Bartzelona 2-1 Reala

Amaiera jakineko ipuina

Esku hutsik itzuli da Reala Bartzelonatik, eta agur esan die Europara sailkatzeko aukera urriei. Zubeldiak min hartuta utzi du zelaia; azken partidak gal ditzazke

Bartzelonako jokalariak atzoko partidako bigarren gola ospatzen. Aurrean, Diego Llorente Realeko jokalaria, atsekabe keinuarekin. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Bartzelona</i>
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Lengletek. (45.min). 1-1: Juanmik (62.min). 2-1. Jordi Albak (63. min).Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Realeko Merinori. Bestelakoak. 75. 472 ikusle Camp Noun.

Egun handia da Sant Jordi Bartzelonan, eta Realak ez zien bertakoei festa giroa zapuztu nahi izan. Euren talde kutunak hiru eguneko aurrerapenez egin zien oparia Camp Noura hurbildu ziren zaleei. Bestela ezin zuen eran, liburu bat oparitu zien. Protagonista Reala bera zen ipuin bat. Bartzelona erraldoia garaitzea beste xederik ez zuen gerlari baten gisan aurkeztu zen. Kataluniarren gaztelua eraistera joandakoek ondo eutsizieten etxekoen kontraerasoei,eta intriga pixka bat sortu zuten hasiera batean. Alabaina, estadiora bertaratukoek berehala igarri zuten gidoia aurrez irakurritakoaren kopia bat besterik ez zela.

Lehen zatian neurketari traza hartzen aritu zen Bartzelona. Ondo ikusi nahi zuen Realak zer joko proposamen egiten zuen, eta horren arabera antolatuko zuen bere egitekoa. Aurrelariak izan ziren estrategia horretatik aldendu ziren bakarrak. Messik, Suarezek eta Dembelek beren abagune urriak aprobetxatu nahi izan zituzten Rulliren atea zulatzeko, baina atezain argentinarrak ondo geratu zituen saiakera urriak.

Reala izan zen benetako arriskua sortzen lehendabizikoa. 35. minutuan izan zen; Zubeldiak zelai erdian berreskuratu zuen baloia, eta Pardori eman zion. Errioxarrak luxuzko pasea eman zion Juanmiri, eta espainiarraren jaurtiketa Ter Stegenek urrundu zuen. Alderatzea Willian Joseri iritsi zitzaion, area txikian, baina langa gainetik kanpora joan zen.

Realak zituen armez orduantxe ohartu zen Bartzelona, eta bere jokoari abiadura bat eman zion. Pixkanaka donostiarren areara gerturatzen hasi zen, eta txuri-urdinei harresia nola zulatu pentsatu zuen. Ez zuen asmatzen jokoaren bidez. Realak itxi egin zizkion zirrikitu guztiak, eta beste modu batera egiteko beharraz jabetu ziren kataluniarrak.

Atzeko lerroko jokalari batek asmatu zuen azkenean. Atsedenaldia gainean zela, Bartzelonak korner bat izan zuen bere alde, eta Lengletek sareetara bota zuen Rakiticen erdiraketa. Atzelari frantziarrak bikain errematatu zuen baloia, eta Rullik ezin izan zuen ezer egin hura gelditzeko. Gauza handirik egin gabe, baina aurretik ziren etxekoak.

Bigarren zatian are zorte handiagoa izan zuten etxekoek. Jokalariak zelaira itzuli eta hamar minutu ere igaro ez zirenean min hartu zuen Igor Zubeldiak, eta horrek izugarrizko zuloa sortu zuen Realaren defentsan.

Halere, amore emateko asmorik gabe zeuden txuri-urdinak. Ia hiru hamarkada zeramatzaten Camp Noun irabazi gabe, eta horrekin amaitu nahi zuten kosta ahala kosta. Galtzekorik gabe, kontraerasora jo zuten Imanol Alguacilen jokalariek eta aurkitu zuten berdinketa lortzeko zirrikitu bat. Merinoren pase bat baliatu zuen Juanmik, eta sareetara bota zuen baloia.

Pozak ez zuen asko iraun donostiarren etxean, berdintzea lortu eta hurrengo jokaldian bigarrena egin baitzuen Bartzelonak. Jordi Alba izan zen golegilea. Ordutik aurrera, nagusitu egin zen Bartzelona, eta gol gehiago sartzeko aukera izan zuen. Reala, berriz, irabazi ezinik itzuli zen etxera, bi hamarkadatik gora irauten duen madarikazioa hautsi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.