Euskal presoak. Sakabanaketaren ondorioak

Urteen zama eta distantziaren urruna

Adineko senide askok bidaia luzeak egin behar izaten dituzte gertukoak ikusteko, osasun eta mugikortasun arazo ugariri aurre eginez. Ahalegina egiten segitzeko prest daude, baina badakite urruntzea bukatuz gero dena errazagoa litzatekeela.

Rafa Solana, Izarra Larraona, Glori Lasarte eta Benjamin Badiola, atzo, Bilbon, manifestazioa hasi aurretik. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Presoen urruntze eta sakabanatzeak baditu atzean hainbat errealitate eta egoera berezi. Horietako batzuk ezagunak dira behin baino gehiagotan salatuak izan direlako; beste batzuk, aldiz, ezkutatu antzean egon dira duela gutxi arte, eta oraintsu hasi da horien inguruan argia egiten. Haur motxiladun edo gurasoak ikusi ahal izateko kilometro luzeak egin behar izaten dituzten haurren arazoa, esaterako, aspaldikoa da, baina duela gutxi hasi da iritzi publikoa arazo horren tamainaz jabetzen.

Pelikula batek —Motxilaren haurra izenekoak— azaleratu zuen ume horien errealitatea, eta aurrekoaren talde berak egindako beste pelikula batek—Azken arnasa arte du izenburu— atera du argitara beste errealitate gordin bat: adineko senideena. Urteen zamari eta, behin baino gehiagotan, osasun pattalari aurre eginez, senide horiek sekulako ahalegina egiten dute euren gertukoak bisitatzen jarraitzeko.

Rafa Solanak 75 urte ditu, eta Algecirasen (Espainia) du semea, Jon Solana presoa, Euskal Herritik 1.100 kilometrora. 2000. urtetik dago espetxean, nahiz eta lehenago beste kartzela batzuetatik igaro den.

Luzea eta garestia izaten da harainoko bidaia: «Benalmadenan (Espainia) apartamentu bat dugu, eta hori baliatzen dugu gaua han pasatzeko, ostiralean. Handik espetxera 120 kilometro inguru daude. Bisitaren ostean, larunbat gaua ere han eman, eta igandean itzultzen gara».

Gidatzea gogoko duela dio Solanak, eta, adinak uzten dion bitartean, autoa eramaten jarraitu nahi du. Hori bai, bigarren eskuko autoa izaten du —hirugarrena du oraingoa—, eta zaharraren zaharrez bazter uzten duenean, zenbagailuak kilometro kopuru ikaragarria markatzen du. «Lehenengoak, esaterako, 60.000 kilometro zituen erosi nuenean, eta 560.000 kilometrorekin utzi nuen».

Benjamin Badiola Asier Badiola preso ondarroarraren aita da, eta 71 urte ditu. Semea 2010ean atxilotu zuten, eta Espainiako zenbait espetxetan egon ondoren, Picassentera eraman zuten (Valentzia, Herrialde Katalanak), Ondarroatik 650 kilometrora.

Duela gutxi arte, bere autoan joan izan da Badiola, emazte eta beste zenbait seniderekin batera, berak gidatuta: «Madrilera joaten ginenean, goizetik irteten ginen, bisita egin eta gero buelta egiten genuen. Gazteagoa ere banintzen, kilometro gutxiago ziren eta trankilago joaten nintzen. Baina orain, kilometro asko dira joan eta etorri egiteko, eta, autoan joatekotan, hotela hartu behar izaten dugu».

Horregatik hasi dira bidaia Mirentxinekin egiten. Senideak kartzeletara eramaten dituzten boluntarioen elkartea da Mirentxin. «Bariku gauean irteten gara; gero, Bilbon, Donostian edo Iruñean senide gehiago hartu, gaua bidaian eman eta goizean bisita izaten dugu. Eguerdian itzuli, eta zapatuan ailegatzen gara. Ez dugu hotelik edo horrelakorik hartu behar».

Badiola oso pozik dago Mirentxinek eskainitako zerbitzuarekin: «Oso gidari onak dira, jende jatorra, eta sekulako lana egiten dute; debalde, gainera. Lehenengo aldiz andrea eta biok joan ginenean, Durangoko neska batzuk etorri ziren gidari; bat medikua zen, eta bestea, psikologoa. Neska gazteak, bariku gau batean, parrandan egoteko sasoian, eta han zeuden, edozertan laguntzeko prest. Harrituta geratu nintzen».

Izan ere, Ondarroatik Picassenterako bidea ez da gozoa. 2017ko martxoan, Asier Badiolaren lagun bik istripua izan zuten, presoa bisitatzera zihoazela. «Guri, zorionez, ez zaigu horrelakorik gertatu, baina, adibidez, joan den zapatuan, hara joan ginenean, zero azpiko zazpi gradu markatzen zuen, eta Zaragozaraino gurma itzela izan genuen. Atzerako ispiluetan kandelak egin zitzaizkigun, hotzagatik».

Zigor Merodio bilbotarra 2006an atxilotu zuten, Bordelen (Frantzia). Fresnes eta Saint-Matin-de-Reko espetxeetan egon ondoren, Mont-de-Marsanera hurbildu dituzten presoetako bat da. Haren ama Izarra Larraonak dioenez, «egoera hobea zen Ren, baina orain hurbilago dago; kide gehiago ditu, orain hamabost euskal preso daudelako, eta bera pozik dago; niretzat, hori da inportanteena».

Denak gogotsu daude, baina adinak ez du barkatzen. Badiolak arazoak izan zituen bihotzean, eta Glori Lasarte emaztea ere makal ibili da; Solanak minbizia izan zuen; haren arrebak 83 urte ditu, osasun arazoak ditu eta hamar urte dira loba ikusten ez duela; Larraonak ere minbizia izan zuen; senarrari bost aldiz egin diote ebakuntza, eta orain kimioterapia hartzen ari da. «Baina semea ikusiko duela jakiteak bizia ematen dio», dio emazteak. «Bisiten aurretik piztu egiten da».

Ahal duten bitartean, hurbilekoak bisitatzen jarraitzeko asmoa dute, «burua besazpian daramagula bada ere», Larraonak dioen moduan. Baina badakite urruntzea bukatuko balitz, gauzak askoz errazagoak liratekeela. Eta beren eskubidea dela sinesten dute fermuki. «Presoak ekartzeko, ez da beharrezkoa legean koma bat ere aldatzea», dio Solanak; «orain ez dituzte hurbildu, mugitu baino ez dituzte egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.