Miarritzeko andrearen hilketa matxista gaitzetsi du mugimendu feministak

Miarritzen protesta egin dute, eta datozen egunotarako mobilizazioak antolatu ditu Emakumeen Mundu Martxak Hegoaldeko hiriburuetan

Elkarretaratzea egin zuten atzo, Miarritzen. BOB EDME.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gizonezko batek emaztea hil zuen herenegun Miarritzen (Lapurdi), eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak mobilizazioak antolatu ditu hilketa matxista salatzeko. Lehena atzo arratsean egin zuten, Miarritzeko Herriko Etxearen aurrean. Bilbon, gaur egingo dute elkarretaratzea, 13:30ean, Arriaga plazan; Gasteizen, berriz, bihar izango da, 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan; eta, Iruñeko Udaletxe plazan eta Donostiako Bulebarrean etzi elkartuko dira, 20:00etan eta 19:00etan.

Suhiltzaileek Miarritzeko etxean aurkitu zuten 75 urteko emakumearen gorpua, eta baita 77 urteko gizonarena ere. Prokuradoreak BERRIAri baieztatu zionez, «nahita egindako hilketa» gisa sailkatu zuten; haren arabera, gizonezkoak andrea hil zuen tiroz, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren. 2003tik indarkeria matxistaren ondorioz hildako 110. emakumea da, eta aurtengo hirugarrena.

Emakumeen Mundu Martxak salatu du indarkeria matxistak ez duela mugarik: «Sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu horrek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak bizirauteko eta mantentzeko baliabidea da». Haren ustez, bortizkeria matxistak «lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala» da, eta horren aurka, «hitzetatik praktikara» jauzi egitea aldarrikatu du.

Erasoaz errugabetua

Nafarroako Lurralde Auzitegiak errugabetu egin du 14 urteko alabaordeari sexu eraso bat egiteaz akusatutako gizon bat. Epaileek argudiatu dute sakelako telefonoko mezuek auzitan jarri dutela neskatoaren sinesgarritasuna. Asteon, beste gizon bat ere errugabetu du auzitegiak alabaorde adingabeari abusuak egiteaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.