ESANDAKOAK
«Badakit Justizia ministroak dioela prest dela gu errezibitzeko. Ez daukagu ez joateko arrazoirik. Baina gauzak argi izan daitezela: Euskal Herriak seinale berriak behar ditu. Hurbiltzeak, baldintzapean aske uzteak, DPS estatutuaren kentzeak... Gaur egun ez da soluzio bakar bat ere aurkitu emazte presoentzat. Bide erditan gaude. Oraintxe bertan bake prozesua geldirik dago. Beharrezkoa da urrunago joatea, eta horregatik dugu manifestaldira deitu».
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kidea
«Biktimen arazoa osoa da. Berriz ere adiskidetzea lortu nahi badugu, biktima elkarteen elkarrizketatik pasatu beharko da, baina ez da xantaiarik egin behar, gibelean humanoa baitago: presoak, familiak, sufritzen duten haurrak, ilobak... Pasioak baztertu, eta distantzia hartu behar da. Zuzenbide komuna aplikatzea da eskatua duguna».
Max Brisson Frantziako senataria (LR)
«Nire elkartasuna adieraztera etorri naiz. Estatuak ez ditu bete hartu engaiamenduak, bakearen alde keinuak egin direlarik. Bere engaiamenduak bete behar ditu estatuak, eri diren presoak askatu behar ditu, presoak beren familietatik hurbildu behar ditu. Humanitate pixka bat erakutsi behar du».
Denise Saint-Pee Frantziako senataria (zentrista)
«Azpimarratu behar duguna da hemen dagoela EAJ sostengatzen, hemen dagoela Frantziako alderdi sozialista. Zer dela-eta Hegoaldean ez dugu lortzen hori? Zergatik alderdi horiek ez diote Bilboko manifestaldiari babesa ematen? Kontraesan horiek guztiak jarri behar ditugu agerian».
Fermin Muguruza Kantaria
«Badago aldarrikapen bat jende askok babesten duena; ni horietako bat gehiago naiz. Nik bereziki gaixotasun larriak dituzten presoak ditut gogoan. Ea legeak ezarri behar dituztenek ez duten entzungor egiten».
Eider Rodriguez Idazlea
«Blokeatze bat edo aitzinamenduen emekitze bat topatzen den aldi guziz inportantea da jendartea bere aniztasunean hor izan dadin. Seinalatzeko Parisi eta Madrili erne gelditzen garela. Guretako ez da zerbait bukatu ETAren desagertzea eta desarmatzearekin. Gatazkaren ondorioen konponketaren orrialdea oraino itzultzekoa da, badira hainbat gai; tartean, presoena. Mezu horren zabaltzeko gara hemen».
Anita Lopepe EHBai-kobozeramailea
«Bake prozesu batean ezin da horrela dena gelditu. Negoziazioak berriro hasi eta preso guztiak hurbiltzea beharrezkoa da».
Alice Leiziagezahar Akitania Berriko kontseilari ekologista
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.