Betis 1-1 Eibar

Asko balio du puntuak

Berdindu egin du Eibarrek Betisen zelaian, markagailuan aurretik jarri bada ere. Lehen zati orekatua jokatu eta gero, bigarrenean gehiago izan dira etxekoak

Canales Betisekoak jokaldi honetan egin zion atzo penaltia Escalanteri. JULIO MUÑOZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Orellanak (penaltiz, 34.). 1-1: Lorenek (66. min.). Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Betiseko Fekir, Mandi; eta Eibarreko Bigas, Arbilla, Escalante (2), Tejero, Diop. Txartel gorria: Eibarreko Escalanteri (91. min.). Bestelakoak. 55. 000 ikusle Villamarinen.

Eibarrek ez zuen partida ona egin ato Betisen zelaian, baina gutxienik, berdinketa ekarri zuen etxera, eta puntua ona da. Hirugarren berdinketa du Jose Luis Mendilibarrek taldeak liga honetan, Iruñean eta Levanteren zelaian ateratakoen ondoren.

Espero ez zen erabaki bat hartu zuen entrenatzaileak hamaikakoan, Bigas hasieratik eta atzealdeko ezker hegalean jarri zuelako, Arbilla erdiko atzelari utziz. Aurrelari bakar bezala Kike ikustea ere ezustea izan zen.

Baita Eibarrek erakutsi zuen estrategia ere, neurri batean. Izan ere, sua iragarri zuenak suhiltzaile lana bereganatuta ekin zion partidari. Mendilibarrek bezperan iragarri zuen armaginak goian estutzera aterako zirela, baina ez ziren presioa lantzen hasi hamargarren minutura arte. Bitarte horretan, Betiseko erdiko atzelariei baloia ukitzen utzi zieten. Etxekoen barruko jokoa ixten ondo ari zen Eibar, eta lehen hamar minutuak makalak izan ziren, kanpotarren onerako. Etxekoen ezina agerian uztea lortu zuten.

Betisek ezkerretik ezkerrera joz, Eibarren atzelari lerro osoa pase batekin gainditu eta gero ekin zion presioari Mendilibarren taldeak. Baloia areetatik gertuago azaltzen hasi zen, baina hogei jokalariren artean ez zegoen inor buruko argia pizturik zuenik. Argirik gabe, ilunpea nagusi. Eibarrek ere ezkerretik jo zuen gehienetan, Inui baliatuz, baina ezin etekinik atera etxekoen jokalari ohiak. Betisek harrotu zuen sua 21. minututik 30.era bitartean, eta hiru aukera garbi izan zituen. Hirurak jokaldi berdinak izan ziren: baloia gurutzatu Eibarren atzelarien bizkarrera, eta hiruretan atetik oso gertu etxekoak. Alex Morenok kanpora bota zuen baloia lehen aukeran; jokalari berberak atzera egindako paseari jaurtiketa ona gehitu zion Lorenek, baina erantzun hobea Dmitrovicek; eta hirugarrengoan, Borja Iglesiasek sarera bota zuen Lorenen pasea, ateko zuloan, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen gola, Lorenek zelaitik kanpo astindu zuelako baloia, VAR-aren erabakiz.

Handik hiru minutura egin zion oparia Betisek Eibarri: penaltia Canalesek Escalanteri korner batean, eta Orellanak gola sartu zuen, aurreko astean Sevillari egin zion bezala.

Etxekoen mende, ondoren

Bigarren zatian, Betisek zelai-erdia indartu zuen Fekirrekin eta hegalekoekin, eta barrutik ekinez, Eibar menderatzen hasi zen. Gola 66. minutuan egin zuen Lorenek, VAR-ak balioa eman eta gero. 92. minutuan, baliorik gabe utzi zuen, aldiz, Borja Iglesiasena, eta bigarren zatia nola joan zen ikusita, puntuarekin saltoka hasteko moduan da Eibar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.