Lehen abisua dirudi

Japoniako errugbi selekzioak aspaldiko ezustekorik handiena eman berri du, Munduko Kopan Hegoafrikari irabazita. Japoniarrek urteak daramatzate taldea indartzen eta atzerriko jokalariak nazionalizatzen.

Japoniako selekzioko jokalariak Hegoafrikaren aurkako garaipena ospatzen, joan zen larunbatean. GERRY PENNY / EFE.
Julen Etxeberria.
2015eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Joan zen larunbata. Brightongo (Ingalaterra) Community estadioa. Hegoafrikako eta Japoniako selekzioak daude parez pare, Munduko Errugbi Kopako lehen jardunaldiko partidan. Mundu bat dago bi selekzioen artean. Munduko Kopa bitan irabazi duen selekzio indartsua da bata; lehiaketa berean 27 partida jokatu eta bakarra besterik irabazi ez duen selekzio apala da bestea. Logikak dio Hegoafrikak oso erraz irabazi behar duela. Japoniak, ordea, plakaketa galanta egin dio logikari, eta irabazteko gai izan da: 34-32. Nahiko epiko ez, eta luzapenean lortu dituzte japoniarrek puntu erabakigarriak, Ayumu Goromaruk 84. minutuan egindako entsegu bati esker. Pozez zoratzen daude japoniarrak partida amaitu berritan. Ez da gutxiagorako, aspaldiko ustekabekorik handiena eman berri dute.

Garaipen ikusgarri horrek sinesgarritasuna eman dio Eddie Jones Japoniako hautatzaile australiarrari. «Munduko Kopako final-laurdenetarako sailkatu nahi dugu», aitortu zuen Jonesek txapelketa hasi bezperan. Ahoberokeriatzat jo zuten askok, eta egia esan, bazuten horrela pentsatzeko arrazoirik. Estatistikei erreparatu besterik ez zegoen. Japoniak aurreko zazpi Munduko Kopatan parte hartu zuen, eta guztira 27 partida jokatu. Bada, bakarra zuen irabazia, 52-8 Zimbabweri, orain 24 urte, Ingalaterrako Federazioak antolatutako ekitaldian. Halako zenbaki eskasekin, ulertzekoa zen sinesgarritasun gutxi eman izana Jonesen esanei. Hegoafrikaren aurkako garaipen bikainak, ordea, aldatu egin du askoren iritzia Japoniaz. Jada inork ez du ikusten apaingarri moduan, kontrario arriskutsua baizik. Japoniarren hurrengo aurkariak jakinaren gainean daude, Eskoziatik hasita —gaur ariko dira elkarren aurka, 15:30ean—.

2019ko ekitaldia, etxean

Japoniak Munduko Kopa honetan du burua, baina baita lau urte barru antolatuko duen ekitaldian ere. IRBk, errugbiko elkarte nagusiak, Japoniaren alde egin zuen kirol horretan tradizio handiagoa duten hainbat herrialderen kaltetan: Australia, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia, Gales eta Hegoafrika, besteak beste. Asian jokatuko den aurreneko ekitaldia izango da 2019koa, eta Japonian ez ezik, Txinan eta Singapurren ere jokatuko dira partidak.

Halakoetan gertatu ohi den bezala, txapelketa antolatzen duen herrialdeak goia jo nahi izaten du, eta, horretarako, direnak eta ez direnak egin. Japonia ez da salbuespena. 2009an aukeratua izan zenetik selekzioa indartzeko lanean dihardu. Nola? Batetik, etxekoa zainduz eta hobetuz. Eta, bestetik, etxean ez dagoena kanpoan bilatuz. Hala, Jonesek Munduko Kopa honetarako deitutako zerrendaren ia herena jaiotzez japoniarrak ez diren jokalariz osatuta dago. 31tik hamar dira atzerritarrak: sei zeelandaberritar, fijiar bat, hegoafrikar bat, tongatar bat eta australiar bat. Nazionalizatutako jokalarien fenomenoa, hala ere, ez da mugatzen Japoniako selekziora. Argentinakoa da Munduko Kopa honetan bertan jaiotako jokalariz soilik osatutako selekzio bakarra. Samoak, adibidez, hamahiru ditu, guztiak Zeelanda Berrikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.