Jonatan Garcia. Alpinista

«Aurrekoek dena erakutsi dute; guk ez dugu ezer egin»

Euskal Herriko alpinismoaren belaunaldien arteko etenean azaltzen diren izen apurretako bat da. Asko gustatzen zaio entrenatzea, eta tontorrak ez ditu obsesio.
BERRIA

Unai Ugartemendia -

2018ko ekainak 26
Ez da erraza Jonatan Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1985) etxean harrapatzea. Himalaian ez bada Alpeetan egotea gustatzen zaio, eta, bestela, inguruko mendiren batean. Orain urtebete, Alberto Zerain zenarekin, bere lehen zortzimilakoa igo zuen: Annapurna (Nepal, 8.091 metro). Orain, berriz, ez dira egun asko igaro Dhaulagiritik (Nepal, 8.167 metro) itzuli zenetik. Gailurrera heldu gabe itzuli behar izan du etxera. Askorentzat, etorkizuneko Euskal Herriko alpinistetako bat izango da.

Nolakoa izan da Dhaulagiriko esperientzia?

Izugarrizkoa. Beti egon behar da pozik etxera itzultzean, gauzak ondo egin diren seinale izaten baita. Luxua da Himalaiara berriro itzultzeko aukera izatea, eta han igarotako denbora ondo aprobetxatzen saiatu behar dugu, han une oro bizitakoa ikasketa hutsa baita.

Zer falta izan zaizue gailurrera heltzeko?

Oso zuzena izango naiz: garena izatea falta izan zaigu. Urte osoa pasatu dugu honetarako entrenatzen, izugarrizko gogoa geneukan, eta motibazio oso handiarekin ekin genion mendiari. Hori dena transmititzea falta izan zaigu. Orain ez da kexaka ibiltzeko unea, baina zaletasun honen alderik politena hori dela esango nuke, eta berriro itzultzeko gogoa ematen du, berriro ere akats berak ez egiteko. Akats horiek gailurretik aldentzen zaituzte, eta egunak azkar pasatzen dira helburua lortzeko ahaleginean.

Eguraldia lagun izan zenuten ia espedizio guztian. Zer gertatu zen gailurrera iristen saiatzeko egunean?

Egia da aurreko egunetan elur asko egin zuela eta haizea ere bortizki ibili zela. Horrek goi kanpalekuak kaltetu zituen, eta, aldi berean, eragina izan zuen alpinisten alde psikologikoan ere. Baina egia da Juan Pablo Mohr txiletarrak eta biok saiakera egin nahi izan genuen egunean izugarrizko eguraldia egin zuela. Alpinista orok gailurrera heltzeko egunean nahiko lukeen eguraldia.

Ez zen eguraldiaren arazoa izan, orduan.

Zera gertatu zen: beheko kanpalekuan geunden guztiok oso nekatuta iritsi ginen hirugarren kanpalekura, 7.200 metrora. Nire iritzia da, e! Oso motibatuta geunden ordu gutxira saiakera egiteko, baina, gure harridurarako, jendeak ez zuen garbi ikusten, eta atseden hartzea erabaki zuen, hurrengo egunean berriro ere beheko kanpalekura jaisteko. Juan Pablok eta biok eutsi egin genion gure hasierako asmoari, baina egia da aldaketa horiek guztiek eragina izan zutela gure buruan. Gu ere pentsatzen hasiak ginen ea ordu egokian irten ginen ala ez. Horrelako gauzek erabaki garrantzitsuak hartzera kondenatzen gaituzte, eta norberaren eta ondokoaren segurtasuna bermatzera eraman. Bizitzaren eta heriotzaren arteko soka fina da, eta betiere itzultzeko erabakia hartzera eramaten gaitu.

Carlos Soria alpinistarekin batera egin zenuten espedizioa. Haren hamahirugarrena izango litzateke, 79 urterekin.

Carlos eta haren taldea beheko kanpalekuan zeuden, eta haiekin egin genituen mendian egin beharreko lanak eta eguraldiaren iragarpenak. Izugarrizko laguntza zen guretzat, bera askotan egon baita mendi horretan.

Zuk bat badaukazu, Annapurna.

