Osasuna itxura fidagarria ematen saiatuko da gaur, Almerian

Sadarren zazpigarren garaipena kateatu ostean, etxetik kanpoko ibilia zuzendu nahi dute nafarrek. Fran Merida zigortuta dago

Ruben Garcia, baloiarekin, Lugoren aurkako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Denboraldia aurrera doa pixkanaka, eta Osasuna Espainiako Lehen Mailara igotzeko geroz eta hautagai sendoagoa da. Azken 11 partidetatik zortzi irabazi ditu, eta, bolada bikain horri esker, bete-betean sartu da goiko postuetan: bosgarren dago sailkapenean, zuzenean igotzeko postuetatik lau puntu eskasera. Goraldiak etxeko jardunean du funtsa, bertan jokaturiko azken zazpi lehiak irabazi baitituzte gorritxoek. Iruñetik at, ordea, bestelakoak dira gauzak: bi partida baino ez dituzte irabazi, eta duela bi aste astindu galanta jaso zuten Las Palmasen zelaian (4-1). Testuinguru horretan egingo diote bisita gaur Almeriari.

Jagoba Arrasateren esanetan, etxetik kanpo ere «fidagarria» dela erakusteko «erronka» izango du Osasunak. Uste du «oso zaila» izango dela, Almeria talde «ausarta» delako; hein batean, Nafarroako taldearen «antzekoa». «Hutsuneak uzten badizkiezu, oso ongi egiten dute korrika, eta birrindu egiten zaituzte». Hamargarren dago Almeria, 30 punturekin, eta garaipenak kanporaketa postuetara hurbiltzeko aukera emango lioke. Nolanahi ere, Osasuna urrun du oraindik, zortzi puntura. Gorritxoek lau puntu ateratzen dizkiote Cadizi, igoera postuetatik kanpo dagoen lehen taldeari, eta alde hori handitzen saiatuko dira jardunaldi honetan.

Iruñeko taldean ez dira ariko ez Lillo, ez Fran Merida. Atzelaria atseden hartu beharrean da, perikarditis batetik osatzeko. Erdilariak, berriz, partida bateko zigorra bete behar du, Mallorcaren aurka bosgarren txartel horia ikusi ondoren. Haien tokian Nacho Vidalek eta Iñigo Perezek jokatuko dute. Bestalde, ikusteko dago Kike Barja hasieratik arituko den. Guztiz erabakigarria izan zen azken lehian, gol bat sartu eta goleko pase bat emanda, baina etxetik kanpo gutxitan jokatu du hasieratik.

ALMERIA-OSASUNA

Almeria. Rene; Romera, Saveljitx, Juan Ibiza, Ivan Martos; Eteki,De la Hoz; Corpas, Juan Carlos Real, Luis Rioja; eta Alvaro Gimenez.

Osasuna. Ruben Martinez; Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia,

Clerc; Oier, Iñigo Perez; Ruben Garcia, Torres, Kike Barja; eta

Brandon.

Epailea. Pizarro Gomez.

Lekua. Mediterraneo Jokoetako estadioa (15.200 ikusle).

Ordua. 16:00 (Liga 123).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.