Tottenham 0-1 Ajax

Beste parranda gau bat

Ajax aurretik da Txapeldunen Ligako finalerdietan, Londresen partida serioa eginda. Tottenhamek hutsuneak nabaritu ditu

Donny Van de Beek, atzo sarturiko gola ospatzen. WILL OLIVER / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Tottenham. Lloris; Trippier (Foyth, 79. min.), Vertonghen (Sissoko, 39. min.), Sanchez, Rose (Davies, 79. min.); Eriksen, Dier, Wanyama; Alli, Mouraeta Llorente.

Ajax. Onana; Tagliafico, Blind, De Ligt, Veltman; De Jong, Schone (Mazraoui, 65. min.); Neres, Van de Beek, Ziyech (Huntelaar, 87. min.); eta Tadic.

Gola. 0-1: Van de Beekek (15.min.).

Epailea. Mateu Lahoz (Esp.). Ajaxeko Tagliafico eta Veltmani.

Bestelakoak. 62.000 ikusle Tottenham Hotspur estadioan, Londresen.

Ajax bere historiako garairik onenak gogoratzen ari da sasoi honetan. Txapeldunen Ligako ezusteko gozoa izaten ari dira, jokalari multzo lotsagabe bati etaErik Ten Hag entrenatzaile ausartari esker. Kanporaketa bakoitza gozamena izan da Amsterdameko taldearentzat, eta atzo, Londresen, beste gau batez luzatu zuten parranda. Partida serioa jokatu zuen, eta gol bateko errenta lortu finalerdietako itzuliko partidarako. Gaur zortzi jokatuko da, Amsterdamen.

Tottenham bi jokalari onenak gabe aritu zen. Harry Kane aurrelaria min hartuta dago eta Heung-min Son erdilaria zigortuta. Nabaritzeko moduko hutsuneak biak, eta nozitu zituen, bereziki erasoan. Etxekoak argirik gabe aritu ziren, eta ezintasun horrek Ajaxen lerro arteko jokoa elikatu zuen. Kanpokoek 15. minutuan izan zuten lehen aukera ona, eta Van de Beekek ondo baliatu zuen gola sartzeko. Ziyechen pase neurtua area barruan kontrolatu, eta hoztasun harrigarriz keinu egin ondoren, sareetara bidali zuen. Hamar minutu geroago aurrelariak beste aukera on bat izan zuen, baina Llorisek meritu handiko geldiketa egin zuen.

39. minutan aldatu zen partida. Vertoghen erdiko atzelariak buruan jasotako kolpe baten erruz zelaia utzi zuen, eta Mauricio Pochettinok eskema aldatu zuen. Sissoko atera eta erdilari bat gehiago jarri zuen. Hortik aurrera, eta partida amaiera arte, Tottenham oldarkorrago aritu zen. Oldarkorrago bai, baloia eta guzti, baina bultzaka, eta aukera argirik sortu gabe. Kalitatea falta zitzaion. Ajaxek atzean itxaron zion, kontraerasoaren bila, eta 0-2koa sartzeko zorian egon zen (77.min.). Neresen jaurtiketak, baina, zutoina jo zuen.

Faboritoen finalerdia

Beste finalerdiko joaneko partida gaur jokatuko da, eta Bartzelonak Liverpool hartuko du Nou Camp estadioan (21:00, Mov.). Faboritoen arteko finalerdia da, irabazten duenak irabazten duela, hura izango baita titulua lortzeko hautagai nagusia finalean. Bi taldeek jokalari guztiak dituzte erabilgarri. Liverpoolek Roberto Firmino aurrelariaren zalantza zuen gihar lesio baten erruz, baina garaiz sendatu da, eta litekeena da hasieratik aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.