Izortze Santin.
ARGI ALDIAN

'Sputnik 2.0'

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ukaezina da CRISPR-Cas teknikaren garapenak biologia molekularrean iraultza bat eragin duela. Science aldizkariaren arabera, 2015. urteko aurrerapen zientifiko garrantzitsuena da, eta, aurtengo Nobel sarietan, teknikaren asmatzaileak Kimikako Nobel saria irabazteko atarian geratu dira. 2016. urtea bukatzear dagoela, teknikaren erabileran pauso bat haratago joan dela jakin dugu; lehenengo aldiz CRISPR-Cas teknika erabilita gizakien genomaren edizioa egin dela, hain zuzen ere.

Joan den ekainean, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Osasun Institutu Nazionalak minbizi ezberdinen terapien garapenerako CRISPR-Cas teknikaren erabilerari baimena eman zion. Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzaileen arabera, CRISPR-Cas teknikak minbiziaren tratamenduan eduki dezakeen eraginkortasuna baino gehiag, gizakietan teknika hori erabiltzea segurua ote den aztertzea litzateke. AEBetan onartutako saio klinikoa 2017. urteko lehenengo hilabeteetan hasiko da eta CRISPR-Cas teknika erabilita, minbizi mota ezberdinak dituzten 18 gaixoen T zelulen edizio genetikoa egingo dute, editatuko T zelulek tumorea detekta dezaten eta eraso egin diezaioten.

Berriki Nature aldizkarian publikatutako berri bati esker, Txinako Sichuan Unibertsitateko ikertzaile talde batek CRISPR-Cas teknika gizakietan erabili duela jakin izan dugu. Ikertzaile horiek CRISPR-Cas gizakietan erabiltzeko baimena aurtengo uztailean lortu zuten, eta azaroan ekin zioten gaixoetan probak egiteari. Horrela, biriketako minbizia duen gaixo baten odoletik T zelulak erauzi dituzte, eta zelula horietan PD-1 proteina kodetzen duen genea ezgaitu ostean, edizio genetikoa pairatu duten zelulak gaixoan injektatu dituzte. Editatutako T zelulek tumorea erasotzeko gaitasun handiagoa edukiko dutela uste dute ikertzaileek, PD-1 proteinak T zelulen aktibazioaren inhibizioaz arduratzen baita.

Horrela, Txinako ikertzaile talde honek AEBetako ikertzaileei aurrea hartu die, eta gizakietan CRISPR-Cas teknologia erabiltzen duen lehenengo ikertzaile taldea izatera pasa da. Pennsylvaniako Unibertsitateko ikertzailea den Carl June-ren ustetan, txinatarren esperimentuek Sputnik 2.0 deitu duen Txinaren eta AEBen arteko borroka biomedikoa piztuko dute. Junek herrialde bi horien arteko konpetentzia positibotzat jotzen du, haren ustez, konpetentziak emaitza hobeak lortzen laguntzen baitu.

Ikerkuntzan konpetentzia egotea onuragarria den ala ez zinez eztabaidagarria da. Argi dago izugarria izango dela munduko ikertzaileen arteko konpetentzia CRISPR-Cas teknika erabilita minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen sendabidea lortzeko. Ikertzaileen arteko norgehiagoka hori alde batera utzita, minbiziaren tratamendurako teknika horren erabilerak emaitza onak ematen baditu, denok irabazle!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.