Koronabirusa

Gero eta ikasle gehiago daude bakartuta ikastetxeetako kasuengatik

Jaurlaritzak esan du 80 ikasgela gehiago itxi dituela; ia 300 daude itxita Hegoaldean. Nafarroak laguntza emozionala emanen die ikasleei

Ikasgela huts bat Hernanin, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikasle gehienentzat bi aste besterik ez da igaro ikasturtea hasi zenetik. Aurreikusi bezala, pandemiak eta hari aurre egiteko itxialdiak guztiz baldintzatu dute ikastetxeen ohiko funtzionamendua, hasiera-hasieratik. Areago, egunetik egunera gogorrago ari da birusa ikasturtean eragiten. Hego Euskal Herrian 295 ikasgela daude itxita. Zehazki, datuen arabera, lau lurralde horietako 180 ikastetxetan eragin dute ikasle taldeen bakartzeek.

Birusak ate asko zarratu zituen atzo. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen 80 ikasgela gehiago itxi zituela, eta, hori aintzat harturik, guztira 172 ikasgela daude hetsita Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, 111 ikastetxetan gertatu dira bakartze horiek. Argitu du hezkuntza sisteman diren ikasgela guztien %0,98 direla horiek. Bestalde, Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza soilik hartuta 123 ikasgela daude itxita Nafarroan, hau da, ziklo horietako taldeen %3,64. Oraintxe, 2.582 ikasle daude etxeratuta, irakastaldi horietako ikasleen %4 baino gehiago. Atzo hiru talde bakartu zituzten: Tuteran, Iruñean eta Lizarran.

Zubiriko eskola hetsita

Ipar Euskal Herriko ikastetxeen datu zehatzik ez dago, baina jadanik hamarretan baino gehiagotan sartu da birusa. Gainera, azken egunean agerraldi bat atzeman dute Ziburuko (Lapurdi) Artide Briand eskolan, eta, ondorioz, osorik itxi dute ikastetxea. Aurretik, bi talde bakartuak zituztenikastetxe horretan, baina beste haur batzuk kutsatu dira azken aste honetan, eta, azkenik, erabaki dute zentroa erabat ixtea, kutsatze katea gelditzeko asmoz. Guztira 67 haurrek ikasten dute han, eta, oraingoz, zazpiri atzeman diete gaitza.

Alde emozionala zaintzeko

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gida batzuk aurkeztu ditu erkidegoko hezkuntza sistemako ikasle eta irakasleei laguntza emozionala emateko. Haur Hezkuntzara, Lehen Hezkuntzara eta Bigarren Hezkuntzara bideratuko dute proposamena. Carlos Gimeno kontseilariak azaldu duenez, helburua da aurrez aurreko saioetara egoki bueltatzen lagunduko duten baliabideak eskaintzea. «Erreparatu eginen diogu ikasleen osasun emozionalari, eta horrek asko lagunduko du haien kontzentrazioan eta errendimendu akademikoan», adierazi du. Onartu zuen egun batetik bestera aurrez aurreko saioak izateari uzteak eta online bidez ikasi beharrak «nahasmendu handia» eragiten diela irakasleei, familiei eta, bereziki, ikasleei.

Hezkuntza Departamentuak ekaineanhezkuntza arloko hainbat auzi zehazteko onartu zuen ebazpenean jasota dagoen programa baten bidez jarri dituzte martxan neurriok; Laguntza izena du. Dagoeneko, foru erkidegoko hamabi ikastetxek eman dute izena parte hartzeko. Horiek horrela, hilaren 24tik aurrera trebakuntza emanen zaie zentro horietako langile batzuei, nola ezarri jakin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.