Reala ezin da kateatu Europarako bidean, gaur, Elxen

Bolada txarrean da aurkaria, eta oso onean Imanolen taldea. Mikel Merino hasierako hamaikakora itzultzeko moduan dago

Alexander Isak jaurtiketa bat egiten, Espanyolen aurkako partidan. A. C. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Realak Europan jokatu nahi du hirugarren denboraldiz jarraian, eta bere esku daukana egin behar du: partidak irabaziz, ez galdu oraingoz oinetan duen helburua. Aurkariak ez daude barkatzeko: Sevillak eta Betisek irabazi egin dute. Hobea izan zen txuri-urdinetzat Vila-realen eta Athleticen arteko berdinketa. Zortzi partida geratzen zaizkio liga amaitzeko, eta gaur du aurrenekoa Elxen. Atzeko zuloan dagoena ez, baina atzeraka doan taldea da hiri horretakoa, eta Realak ez du aitzakiarik.

Hori idaztea eta esatea erraza da, hala ere. Badu ñabardura handi bat: zelaian idatzi eta esan behar direla gauzak, eta jokalarien ardura direla kontu horiek. Gauzak bere-berean joanez gero, Realekoak hobeak dira Elxekoak baino, baina erakutsi egin behar.

Bolada ezberdinetan datoz bi taldeak. Azkeneko bost partidak kontuan hartzen badira, Elxek lau galdu ditu. Entrenatzailea aldatu zuenean, Francisco iritsi berriarekin sekulakoak eta bi egin zituen, eta zulotik urrundu zen. Baina xanpainari nola, horrela jaitsi zaio aparra, eta, orain, jaitsieratik sei puntura dago. Reala, aldiz, zintzo ari da berea betetzen, eta azkeneko bost partidetako multzoan, hiru irabazi ditu, bat berdindu eta beste bat galdu. Datuokin, ospakizunak ez lirateke aparteizan behar partida amaieran. Realak berretsi egin behar ditu zelaian kontu horiek, gero ez daitezen bihurtu esnezalearen kontuak.

Imanolek izango du non aukeratu hamaikakoa deliberatzen hasten denean, dagoeneko ez badu erabakia, behintzat. Funtsezko dituen jokalarietako bat da Mikel Merino, eta osatu da, edo azkenaldian baino osoago dago; hasieratik jokatzeko moduan behar luke nafarrak. Luzerako jokatu ezinda daudenak bakarrik daude etxean. Ikusi egin beharko da Isak berriz ere ezker hegalean jartzen duen, azkeneko partidan bezala. Elxen, Boye aurrelariak zulo handia utziko du.

ELX-REALA
Elx. Badia; Palacios, Enzo Roco, Bigas, Mojica; Tete Morente, Mascarell, Gumbau, Fidel; Pere Milla eta Ponce.
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Diego Rico; Zubimendi, Merino, Silva; Djouahra, Sorloth, eta Isak.
Epailea. Cuadra Fernandez.
Lekua. Martinez Valero.
Ordua. 18:30 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.