Bai, eta oso pozik nago. Ikusi dut altuerara ondo egokitzen naizela, eta horrek helburu eta erronka berriez pentsatzeko ziurtasuna ematen dit. Baina hori bakarrik da. Ez diet buelta gehiago ematen igotako zortzimilakoei. Orain helburu berriak jorratu nahi ditut. Ezin naiz bizi Annapurnan egindakoaz; hori iraganeko zerbait da.

Urte batzuk daramatzazu goi mendietan, baina nola hasi zinen mendian?

Egia da beti egon naizela kirolari lotuta. 19 urtera arte, futbolean aritu nintzen. Utzi egin behar izan nuen, lanarengatik, eta 2011n mendian hasi nintzen. Lasterketaren batean parte hartu nuen. Haiek izan ziren nire hastapenak.

Gogoan al duzu norekin joan zinen lehenbizikoz mendira?

Bakarrik murgildu nintzen mendizaletasunean. Nire lehen gailurrak Euskal Herrian eta Europako mendietan izan ziren. Bakarrik igo nituen. Gerora, Anetora joan nintzen lankide batekin.

Etxean ba al duzu mendizalerik?

Ez, gure etxean inoiz ez da izan mendirako zaletasunik. Orain, berriz, amak askotan laguntzen dit mendira, eta batera gozatzen dugu mendiaz.

Nola hasi zinen goi mendietan?

Alpeetatik Andeetara pasatu nintzen, nire helburua etorkizunean zortzimilako bat igotzea zelako. Cervinotik Aconcaguara igaro nintzen. 2013ko udan, bakarrik joan nintzen mendira, eta laumilako batzuk igo nituen. Gero, 2014ko urtarrilean, Aconcagua igo nuen bakarrik. Bakarrik joateko mendi egokia iruditzen zitzaidan; altueran nola moldatzen nintzen probatu nahi nuen.

Handik gutxira, zortzimilako batera jauzi egin zenuen. Nola sentitu zinen?

Altuera atsegin dut. Esperientzia berriak bizitzea eta nire onena ateratzea gustatzen zait, eta oso ondo egokitu nintzen.

Zure lehen zortzimilakorako ezin zenuen sokalagun hoberik izan, Alberto Zerain.

Inoiz galdetu izan balidate norekin iritsi nahiko nukeen zortzimilako batera, berarekin esango nuen. Bi pena izugarri sentitzen ditut: lehena, oso berandu ezagutu nuela; bestea, zein azkar utzi gintuen.

Zer ikasi zenuen harengandik?

Gauza asko ikas zitezkeen egun bakar batean. Garrantzitsuena, zera ikasi nuen: mendiaz gozatzea, benetan merezi duen estilo batean, eta etxera itzultzean balorazio bat egitea. Han igarotako egunen balorazioa, han igarotako uneekin gustura egotea, eta itzultzeko gogoa izatea.

Aholku asko eman al zizkizun?

Bai, asko. Baina pare bat oso gogoan ditut: ez galtzeko eskalatzeko neukan gogoa eta grina, eta gauzak ahal nuen hobekien egiten saiatzeko, horrek urte askoan honetan jarraitzeko aukera emango zidalako.

Harekin espedizioren bat egindako denek oso ondo hitz egiten dute hari buruz.

Normala da denek ondo hitz egitea. Hura ezagutzeko zortea izan nuen, eta espedizio bat elkarrekin egitekoa ere bai. Horrelako egoera gogorretan ezagutzen da jendea, eta horrelako egoerek batzen gaituzte, tentsio une asko izaten baitira bertan.

Zer oroitzapen duzu Annapurnako gailurraz?

Oso berezia, sentimendu asko batu baitziren. Nire lehen zortzimilakoa, Zerainekin, egin genuen estiloan, eta mendian hain jende gutxi egonda.

Jende askok hitz egiten du Iker Madoz nafarraz eta zutaz, Oiarzabal, Iñurrategi eta aurreko belaunaldiko alpinisten oinordeko gisa. Zer duzu esateko?

