'Inposizio' hotsak, Madrilen erritmora

Euskararen aurkako jarreren gogortzeaz galdetu die BERRIAk Ricardo Feliu soziologoari eta Maite Inda euskaltzaleari. «Birzentralizazio nahia» eta «interes elektoralistak» ikusten dituzte fenomeno horren atzean.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Heldu den ekainaren 2an, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren kontrako manifestazioa eginen dute Iruñean. Ofizialki, bi «kultur elkarte» ultrakontserbadorek antolatu dute protesta, baina atxikimendua adierazi diote jada UPNk eta PPk. Manifestazioaren oinarri nagusia izango da euskara sustatzeko neurrien ondorioz erdaldun elebakarrak «diskriminatuak» daudela Nafarroan. Ez da argudio berria, inondik inora. Espainiar nazionalismoak eta, horren barruan, nabarrismoaren sektore zabal batek hamarkadak daramatzate euskararen kontrako ezinikusia zabaltzen.

Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren agintaldietan, oso ohikoak ziren «euskararen politizazioa» salatzen zuten mezuak euskalgintzari lotutako edozein egitasmo atzera botatzeko. Barcinak berak jomugan jarri zituen D ereduko zenbait ikastetxe, testuliburu eta hezitzaile, «ETAren jarduna goratzen eta haurrak doktrinatzen» ari zirela iradokita. Espainiako 13TV telebista katean egin zituen adierazpenok, 2013ko abenduan: «Euskararen etsairik handienak abertzale erradikalak dira, hezkuntzan infiltratuta ari baitira eskolak ematen». Elkarrizketa berean, lorpena balitz bezala aurkeztu zuen D ereduko matrikulazioaren beheranzko joera,«ingelesezko programen ezarpenari esker» gauzatua.

NUPeko Soziologia irakasle eta politologo Ricardo Feliuren ustez, UPNren «aspaldiko obsesioa» da euskararena. «Honek ez du berritik ezer, baina, noizean behin, gogortu egiten dute diskurtsoa, gehienetan Madrilgo hedabideei begira; izan ere, Espainian ongi saltzen da euskararen inposizioari lotutako konspiranoia».

Adituaren ustez, azken hilabeteotako oldarraldia «Nafarroako oposizioaren beltranizazio prozesu baten ondorio gisa» ere uler daiteke. «PPko Ana Beltranen diskurtsoak entzuteko ohitura dugunoi ez digu harridura sortzen; finean, hori da haren rola, legealdi hasieratik erabili duen estrategia politikoa: iskanbila eta demagogiarena».

Hala ere, Beltranen jarrera horrek segida izan du Espainian, soziologoaren ustez: «Kataluniako gatazka politikoa piztu zenez geroztik, hizkuntza gutxituen aurkako estrategia martxan jarri du Espainiako PPk oposizioan dagoen erkidegoetan. Eta hori ikusita, UPN eta PSN ere hasi dira inposizioaren mamua astintzen; zein baino zein beligeranteago agertu nahi dute euskararen kontra, mozkina aterako dutelakoan».

Maite Inda Iruñeko euskalgintzako kideak bat egin du Feliurekin, estrategia «planifikatu» bat dela iritzita: «Ez da fobia pertsonal bat, estatu auzi bat baizik. Apirilaren 13an Abc egunkariak argitaratutako lerroburu nagusia ikusi besterik ez dago: 'Nazionalismoak espainola ezabatu nahi du'. Hori ez da kasualitatea». Indaren ustez, «birzentralizazio prozesu betean» dago Espainia: «Kataluniaren aitzakiarekin, trantsizio garaian zintzilik utzitako hainbat auzi lotu nahi dituzte, eskubideetan atzera egin eta estatu zentralistago bat lortze aldera».

Estrategia orokor horren barruan, Nafarroakoa «kasu berezia» dela uste du euskalgintzako kideak: «UPNk boterea galdu izanak badu zer ikustekorik, oposizioan egoteak bortitzago aritzera behartzen dituelako; bestalde, urtebete gelditzen da hauteskundeetarako. Borroka gordinerako prestatzen ari dira UPN, PP eta PSN, eta aspaldi erabaki zuten euskara arma gisa erabiltzea».

Oldarraldi hori ikusita, «kezka» agertu du Indak, «oposizioari oso merke ateratzen baitzaio euskararen inguruko eztabaida zikintzea». Feliuren ustez, ordea, eskuinak abiatutako estrategia ez da egokia: «Nafarroako gizartea ez da haiek aurkeztu nahi duten modukoa, eta euskararen kontra sutsuki aritzeak ez die mesederik eginen».

«Zertarako behar du albaitari batek euskara?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.