Koronabirusa

Azken hilabeteko gaixo gehien dago orain Hego Euskal Herriko ZIUetan

Koronabirusaren eraginez, 147 lagun daude zainketa intentsiboetan. Beste 1.085 positibo atzeman dituzte, eta positibo tasa %7,8koa da

Zainketa intentsiboetako unitatea, Gurutzetako ospitalean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Asteotako kutsatzeak nabarmen ari dira eragiten ospitaleetan: positiboen kopuruak igo ahala, larriagotu egiten ari da ospitaleetako egoera. Hegoaldean, osteguneko datuak oinarri, 645 pertsona daude ospitaleratuta. Horietatik 498 ospitaleetako gela arruntetan daude, eta 147 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Hain justu, eremu horretako oheen okupazioa etengabe ari da igotzen, eta martxoaren 3tik ZIUetan izandako kopururik handiena da herenegungoa.

Ospitaleetako egoerarekin kezkatuta daude osasun agintariak. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ohartarazi du lurraldearen osasun egoera «oso kezkagarria» dela, bereziki ospitaleen eta ZIUen gaineko presioagatik. Datua eman du Indurainek: ospitaleratutako pazienteak gero eta gazteagoak dira, eta gero eta larriago erietxeratzen dituzte. Eta abisua eman du: «Intzidentzia tasa gelditu beharra dago, erietxeak tentsioan jartzen ari direlako». Nafarroan 31 lagun daude ZIUetan. Eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 95 urteko emakumezko bat hil zen herenegun.

Transmisioari buruzko datuak ere ilunak dira oso Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, herenegun 13.901 proba egin ziren birusa detektatzeko, eta 1.085 kasu atzeman zituzten. Positiboen portzentajea ere kezkatzeko modukoa da: osteguneko testetan %7,8k eman zuten positibo. Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Gipuzkoan atzeman zuten positibo gehien: Osakidetzak 334 kasu zenbatu zituen herrialde horretan. Bizkaia du atzetik: 314 positibo izan ziren han. Nafarroan, berriz, 293 kutsatu zenbatu zituzten, eta Araban, 140.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak ez direla onak aitortu du Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko koordinatzaileak, baina uste du joera hori astebete barru eten egingo dela. «Espero dugu hurrengo egunetan goia jotzea goranzko joerak». Bestalde, jakinarazi du Jaurlaritza aztertzen ari dela maiatzaren 9tik aurrera alarma egoera bertan behera utziz gero zein tresna juridiko erabili pandemiaren hedapena gelditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.