Koronabirusa

Hegoaldeko lau herrialdeen intzidentzia tasa 200dik beherakoa da

Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Transmisioari buruzko adierazle guztietan nabari daiteke azken asteotan kutsatzeak izandako beherakada. Arintzea bistakoa da, esaterako, hamalau eguneko intzidentzia tasen gaineko datuetan. Oraintxe bertan, tasa 200 kasuren langatik beherakoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Bizkaian 100.000 biztanleko 179 pertsonari atzeman diete birusa azken bi asteotan; Gipuzkoan, 175i; Araban, 150i; eta Nafarroan, 124ri. Tasa horren apaltzea nabaria da ekain hasieratik, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi herrialde horietan, intzidentzia tasa metatua 200dik gorakoa zen ekainaren 1ean: zehazki, Bizkaian 228koa zen orduan, eta Gipuzkoan, 213koa.

Gaitzaren transmisioari dagokionez, kutsatzearen bilakaera onbidean da. Herenegun 285 COVID-19 kasu atzeman ziren, Osakidetzak eta Osasunbideak birusa detektatzeko 8.313 diagnostiko proba egin ondotik. Hori hala, ostegunean egindako test guztien %3,4k eman zuten positibo. Kutsatuen datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian izan zen positibo gehien, beste behin: 123 izan ziren, zehazki. Nafarroan, 61 zenbatu ziren; Gipuzkoan, 60; eta Araban, 40.

Ospitaleetan ere, behera

Halaber, geldo bada ere, azken datuek erakusten dute apaltzen ari dela Hegoaldeko ospitaleetan gaitzarengatik erietxeratuta daudenen kopurua. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, 219 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino bat gehiago. 137 pertsona ospitaleetako gela arruntetan daude; 82, berriz, ZIUetan.

Pandemiaren bilakaeraz baikor mintzatu zen atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria: «Adierazle ia denek beheranzko joeran jarraitzea aurreikusten dugu». Bestalde, Nafarroako Gobernuak datorren astean malgutuko ditu neurriak ostalaritzan, kultur jardueretan eta kirolean. Uztailerako utziko du gaueko aisialdiaren irekiera, Maria Txibite presidenteak iragarri zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.