Koronabirusa

Epeak laburtzeko ahaleginetan

Alde handiak daude estatu batetik bestera COVID-19aren kontrako txertoak banatzeko erritmoan. Israelek banatu du biztanleko dosi gehien. Europa abiadura azkartu nahian ari da.

Erizain bat, emakume bati koronabirusaren kontrako txertoa jartzen, Frantziako erietxe batean. C. ARCHAMBAULT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Koronabirusari aurre egingo dioten txertoak ahalik eta azkarren prest izateko, marka guztiak apurtu dituzte zientzialariek eta txerto ekoizleek. Osasun arrazoiez harago, argi dago farmazia enpresentzat motibazio handia izan direla pandemiarentzako txerto batek ekarriko dizkien irabaziak. Gauza bera gertatzen ari da estatuen txertaketa kanpainarekin ere. Agintariak herritarrak ahalik eta azkarren txertatzeko neurriak aztertzen ari dira COVID-19aren aurrean babesteko, baina ezin oharkabean pasa pandemiatik lehen postuetan ateratzeak ekar ditzakeen onura ekonomikoak.

Lasterketa horretan, Israel da aurreratuen dagoen estatua. Tel Avivek 1,69 milioi herritarri baino gehiagori eman die txertoaren lehen dosia; proportzioan dosi gehien jarri duen herrialdea da: 19,55 dosi ehun biztanleko, Oxford Unibertsitatearen One World in Data webguneko datuen arabera. Bigarren tokian dira Arabiar Emirerri Batuak: 8,98 dosi ehun biztanleko. Atzetik dira Bahrain —4,25—, Erresuma Batua —1,91—, AEB —1,79—, Danimarka—1,43— eta Islandia —1,43—.

Israelen, erritmo desberdinetan ari dira egiten txertaketa. Motelagoa izan da gehiengo arabiarreko herrietan, eta txertorik ez da iritsi oraindik Palestinako lurralde okupatuetara.

Kopuru absolutuei erreparatuz gero, berriz, AEBek eta Txinak banatu dituzte dosi gehien. Ia sei milioi dosi lehenak, eta lau milioi eta erdi bigarrenak, betiere, Our World in Data webguneak estatu iturrietatik bildu duenez.

Txina lehenago hasi zen txertaketa kanpainarekin. Oraindik proba fasean ziren hiru txertoren erabilera onartu zuen larrialdi kasuetarako, joan den uztailean. Arrisku handiko jardueratzat jo zituen sektoretako langileak txertatzen hasi zen. Urrian, txertoak proba fasean zirela, herritar orori zabaldu zien ziztatzeko aukera, eta urteko azken egunean lehen txertoaren merkaturatzea onartu zuen: Sinopharm estatu enpresarena. Bahrain eta Arabiar Emirerri Batuak txerto hori erabiltzen ari dira.

AEBek Txinaren dosi kopurua gainditu du, eta datu hobea du biztanleriarekiko proportzioan ere: 1,79 dosi ehun biztanleko, Txinaren 0,31 dosiren aldean. Dena den, Anthony Fauci AEBetako epidemiologo buruak aitortu du kanpaina ez dela aurreikusitakoa bezain azkar garatzen ari. Abendu amaierarako 20 milioi dosi jarrita izatea espero zuen Washingtonek, eta helburuaren bosten bat bete du. Hala ere, eguneko 300.000 dosi baino gehiago jartzeko gai izan dira azken astean, eta zenbatekoa handitzeko moduan izango direla aurreratu du Faucik. Horretarako, 16 eta 55 urte arteko herritarrei txertoen dosi erdia emateko aukera aztertzen ari da Etxe Zuria. MoncefSlaoui gobernuaren aholkulariaren esanetan, frogatuta dago adin tarte horretako multzoak «erantzun immune bera» lortzen duela dosiaren erdia jasota ere. AEBak bi txerto ari dira banatzen: Pfizer AEBetako enpresak eta BioNTech Alemaniako konpainiak garatutakoa, eta Moderna estatubatuarrarena.

Txertaketa kanpaina azkartzeko neurriak aztertzen ari da Alemaniako Gobernua ere. Mahai gainean izan du bost dositarako prestatuta dagoen BioNTech-Pfizer-en txerto kaxa bakoitzetik sei dosi ateratzea, behar baino kopuru gehiagorekin bete direla iritzita. Ideia hori ontzat jo zuen atzo EMA Sendagaien Europako Agentziak.

Bestalde, Berlin pentsatzen ari da lehen dosia jaso dutenei bigarrena jasotzeko data atzeratzea, eta dosi horiek herritar gehiagorengana iristeko erabiltzea. Helburua litzateke epe motzean ahalik eta herritar gehienek jasotzea lehen ziztada, Alemaniak orain arte jaso dituen 1,34 milioi dosiekin.

EB Europako Batasuneko herrialde guztietan egoera arintzen lagunduko du joan den asteazkenean EMAk Modernaren txertoari oniritzia emateak. Hirugarren txertoa ere aurki izan daiteke erabilgarri, agentziak aurreratu duenez, hilaren amaieran aztertuko baitu Oxford Unibertsitatearen eta AstraZeneca enpresaren txertoa. Horrez gain, Europako Batzordeak atzojakinarazi zuen BioNTech-Pfizer txertoaren 300 milioi dosi gehiago erosiko dituela.

Europako Batasunean, Danimarkak ditu txertatze datu onenak: 1,43 dosi ehun biztanleko. Zerrendan hurrenak dira Italia—0,68—, Eslovenia —0,59— Alemania, Estonia eta Kroazia —0,5—, Zipre —0,45—, Espainia —0,44—, Polonia —0,42—, eta Errumania eta Suedia —0,4—. Gainerakoak, 0,15eko baliotik behera kokatzen dira. Frantzia eta Belgika dira zerrendako azken biak —0,07 eta 0,01, hurrenez hurren—.

Alemaniak bezala, lehen dosi kopuru ahalik eta handiena jartzearen alde egin du Erresuma Batuak ere, baina Londres lehenagotik ari da bi txerto banatzen: BioNTech-Pfizer eta Oxford-AstraZenecarenak. Azken hori astelehenean hasi ziren jartzen. Beste bat ere onartu zuen atzo sendagaiak arautzeko agentziak, hirugarrena. Modernaren txertoa baimendu zuen.

Errusiak 800.000 txerto jarri ditu denera —0,55 dosi ehun biztanleko—. Herrialdeko Gamaleya ikerketa zentroaren Sputnik V txertoa banatzeko kanpaina jarri zuen abian abendu hasieran, oraindik azken proba fasean zela. Argentina, Bielorrusia eta Serbia ere Sputnik V-a erabiltzen hasiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.