Zegamako festa hastear da

Igandean jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Kilian Jornet eta Stevie Kremer iazko irabazlerik gabe.

Aurten, lehen aldiz, kilometro bertikala ere antolatu dute, ostiralean

Unai Ugartemendia -

2015eko maiatzak 12
Zegama-Aizkorri guztiak izaten dira bakarrak, bereziak. Parte hartzaileentzat batez ere. Aurtengo lasterketak eta palmaresak ere halakoak izango dira: alde batetik, ez du parte hartuko Kilian Jornetek, azken zortzi urteetan zazpi garaipen lortu dituen korrikalariak; bestetik, iaz emakumeetan irabazi zuen Stevie Kremer ere ez da irteeran izango; eta, urtebeteko etenaldiaren ostean, Oihana Kortazar bueltatuko da.

Igandean jokatuko da, urtero legez, Zegama-Aizkorri mendiko maratoia. Hamalaugarrena izango da. 2002an jokatu zen lehenengo aldiz eta, geroztik, aldaketa nabariak izan dira antolakuntzan, ibilbidean eta gehienbat lasterkarien mentalitatean. Garai hartako oroitzapenak aspaldikoak diren arren, lasterketaren antolatzaileek gogoan dute zer-nolako zailtasunak izan zituzten lasterkariak elkartzeko. Ez zen nolanahiko lasterketa, maratoiaren luzerakoa zen, eta jendeak errespetu handia izaten zion distantziari. Uztailaren 7an jokatu zen, San Fermin egunez. Lehen garaileak Martin Tolosa eta Rosa Lasagabaster izan ziren. Egun hartan irabazleak helmuga gunea igaro zuten 201 lasterkariak izan ziren.

Urteen poderioz, Zegama-Aizkorri lasterketa erreferentzia bihurtu da mundu osoko beste lasterketentzat. Aurten ia sei mila lagunek eman dute izena bertan parte hartzeko. Aipatzekoa da, bestalde, hamalau urte hauetan parte hartu dutenen zerrenda.

Urte hauetan guztietan irabazle asko izan dira bi kategoriatan. Horien artean daude munduan oso ezagunak diren lasterkariak. Lehen garailea euskalduna izan bazen ere, kanpotik etorritako jendea izan da jarraipena eman diena: Fernando Garcia madrildarra, Mario Poletti italiarra, Rob Jebb eta Ricky Lightfoot ingelesak, Ricardo Mejia mexikarra eta, guztien artean aipagarriena, zazpi aldiz irabazle izan den Kilian Jornet kataluniarra.

Emakumezkoetan ere aipagarriak dira irabazle izan direnen izenak: Esther Hernandez kataluniarra (bi garaipen), Corinne Favre frantziarra (hiru garaipen), Angela Mudge eskoziarra, Emanuela Brizio italiarra (bi garaipen), Oihana Kortazar euskal herritarra (bi garaipen), Emelie Forsberg suediarra eta Stevie Kremer estatubatuarra.

Maratoiaz gain, aurtengo Zegama-Aizkorriko festak beste lasterketa bat izango du jokoan: kilometro bertikala, ostiralean. Lehengo aldiz jokatuko da aurten, eta izugarrizko ikusmina sortu du. Seiehun pertsonak eman zuten izena, baina 150 baino ez dira izango irteeran. Lasterketa puntuagarria izango da Euskal Herriko Bertikalen Koparako. Ibilbideak 3,248 kilometro izango ditu eta 1.015 metroko gorabehera positiboa. Irteera Arriandin (505 metro) izango da, 16:00etan, eta helmuga, berriz, Aitxuriko gainean (1.520 metro). Irteeran izango dira Didier Zago, Laura Orgue, Vanesa Ortega, Stephanie Jimenez eta Oier Ariznabarreta, Maite Maiora, Mikel Beunza, Montse Vazquez eta IƱigo Lariz. Espezialistak eta bestelakoak.

Igandean, berriz, lasterketa nagusia jokatuko da, maratoia, 09:00etan. Zegama-Aizkorriri norbaitek izena eta sona eman badio, Kilian Jornet korrikalari kataluniarrak eman dio. Parte hartu duen urte guztietan irabazi du; ia gehienetan jaun eta jabe izan da. 2007an, 19 urterekin debutatu zuen Zegama-Aizkorrin. Inor gutxik ezagutzen zuen korrikalaria zen garai hartan, nahiz eta ordurako Kataluniako selekzioko partaide izan. Geroztik, beste sei aldiz parte hartu du eta irabazi.

