Kataluniako erreferenduma

Espainiako Kongresuak batzorde bat sortuko du lurralde egitura aztertzeko

Luis de Guindos Ekonomia ministroak Kataluniarekin akordio fiskal bat egiteko aukera aipatu du

Espainiako Kongresuko saioa, atzo, Madrilen. ZIPI / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko mahaiak PSOEren proposamena onartu zuen atzo; hortaz, estatuaren lurralde egitura aztertzeko batzorde bat sortuko du. Kataluniako gatazkari irtenbidea bilatzeko estatu osoko egitura aztertzea proposatu zuen PSOEk. Ciudadanosek eta ERCk ezezkoa eman diote batzorde hori sortzeko erabakiari. Ana Pastor Kongresuko presidenteak bozeramaileekin erabaki behar du batzordea martxan paratzeko data, eta, hori, urriaren 1etik aitzinera izanen dela espero da. Hain zuzen, herenegungo indar erakustaldiaren ondoren, Espainiako Gobernuko ordezkariek elkarrizketari zirrikituren bat irekitzea iradoki dute, baina, betiere, urritik aitzinera, eta, gaurkoz, independentistek onartzeko zailak diruditen baldintzetan.

Luis de Guindos Ekonomia ministroa izan da horietako bat, Financial Times egunkariari eman dion elkarrizketan. Azken urteotan baztertutako akordio fiskala orain negoziatzeko aukera aipatu du de Guindosek. «Kataluniak autonomia maila handia du, baina solas egin dezakegu finantzaketa sistemaren erreformaz eta bertze gai batzuez». Ekonomia ministroaren arabera, orain arte uko egin diote hori negoziatzeari «krisiaren erdian» egon delako Espainia. «Egoera aldatu da, ahalmen fiskal handiagoa dugu, eta eztabaidatzeko aukera gehiago zabaltzen ditu horrek. Plan independentistak alde batera uzten badituzte, solas egin ahalko dugu». Financial Times-en arabera, «azenarioaren eta makilaren estrategia» erabiltzen ari da Espainiako Gobernua.

Iñigo Mendez de Vigo gobernuko bozeramailea ere elkarrizketaz mintzatu zen atzo. Duela hiru urte Artur Mas Kataluniako presidenteak negoziatzeko 23 proposamen eraman zikion Mariano Rajoy Espainiakoari, baina ez zion eztabaida onartu. Iaz, Carles Puigdemont Masen ondorengoak bikoitza, 46 eraman zizkion Rajoyri, eta erantzun berdina jaso zuen. Mendez de Vigok Masen eta Puigdemonten proposamenak nahasi zituen atzo, eta ukatu zuen Rajoyk ez zuela negoziatu nahi izan. «Mas presidenteak mahai gainean paratu zituen 45 proposamen horiei buruz solas egin nahi izan zuen bere garaian, eta katalan guztiei interesatzen zaien gai haiei buruz solasean segituko dugu». Ikuskizun dago oraindik zer gertatuko den urriaren 1ean, eta Espainiako Gobernuaren agendari ere eragin dio horrek. 2018ko aurrekontuen aurkezpena, errate baterako, gaur egitekoa zuen, baina «gutxienez» astebete gehiagoz gibelatuko du. Hilaren 30erako aurkeztu ezean, 2017koak luzatu beharko lituzke.

Konstituzionalaren isunak

Podemosek Espainiako Gobernuaren errepresio neurriei alternatiba bat bilatzeko antolatu nahi duen kargu publikoen batzarrak, berriz, lehenbiziko trabarekin topo egin zuen atzo: Zaragozan egitekoa da etzi, baina aukeratutako egoitzaren jabeak, diputazioaren elkarte batek, ukatu egin dio baimena. PSOEk du agintea diputazioan, eta ukatu egin du debeku bat izan denik; «traba burokratikoak» aipatu ditu.

Auzitegi Konstituzionalak ere ez ditu eten ekinaldiak: lehenbiziko aldiz isunak ezarri ditu erreferendumaren auziarengatik. Zehazki, Kataluniako Parlamentuak sortutako hauteskunde batzordeko bortz kideei 12.000na euroko isuna ezarri die, egunero ordaindu beharrekoa. Lurraldeetako arduradunei, berriz, 6.000na eurokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.