Barregurea sartzen zait. Ez dakit nork esan dizun, baina afari bat zor diet [barreak]. Serio jarrita, gure aurrekoek dena erakutsi dute, eta guk oraindik ez dugu ezer egin, nik behintzat ez. Ez dut pertsonalki Iker ezagutzen, baina badut haren balentrien berri, eta benetako alpinista bat dela iruditzen zait. Hala ere, Oiarzabalek eta Iñurrategik bidaia batzuk badituzte egiteko. Errespetu handia diet halako alpinistei.

Zein dira hurrengo urteetarako zure helburuak?

Mendiak eskalatzen jarraitu nahi dut, eta sokalagun egokiak aurkitzen jarraitu, hor baitago arrakasta. Hobetzeko entrenatzen jarraitzen dut, oso lehiakorra bainaiz neure buruarekin. Egunetik egunera hobeto egon nahi dut. Datorren udazkenean Himalaiara itzuli nahiko nuke, baina beti horma berarekin jarraitzen dugu borrokan, diruarekin.

Zortzimilakoen gurpilean sartuko al zara?

Neure buruarekin koherente izanda, uste dut ez duela zentzurik hamalau zortzimilakoen proiektuan sartzeak. Nire hurrengo helburua ikasten jarraitzea da, eta esperientzia handiagoa hartzea, horrek emango baitit ziurtasuna. Gaur egun, egoera ekonomikoa ikusita, oso zaila da horrelako proiektu erraldoietan pentsatzea.

Zein ezaugarri behar ditu XXI. mendeko alpinista batek?

Uste dut garai batekoek zituzten ezaugarri berak behar dituela oraindik ere. Egia da garaiak aldatu egin direla; mendia eta materialak ez dira lehengoak bezalakoak. Luze joko luke eztabaidak, baina oraindik ere berdin diraute mendira joateko motibazioak, jarrerak eta helburuak lortzeko gogoak. Egia da gaur egungo egoerara moldatu behar dugula. Lehen, agian, estilo bakarrean eskalatzen zuten; gaur egun, ordea, bakoitzak berea du. Norbera zoriontsu egiten duenak balio du.

Zein dira zure ezaugarriak?

Nirekin mendian ibili den beste edonork erantzun beharko lizuke, baina gauza bat aitortuko dizut. Egunero entrenatzea eta egunero aurreratzen ari naizela ikustea gustatzen zait. Atsegin dut etorkizunean gerta daitekeen proiektu berriren baterako prestatuta egotea.

Zer duzu hobetzeko oraindik?

Entrenatzetik, 1.000 metroko mendi batetik edo 8.000 metroko mendi batetik itzultzean, balorazio bat egitea gustatzen zait. Horrelakoetan ikusten ditut egindako okerrak, eta halakoak berriz ez egiteko ahaleginean pentsatzen hasten naiz. Oso burugogorra naiz, baina, aldi berean, oso diziplinatua eta metodikoa. Oso ondo sentitzen naiz akatsak zuzendu ditudala ikusten dudanean.

Ezagutzen zaituztenek diote mendiak azkar igotzea gustatzen zaizula. Horrela al da?

Askotan, mendiak markatzen eta exijitzen du azkartasuna. Sarritan joaten naiz mendi berberetara entrenatzeko garaian, horrek erakusten didalako hobekuntza eta progresioa. Egia da mendiak ahalik eta azkarren igotzeko entrenatzen naizela, uste baitut horrela asko murrizten direla arriskuak.

Nola dago espedizioak aurrera ateratzeko diru laguntzen gaia?

Oso zaila. Oso zaila da norbaitek ekonomikoki laguntzea norberaren ametsak lortzeko. Gaiak eta helburuak asko landu behar dira trukean zerbait jaso nahi baduzu, eta, horretarako, asko entrenatzea besterik ez zaigu gelditzen.

Eta zuk, ba al duzu laguntzarik?

Orain arte zortzimilakoetara egin ditudan lau espedizioetatik, azken bietan aurrekontu guztiaren %7 bakarrik izan dut laguntza moduan. Pentsa...

Mendi gidari izateko ikasten ere ari zara.

Bai, ea egunen batean mendi gidaria naizela esateko moduan naizen [barreak].

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria