Trumpek haur migratzaileen babesa eskaini du, hormaren truk

ander perez zala
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adingabe papergabeen —ameslarien— eskubideak hiru urtez bermatzeko eskaintza egin zion atzo Alderdi Demokratari, trukean Mexikoko mugan eraiki nahi duen hormaren funtsa lortzeko. Errepublikanoak eta demokratak aurrekontua adostu ezinik daude murruaren auziagatik, eta, horren ondorioz, shutdown delakoa gertatu da: lau aste dira AEBetako administrazioa itxita dagoela, eta neurriak 800.000 langileri eragiten die. Inoizko itxiera luzeena da, errekorra joan den astean gainditu baitzuen.

Trumpek 4.900 milioi euroko diru sail bat jaso nahi du aurrekontuetan horma eraikitzeko—hauteskunde kanpainako promesa bat da—, baina Alderdi Demokrata ez dago prest beharrezkoa ikusten ez duen azpiegitura batean dirutza hori gastatzeko. Atzoko proposamena onartuz gero, ameslarien babesa hiru urtez bermatuko lukeen BRIDGE legea onartu beharko lukete demokratek. Izan ere, adingabe papergabeak babesten dituen DACA programa ordezkatu nahi du Trumpek BRIDGErekin; Barack Obamaren programak AEBetara 16 urte baino gutxiagorekin iritsitako papergabeak babesten ditu. Trumpek plana pixkanaka indargabetzeko asmoa zuen, baina, egun, erabaki hori blokeatu egin dute auzitegietan.

BRIDGE onartuz gero —demokratek gehiengo osoa dute Kongresuan—, DACA programaren parte diren eta programa horren parte izateko aukera duten adingabe migratzaileen eskubideak babestuta geratuko lirateke hiru urtez; ordea, ez lukete erraztasun handiagorik izango AEBetako herritartasuna lortzeko.

Trumpen eskaintza haren agerraldiaren aurretik filtratu zuten zenbait hedabidek, eta, horiek jakinarazitakoa kontuan harturik, Alderdi Demokratak erantzun zuen ez ziola baiezkorik emango.

Iaztik datorren arazoa

Haur migratzaileen eskubideen auzia konpondu gabe geratu zen iaz. Aurrekontuen negoziazioetan, ameslarien auzia mahai gainean egon zen, baina, azkenean, hori konpondu gabe onartu zituzten —errepublikanoek gehiengo osoa zuten Kongresuan—.

Trumpen iazko proposamena hauxe izan zen: migrazio politiken erreforma bat eskaini zuen, legez kanpo dauden 1,8 milioi migratzaileren egoera legeztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.