Ez dago saririk sufritu gabe

Espainiak penaltietan kanporatu du Suitza Eurokopako final-laurdenetan, bana berdindu ondoren. Italiak 2-1 irabazi dio Belgikari. Bi selekzioak elkarren aurka ariko dira finalerdietan

Italiako selekzioko jokalariak, Barellak sartutako gola ospatzen, partidako lehena, atzo, Munichen. MATTHIAS SCHRADER / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Zehaztuta dago Eurokopako lehen finalerdia: Espainiak eta Italiak jokatuko dute datorren asteartean, Londresen, Wembley estadioan. Espainiarrak Suitza kanporatuta sailkatu ziren atzo, San Petersburgon (Errusia): bana berdindu zuten, eta penaltietan nagusitu ziren. Italiarrek, berriz, 2-1 irabazi zioten Belgikari, Munichen (Alemania).

Biak finalaren atarikoan ariko dira, azkenekoz kanporaketa hori jokatu eta bederatzi urte geroago. Hain zuzen, Ukrainan eta Polonian jokatu zen ekitaldi horretako finalean izan ziren aurrez aurre, eta Espainia gailendu zen. Baina ez da hori Eurokopan elkarren aurka aritu diren azken aldia. Duela bost urte, Parisen, italiarrek mendekua hartu zuten final-zortzirenetan. Beraz, hirugarrenez jarraian neurtuko dituzte indarrak Eurokopako kanporaketetan.

Espainiak egin zituen lehenbizi etxeko lanak. Luis Enriquek entrenatutako selekzioak halamoduz hasi zuen Eurokopa, eta berdindu egin zituen lehen bi partidak, Suitzarekin eta Poloniarekin. Baina hirugarrenean, astindua eman zion Eslovakiari, eta garaipen horrek hauspotuta, goraka egin du. Final-zortzirenetan, luzapenean kanporatu zuen Kroazia, baina hura baino gehiago izan zen. Atzo ere Suitza baino gehiago izan zen, baina sufritu egin zuen berriro. Penaltietara itxaron behar izan zuen sailkatzeko.

Suitzak, ordea, agur esan du. Burua tente egin du. Inoiz ez zen horren urrun iritsi Eurokopan, eta Munduko Kopan ere hirutan besterik ez; azken aldiz duela 67 urte. Frantzia, munduko txapelduna kanporatu izanak distira gehiago eman dio egin duen lanari.

Hain zuzen, frantziarren aurka izandako zorteak bizkarra eman zien atzo suitzarrei. Lehenbizi, Zakariak bere atean sartu zuen gola, zortzigarren minutuan; 23.ean, Embolok hartu zuen min; 68. ean, Xaqirik banakoa sartu zuen, eta Suitzari indarra eman zion. Baina hamar minutu eskas iraun zuen oldarraldiak, Freulerrek sarrera gogorra egin baitzion Gerard Morenori, eta epaileak kaleratu egin baitzuen. Sommerren geldiketei esker, suitzarrak gai izan ziren berriz ere penaltietara iristeko. Baina, oraingoan, eskas aritu ziren 11 metroetatik: hiru penalti huts egin zituzten; Unai Simonek horietatik bi gelditu zituen. Oiartzabalek sartu zuen penalti erabakigarria, eta Espainia sailkatu.

Italiaren bolada bikaina

Gutxiago, baina sufrituta ere sailkatu zen Italia. Lehen zatia amaitzear zela, bi gol zen aurretik. Barellak sartu zuen lehena, 32. minutuan, eta Insignek, bigarrena, 44. ean. Ederrak izan ziren bi golak, eta itolarrian utzi zuten Belgika. Baina Di Lorenzok oxigenoa eman zion. Penalti inozoa egin zion Dokuri, eta Lukakuk 2-1ekoa sartu zuen lehen zatia amaitzear zela. Italia nagusi zen, baina 45 minutu falta ziren, eta estu zegoen emaitza.

Belgika gogotsu zelairatu zen berdinketaren bila, eta 61.ean gertu izan zuen, baina Spinazzolak Italia salbatu zuen. Nor baino nor gehiago ari ziren bi taldeak, eta edozer gerta zitekeen: batek partida erabakita uztea edo besteak berdintzea. Ez zen gertatu ez bata, ez bestea. Ez zen gol gehiagorik izan, italiarren mesedetan eta belgikarren kaltetan. Garaipenari esker, Roberto Mancinik entrenatutako selekzioak bolada bikainari eusten dio: 32 partida daramatza galdu gabe, ia hiru urte, eta irabazi egin ditu azken hamahiru lehiak, eta gol bakarra jaso du, Austriak final-zortzirenetan sartu ziona. Konfiantzaz gainezka ekingo dio Espainiaren aurkako finalerdiari.

Gaur geratuko da zehaztuta beste finalerdia. Txekiar Errepublika eta Danimarka ariko dira Bakun (18:00, Telecinco), eta Ingalaterra eta Ukraina Erroman (21:00, Telecinco eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.