Luis Fuentes. Antolatzailea

«Nafarroan hasi omen ziren lehen patata tortillak egiten»

Fuentesek uste du tortilla on bat egiteko funtsezkoena kalitatezko osagaiak direla. Horrez gainera, ezinbestekotzat jo du sukaldean maitasuna jartzea. «Urintsua da tortilla ona».
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abuztuak 22
Urterik urtera aurkezten diren patata tortillak hobeak izaten direla uste du Luis Fuentesek, Hontzak konpartsako kideak. Lehiaketako antolatzaileetako bat da. Pozik ibili zen atzo ere, Areatzan zabaldu zen tortilla usain artean.

Zenbat tortilla aurkeztu dira aurten?

Guztira, 445 tortillak eman dute izena; agian, baliteke baten bat azken orduan ez aurkeztea, baina kopurua hor inguruan ibiliko da.

Eta nola ebaluatzen dira hainbeste tortilla?

Aste Nagusiko gastronomia lehiaketetan, epaileak lau taldetan banatzen dira, eta bakoitzean bost bat kide egoten dira. Lehenengo tortillen aurretiko hautaketa bat egiten dute, eta, horretarako, kontuan hartzen dute tortillaren itxura, patata eginda egotea eta gatz puntu egokia izatea. Azken fasera 30-40 tortillarik onenak iristen dira, eta epaileek irabazteko egokiena iruditzen zaiena puntuatzen dute.

Zer izan behar du tortilla perfektu batek?

Ezaguna den bezala, errezeta oso sinplea da. Funtsezko hiru elikagai ditu: arrautza, patata eta gatza. Patata gizartearen garairik txiroenetan oinarrizko elikagaia izan zen, jende asko salbatu zuen. Azkenik, sukaldean gauza gehienekin bezala, patata tortilla maitasun apur batekin egin behar da.

Orduan, zein aholku emango zenieke parte hartzaileei?

Logikoki, lehenengo tortilla ez da sekula ondo aterako. Tortilla ona izateko, urintsua izatea oinarrizkoa da. Eta ez da gauza bera baserriko arrautzak edo etxe azpiko supermerkatuan erositako arrautza merkeak erabiltzea, zaporea ez baita berdina. Hori horrela, tortilla dastatzeko orduan, baserriko arrautzak dituen tortilla batek aise irabaziko du oso ondo eginda dagoen baina supermerkatuko arrautzak dituen beste baten aldean. Sukaldean, produktua funtsezkoa da.

Nondik dator patata tortilla?

Hainbat teoria daude, eta ia beti patata tortilla Espainiako patata tortillatzat hartua izan da. Baina gaur goizean bertan jakin dugu 1817. urtean Nafarroan hasi zirela lehen patata tortillak egiten. Garai hartako erregearen lege baten ondorioz, merkataritzaren mugimendua baimentzeko, patatak eta arrautzak edukitzea beharrezkoa zen, eta Nafarroak bazituen. Horrez gainera, gosea kentzeko beharra ere bazegoen. Baina, ez zen soilik patatekin egiten, ogia ere erabiltzen zen.

Tortilla orduan Euskal Herriko produktua da?

Hala dirudi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna