Koronabirusa

Ipar Euskal Herria, konfinatuta

Ezinbesteko jardueretarako soilik ateratzen ahalko da etxetik, agiri batekin. Eskolak, kolegioak eta lizeoak irekita egonen dira, baina unibertsitateko klaseak 'online' izanen dira

Martxoan izandako konfinamenduan, bizilagunak etxeko leihoetan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak trenkatu du: bihartik aitzina Frantziako Estatu osoa konfinatuko dute. Ipar Euskal Herria ere itxita izanen da, beraz. Abenduaren 1a arte iraunen dute neurriek, baina luzatzeko aukera izango du presidenteak. Oraingo itxialdia udaberrikoa baino malguagoa izanen da. Izan ere, Macronek atzo gauean iragarri zuen eskolak irekiak izanen direla, lanera joateko baimena izanen dutela langileek, eta zahar etxeetako bisitak baimenduak izanen direla. Ostatu eta jatetxeak, aldiz, osoki hetsiko dituzte. Oraingoz, Iparraldearen eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekia egonen da.

Eskolek, lizeoek eta kolegioek irekita jarraituko dute, bai, baina protokolo zorrotzekin. Datozen egunetan mintzatzekoa da Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroa neurri zehatzagoak emateko. Unibertsitateak, berriz, itxiko dituzte, eta online klaseak egin beharko dituzte ikasle eta irakasleek. Zahar etxeetan diren adinekoen «erabateko bakartzea eragozteko», bisitak egiten ahalko dira, baina protokolo «oso zorrotzak» betez. Datozen egunetan zehaztekoak dituzte baldintzak.

Telelana egin dezaketen guztiek hala egin beharko dute. Gainerako lan jarduerak mantenduko dituzte, eta langileek baimen berezi bat izango dute etxetik ateratzeko. Itxita egon beharko duten saltokietako langileentzako langabezia partziala berriz aktibatuko du Frantziako Gobernuak. Bi astera zehaztuko du saltoki batzuek berriz irekitzen ahalko duten, ala ez. Oro har, herritarrak zenbait arrazoirengatik soilik ateratzen ahalko dira etxetik: lana egiteko, osasun arrazoiengatik, premiazko erosketak egiteko, eta kilometro bateko eremuan kirol jarduerak egiteko. Agiri batekin atera beharko dute etxetik, ateratzeko arrazoia zein den zehaztuz. Frantziako Gobernuaren webgunean deskargatzen ahalko da agiria. Araua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du, eta, behin baino gehiagotan harrapatuz gero, kartzela zigorra ere bai.

Neurriak, berandu

Atzo gauean egindako hitzaldian Macronek onartu zuenez, «orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan». Izan ere, iragan ostiraletik etxeratze agindua ezarri zuen Ipar Euskal Herrian 21:00etatik 06:00ak arte, eta ostatu guztiak ixteko erabakia hartu zuen prefetak. Baina birusak «hedatzen segitzen» du. «Pronostiko txarrenek ere ez zuten egoera hau aurreikusia».

Bigarren olatua «zailagoa eta hiltzaileagoa» izaten ari dela gehitu zuen, eta azaroaren 15erako Frantziako Estatuko suspertze zerbitzu guztiak saturaziora hel zitezkeela atzo neurri gogorrak hartu ez balitu.

Pandemiak eragindako krisi ekonomikoa ere aipatu zuen Macronek: «Ekonomia eta osasunaren arteko oreka aurkitu behar dugu». Immunitate kolektiboaren bidea ere txarretsi zuen, «deus ez» egitea izanen litzatekeelako: «Frantziak ez du horrelakorik eginen inoiz, milaka eta milaka hildako izango liratekeelako hautu hori eginez gero», baieztatu zuen. Bestalde, «zaurgarrienak bakarrik» konfinatzearen ideia aipatu zuen, baina berehala onartu zuen ez zela «nahikoa» izanen. Konfinamendu denboran, PCR probak azkartzea jarri du helburutzat, eta bakartzea gogortzea ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.