Hernando, Di Gasperi...

Meritu handiko garaipenak izan dira, atzetik izan dituen korrikalariak aintzat hartuta: Marco Di Gasperi italiarra eta Luis Alberto Hernando espainiarra, esaterako.

Aurten, ordea, ez da Goierri aldean izango. Buru-belarri dabil Summits of my Life proiektuarekin (Nire bizitzako gailurrak). Maiatzean Everest ezagutu behar zuen, datorren urtean igoera eta jaitsiera marka ezartzeko. Baina, Nepalgo lurrikararen ondorioz, ezin izan da Everestera joan, eta Nepalen geratu da, bertakoei laguntzen. Aurten haren falta igarriko da gehien.

Zegama-Aizkorrin parte hartuko dutenen artean lasterketa irabazteko lehian izango dira iaz bigarren, hirugarren eta laugarren izan ziren Luis Alberto Hernando espainiarra, Marco De Gasperi italiarra eta Gasteizen bizi den Ionut Zinca errumaniarra. Iaz hiru minutu eskaseko aldea egon zen hiruren artean.

Beste multzo batean daude, ezustekoa emateko prest, Ricky Lightfoot ingelesa (2009an irabazi zuen), Aritz Egea euskalduna, Tadei Pivk italiarra, Michel Lanne frantziarra, Zaid Ait Malek marokoarra eta Manuel Merillas espainiarra.

Jokin Lizeaga urnietarra ere irteeran izango da azkenean. Iaz zortzigarren izan zen, lau orduz azpitik. Bere sasoirik onenean izango ez den arren, lasterketaz eta giroaz gozatzeko prest azaldu da euskal selekzioko kidea.

Emakumeetan ere lehia ikusgarria izango da. Iazko irabazleak, Stevie Kremer estatubatuarrak, ez du parte hartuko. Bestela, munduko korrikalari onenak izango dira Zegaman, iazko bigarrena eta hirugarrena barne: Elisa Desco italiarra eta Maite Maiora euskalduna. Horiez gain, baita Emelie Forsberg, Laia Andreu, Uxue Fraile eta 2011ko eta 2012ko irabazlea, Oihana Kortazar ere. Iaz ez zuen parte hartu, haurdun baitzegoen. Aurten parte hartzeko gogotsu dago. Denboraldia oso ondo hasi du eta, okerrik ezean, aurrean ibiliko da Kortazar.

Euskal selekzioa, prest

Euskal selekzioko ordezkariek ere parte hartuko dute Zegama-Aizkorrin, etxeko lasterketa nazioartekoenean. Denboraldia ondo hasi dute. Aritz Egea urretxuarra hirugarren izan zen Alhaurin el Grandeko (Malaga) Espainiako Txapelketan, eta Maite Maiora mendaroarrak irabazi egin zuen. Gainera, taldeka ere bigarren postua lortu zuten. Euskal selekzioaren izenean lehiatuko direnen artean aipatzekoak dira Aritz Egea, Iban Letamendi, Aitziber Ibarbia, Hassan Ait Chaou, Elena Calvillo eta Uxoa Irigoien.

Faboritoak alde batera utzi gabe, Zegama-Aizkorriko lasterketa lasterkari xumeen lasterketa ere bada. Aurten izena eman zuten ia 6.000 korrikalarietatik 500 bakarrik izango dira irteeran. Era guztietako lasterkariek bat egingo dute: debutariek, aldi guztietan parte hartu dutenek, munduko onenek, Euskal Herriko eliteak, gozatzea eta amaitzea helburu dutenak...

Baina Zegama-Aizkorri bakar eta ikuskizun bihurtzen dutenak ez dira korrikalariak eta ibilbidea soilik. Ikusleak ere badira. Korrikalariak nekez sentituko dira bakarrik, eta jendearen animoek nekea ahantzaraziko diete Otzaurten, Aratzen, Sancti Spiritu edota Aizkorrin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria