Albistea entzun

Iruñeko Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimototsi jarritako betoa, ezeztatua

Nafarroako Administrazio Auzitegiak partzialki aintzat hartu du Navarra Sumak ikuskizuna bertan behera uztearen aurka pailazoek jarritako helegitea
Marimotots, Pirritx eta Porrotx, agerraldi batean.
Marimotots, Pirritx eta Porrotx, agerraldi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2021eko otsailak 20

Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuen Pirritx, Porrotx eta Marimotots 2019ko azaroaren 29an Baluarte auditoriumean egitekoak ziren Bizi dantza ikuskizuna, argudiatuz kontratua ez zela «legezkoa». Bi aste lehenago eman zuen erabakiaren berri. Navarra Suma buru duen udal gobernuaren «zentsura» salatu zuten pailazoek, eta erabakiari helegitea jarri zioten. Bada, pailazoen errekurtsoa partzialki aintzat hartuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi du bertan behera uztea udalak ikuskizuna baliogabetzeko hartutako erabakia. EH Bildurentzat, auzitegiaren iritziz «ilegala» izan zen udalaren jokabidea, eta, hortaz, Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotziak dimisioa eman dezala eskatu du.

Hain zuzen, koalizio independentistak plazaratu zuen, atzo, auzitegiak joan den otsailaren 4an sinatutako autoa. Ez du kontuan hartu pailazoek kontratua betetzeko egindako eskakizuna, baina, ebazpenaren arabera, haiek kalte ordaina jasotzeko eskubidea dute, eta kontratuan zehaztuta zegoen prezioaren %6 izan behar du. Udalak bi hilabeteko epea du helegitea jartzeko.

2019ko azaroaren 15ean eman zuen erabakiaren berri udalak, eta debekatu izanaren erantzukizuna EH Bilduri egotzi zion Garcia-Barberenak. Orduan adierazi zuenez, kontratua «era irregularrean» sinatu zuen aurreko Kultura zinegotzi Maider Belokik. Auzia Nafarroako Kontseiluaren esku utziko zuela gaineratu zuen Navarra Sumakoak.

Nafarroako Kontseiluak arrazoia eman zien pailazoei eta aurreko gobernu taldeari: kontratua legezkoa dela esan zuen, eta debekua «bidegabea» zela berretsi. Azaroaren 27a zen. Nolanahi ere, ebazpenari entzungor egin, eta kontratua eten zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak. Erabakiak hautsak harrotu zituen, eta kontra agertu ziren, talde politikoez gain, euskalgintzako eragileak ere.

Hain zuzen, polemika piztu eta egun gutxira, azaroaren 20an, Maiak hau adierazi zuen kazetarien galderei erantzunez: «Iruñeko alkatea naizen bitartean, ez ditugu kontratatuko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak». Erantsi zuen pailazoak «ezker abertzalearekin lotuta» daudela. Horri heldu zion atzo EH Bilduk, auzitegiaren erabakiari buruzko balorazioan: «Zinegotziak dimisioa eman beharko luke, frogatuta gelditu baita legezko kontratazio bat bertan behera utzi zuela arrazoi ideologikoengatik». Auzitegiaren ebazpenak argudiatu du ezin izan dela frogatu, Maiak esan bezala, «ezaugarri politiko edo ideologiko» jakin batzuk dituzten taldeak edo kolektiboak ordezkatuz edo haien zerbitzuan egitekoa zela ikuskizuna.

Aste batzuk lehenago agindu bezala, Bizi dantza egin zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñean, udalaren laguntzarik gabe, Anaitasuna kiroldegian, 2019ko abenduaren 21ean. 2.500 bat lagun bildu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ilunbe saskibaloi partida bat jokatzeko prestatuta, artxibok irudi batean ©juan carlos ruiz / foku

Osakidetza Illunben txertatzen hasiko da bihar

Irati Urdalleta Lete

Gotzone Sagarduiren hitzetan, «esperientzia pilotua» izango da, eta 55 urtetik beherako herritarrei emango diete txanda.

Santa Marina erietxea. ©Osakidetza

Agerraldi bat atzeman dute Santa Marina ospitalean

Irati Urdalleta Lete

Orotara, sei baheketa egin dituzte, eta solairu bat itxi dute.

Bi erizain COVID-19a atzemateko testak egiten, Zarautzen, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio, FOKU

Abuztutik izan den kutsatu kopururik apalena atzeman dute Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak eta Osasunbideak 284 kasu zenbatu dituzte igandean, eta positiboen ehunekoa %4,8 izan da. 139 lagun daude ZIUetan erietxeraturik.

Gaurko aurkezpena ©Berria

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako telefonoan 1.961 lagun artatu dituzte

Irati Urdalleta Lete

Konfinamenduaren ondorioz, protokoloa aldatu dute: emakumeei monosilaboekin erantzuteko aukera eman diete, gizonezkoa ez konturatzeko. Zerbitzura jotako 596 emakumek (%48,1) tratu txar fisikoa pairatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna