ingalaterra

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko ekainak 20
Bi gauza zeuden erabakitzeko D mutzoan, eta horietako bat baino ez zen argitu atzo. Ingalaterrak eta Japoniak multzoko lehen tokia zuten jokoan, eta aurrena nagusitu zen: 2-0. Lehiatua eta parekatua espero zen haien arteko norgehiagoka. Japoniak izan zuen jokoaren ekimena, baina Ingalaterrak gola. Partidako bi golak Ellen Whitek egin zituen, 15. eta 84. minutuetan. Biak Japonia hobeto ari zen momentuetan iritsi ziren.

Hor egon zen aldea. Izan ere, Japonia izan zen erasoan gehien ahalegindu zen taldea, ezinbestean garaipena behar baitzuen lehenengo izateko. Baina aukerarik argienak ez zituen aprobetxatu, eta minutu batzuetan jarraitutasuna falta izan zitzaion.

Ingalaterrak, berriz, nahikoa zuen berdinketa, eta txapelketan zehar atzealdean erakutsitako sendotasunari aurrealdean duen kalitatea gehitu zion atzoko norgehiagokan.

Airean zegoen baita ere Eskoziak edo Argentinak txapelketan jarraituko ote zuten, eta ez da argitu. Partida eroa jokatu zuten. Eskozia 3-0 aurreratu zen Kim Littelek (19. min.) Jennifer Beattiek (49. min.) eta Erin Cuthbertek (68.min.) sartutako golei esker. Baina azken 20 minutuetan Argentinak lehia iraultzea lortu zuen. Milagros Menendezek (74. min.) eta Flor Bonsegundok (79. eta 94. min. penaltiz) egin zituzten golak. Hala, bi punturekin, eta gaurko emaitzen zain, final-zortzirenetan egoteko aukerei eusten die Argentinak.

Lehen postua jokoan

Gaur geratuko dira erabakita final-zortzirenak, E eta F multzoko hirugarren saioa jokatu eta gero. E multzoan Herbehereak eta Kanada sailkatuta daude, eta haien arteko lehian multzoko buru nor izango den argituko dute. Gauza bera izango dute jokoan Suediak eta AEBek E multzoan. Kamerunek, Zeelanda Berriak, Thailandiak eta Txilek final-zortzirenetan egoteko azken aukerak xahutuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: