Durangoko aireak kalitate ona daukala erantzun dio Eusko Jaurlaritzak udalari

Durangoko Udalak irailean ohartarazi zuen bentzeno maila altua zela, baina Jaurlaritzak dio ikerketa murritza zela. Lasai egoteko eskatu du

Iurretako paper fabrikaren artxiboko irudi bat. JON HERNAEZ /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak erantzuna eman dio Durangoko Udalak airearen kalitateari buruz argitaratutako ikerketa bati. Gobernuaren arabera, Durangoko eta Iurretako (Bizkaia) airearen kutsadura Europako zuzentarauek ezarritakoaren azpitik dago, metro kubikoko 5 mikrogramoren azpitik. Durangoko Udalak irailean kaleratutako txostenak ohartarazi zuen batzuetan bentzeno kantitatea 700 mikrogramora heldu zela, eta udal gobernuak «kezka» azaldu zuen egoera horrekin. Jaurlaritzak ezeztatu egin ditu datu horiek, lagin gutxiegi erabili zituztela iritzita, eta erantsi du kantitate altu hori kasu bakana izan zela. Hortaz, lasai egoteko mezua eman die inguruko herritarrei.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek airearen kalitateari buruzko bilera bat egin zuten atzo Durangoko eta Iurretako udal hautetsiekin. Gobernuak azaldu duenez, bi herrietako aireko bentzeno mailaren batezbestekoa 0,65 mikrogramo da, eta EuropakoBatasunak ezarritako mugaren «oso azpitik» dago. Durangoko Udalak aurkeztutako ikerketari dagokionez, ohartarazi dute lagin gutxi egoteaz gain enpresek «neurri zuzentzaileak» hartzeko zeuzkatela oraindik. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak azaldu du 2020an 1,7 milioi erabili dituela enpresetan neurriak ezartzeko.

Jaurlaritzak jakinarazi du azaroan jarriko duela martxan bentzeno mailak neurtzeko hurrengo kanpaina, laborategi mugikor baten bidez; «airearen kalitatearentzat urteko garairik txarrena» da azaroa, gobernuaren arabera.

Ohikoa baino altuagoak

Eusko Jaurlaritzak 2017tik ikertzen du Durango inguruko airearen kalitatea. Izan ere, urte horretan gainontzeko lekuetan baino kutsadura datu altuagoak sumatu zituzten, betiere Europak ezarritako mugen azpitik, Jaurlaritzaren arabera. Harrezkero, laborategi mugikorrak jarri diztuzte udalerriaren inguruan, eta aurten ere horrela egingo dute. Hamabost minutuan behin jasotzen dituzte airearen egoeraren laginak. Ikerketak hasi zituztenetik, airearen kalitatearen 60.000 laginetik gora jaso dituzte inguru horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.