Ahal Dugu-k 97 alegazio aurkeztu ditu Arabako proiektu eolikoen aurka

Haren ustez, proiektuek «inpaktu larriak» izango dituzte ingurumenean eta herritarrengan. Espainiako Gobernuari ez onartzeko eskatu diote

Ahal Dugu-ko kideak, atzo, Gasteizen. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ahal Dugu-k 97 alegazio aurkeztu zituen atzo Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkariordetzan, Eusko Jaurlaritzak lurralde horretan eraiki nahi dituen hiru proiektu eoliko geldiarazteko asmoz. Haren arabera, egitasmo horiek «inpaktu larriak» izango dituzte paisaian, bioaniztasunean eta herritarrengan, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio proiektuen «ikerketa informatiboa» ez onartzeko, eta proiektuek ingurumenean izango duten «eragin negatiboaren» inguruko adierazpen bat egiteko.

Jaurlaritzaren menpeko EEE Energiaren Euskal Erakundeak Aixeindar sortu zuen Iberdrolarekin; Iturrietako, Arkamoko eta Labrazako proiektu eolikoen bultzatzailea. BOEn argitaratu ziren proiektu horiek apirilaren hasieran, eta ordutik hilabeteko epea dago alegazioak egiteko. Horrez gain, Azazetan ere (Araba) parke eoliko bat eraiki nahi dute.

Espainiako Kongresuan onartutako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua ere gogoan izan zuten alderdikideek, egistasmo eolikoen tramitazioa gelditu beharko lukeela azalduta. Eta erantsi zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela parke eolikoak ezartzea arautzen duen planik.

Basozainak ere, aurka

Arabako Basozain Profesionalen Elkarteak ere proiektuen aurka egin du. Haren arabera, parke eolikoak eraiki nahi dituzten eremuak korridore ekologikoetako parte dira, eta haize errotak «oztopo» bilakatuko lirateke fauna migratzaileentzat. Horrez gainera, uste dute proiektuek mendien industrializazioa dakartela, eta haien eragina «konponezina eta larria» izango dela. Energia berriztagarrien alde daude, baina ez era horretan: «Planifikazioari ingurumena errespetatzetik ekin behar zaio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.