Gertu bezain urruti dauka titulua

Baskoniak gaur ekingo dio Kopari, Joventuten aurka, final-laurdenekoan, Madrilen (18:30). Bederatzi jokalarik lehen aldiz jokatuko dute txapelketa

Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Oso gustukoa du Espainiako Kopa TD Systems Baskoniak. Askotan egin izan du txapelketa handia lehiaketa horretan, eta gaurtik beste aukera bat izango du. Sei aldiz irabazi du, eta zazpigarrena lortzea ez dauka hain urrun: hiru partida baino ez ditu irabazi behar, hiru egunean. Baina erraza bezain zaila da eginkizun hori; gertu bezain urruti dauka titulua. Horregatik ari dira esaten Dusko Ivanovic eta jokalariak baieztapen hau: partidaz partida joan behar dutela. Azkenean, alferrik baita bigarrengoan pentsatzea lehenengoa irabazten ez bada.

Joventut menderatu behar du lehendabizi gaur (18:30, Movistar). «Taldea ondo dago», esan zuen atzo Montenegroko entrenatzaileak. Urduri ere bai, haren hitzetan. Izan ere, bederatzi jokalarirentzat lehen aldia izango da Kopan jokatzen dutena; soilik Zoran Dragic, Luca Vildoza eta Ilimane Diop dira aurrez arituak. Ivanovicek hiru gauza eskatu dizkie bere jokalariei Koparako: «Borondatea eta fedea eduki behar dute, eta partida osoan borroka egiteko grina». Motz-motzean osatu zuen azalpen hori: «Badakigu zer egin behar dugun».

Sasoi honetan, behin jokatu dute bi taldeek. ACB ligako zazpigarren jardunaldian izan zen, Badalonan (Herrialde Katalanak), eta etxekoek puntu batez menderatu zuten Baskonia. Kopan ere, haien aurka jokatu zuten arabarek orain arteko azkeneko partida: duela bi urte, final-laurdenetan, gaur bezala, eta orduan ere kataluniarrak garaile. Ivanovicek goraipatu egin zuen aurkaria: «Oso talde ona da. Tomic eta Ribas [Baskoniako ohia] dauzka esperientzia jartzen, eta orain, bi jokalari beltz ere baditu, Dawson eta Jackson. Talentua du taldeak, eta ondo jaurtitzen dute». Aurkariak aurkari, Baskoniako entrenatzaileak ondo daki zer egiteko asmoz joan diren Madrilera: «Irabazteko asmoz».

Jokalariak ere aparteko gogoarekin daude. Hori eman zuten aditzera atzo Alec Petersek eta Luca Vildozak. Estatubatuarrak sasoiko ikusten du taldea, eta konfiantzarekin. Lehen aldia du Kopan, baina ezagutzen du: «Euroligako Lauko Finalarekin batera, Europan jokatzen den txapelketa onena izango da». Vildozak badaki zer den Baskoniarekin titulu bat irabaztea, aurreko sasoiko ACB liga etxera ekarri zuelako. Gehiago nahi du: «Irabaztearekin amets egiten dut».

Vidorreta, finalerdietara

Azkeneko final-laurdena Bartzelonak eta Unicajak jokatuko dute gaur (21:30). Atzo, Tenerifek Burgosi irabazi zion (87-76), eta Txus Vidorretaren taldea finalerdietan izango da. Bart gaueko Real Madril-Valentzia partidako irabazlea edukiko du parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.