KRITIKA. Donostiako 78. Hamabostaldia

Metal besterenezinak

Arkaitz Mendoza.
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun

CincinnatiOrkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Louis Langree.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 29.

Aurtengo Musika Hamabostaldia txikitasunean zokoratzen duen Santander-Donostia edota Donostia-Santander musika jaialdi trabesian orkestra estatubatuar bat aurkitu dugu. Gurea bereziagoa eta ospe handiagokoa izan da beti, betiko musikatik eta musikarietatik aldenduz, euskal zigilu eta berritasunaren zutoihal zen horietakoa. Santander gutxietsi gabe, zerbait gehiago eskatzen zaio Musika Hamabostaldiari, betiko produktuak erostearekin konformatu gabe. Gutxienez honakoan duela hogei urte gure agertokietatik pasatu ez den fenomeno bat gerturatu zaigu: orkestra estatubatuar bat. Azken bi hitz hauek idatzi bezain pronto haize metal ikaragarri bat datorkigu burura, pelikuletan boteretsu egiten diren horietako bat. Cincinnatikoa ez zen motz geratu, tronpak, tronpetak eta tronboi taldeak, tubarekin batera, auditoriuma lehertu zutelako, ez potentzia entzungaitz batean zehazki, indar eta ahalmen gaitasun zoragarrian baizik.

Ameriketako Estatu Batuetan beren produktua bikain saltzen dute, «amerikarrak gara eta musika amerikarra interpretatuko dizuegu». Ea gure eremutik ikasgai hau behingoz ikasten dugun. Eta beren musikan maisu agertu ziren; bai Leonard Bernsteinen, bai Aaron Coplanden erritmo bizi eta alaitsuetan, zalutasun aparta erakutsi zuten atril guztietan. Atzeko metal eta perkusioekin alderatuta, harizko instrumentuak txiki jaso ziren, baina normaltzat jo genezake, guztiz ulergarria. Haize egurrean lan gehiago du Louis Langree zuzendari frantziarrak; oboe eta fagot bakarlariak soinu kokilduan ixten dira, oboe txirulari bat eta fagot opako baten esanak pairatuz. Flauta eta, batez ere, klarinete bakarlariak bereziki dotore azaldu ziren Lincoln Portrait obran.

Atsedenaldiaren ostean, musika errusiarraren bandera den Piotr Ilitx Txaikovskiren Bosgarrena. Langréek interpretazio sentikor bat eskaini zigun, bai botere esparruan, bai sotiltasun zeluletan. Ez zen oso inguratzaile azaldu Andante cantabile zoragarrian, Sinfonia osoan leitmotiv den melodia ameslari agertu ordez, kartsuegi kolpatuz. Halere, Cincinnatiko orkestrak argi asko utzi zuen tradizio askoko belaunaldi pila bateratzen dituen arrastoak ziur iltzatuta dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.