Emakumeen kontrako 5.000 eraso erregistratu zituen Ertzaintzak 2018an

Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Azken hamar urteotako kopururik handiena da: Ertzaintzak indarkeria matxistaren 5.000tik gora kasu erregistratu zituen 2018. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustat estatistika institutuak jakinarazi duenez. Hamar kasutik bederatzitan, erasotzailea emakumearen familiakoa edo gertukoa zen, eta hamarretik zazpitan, bikotekidea edo bikotekide ohia. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoan 2020 txostenean argitaratu dituzte datu horiek.

Familia barruan gertatutako erasoen multzoan (%90) biktimen herenak adingabeak direla nabarmendu du Eustatek, eta beste heren bat 50 urtetik gorako andrazkoek osatzen dute. Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoak pairatu zituzten emakumeei dagokienez, hamarretik zazpi 20 eta 50 urte artekoak ziren.

Familiatik kanpo gertatutako erasoak askoz urriagoak dira (%10 inguru); horietatik 388 kasu emakumeen sexu askatasunaren aurkakoak izan ziren. Biktimei dagokienez, %56 20 urtetik beherakoak ziren, eta 155 kasutan, sexu erasoa pairatutako emakumezkoak adingabeak ziren.

Kasu gehienetan —erasoa familia barruan nahiz kanpoan gertatu—, erasotzaileek indarkeria fisikoa erabili zuten: 3.000tik gora kasutan, zehazki. Indarkeria fisikoko kasu gehienak bikote harremanetan gertatzen direla ere azaldu du Eustatek txostenean: biktima eta erasotzailea bikotekideak edo bikotekide ohiak ziren erregistratutako indarkeria kasuen %74,8tan.

Soldata arrakalak

Txostenak adierazten du gizonen eta emakumeen arteko batez besteko errenta arrakala 10.445 eurokoa zela 2017an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta ez zela murriztu 2001 eta 2017 artean. Arrakala hori bereziki areagotu da lan errentetan (6.424 euro) eta transferentzietan (2.647 euro).

Jatorriari lotutako arrakala ere «gero eta handiagoa» dela dio estatistika institutuak: «Emakume atzerritarren errenta pertsonala gizon atzerritarren batez besteko errentaren erdia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.